Espetxeratzeko agindua eman du Fiskaltzak sanferminetako "abusu jarraituak" egin zituztenen aurka

Euskalerria Irratia 2018ko abe. 10a, 07:45

Auzitegi Gorenera jo eta kasazioko errekurtsoa aurkeztuko duela argitu du Fiskaltzak, "sexu abusu jarraitua" izan baino "sexu eraso jarraitua" egon zela iritzita.

Fiskaltzak 2016ko sanferminetan emakume bati "sexu abusu jarraituak" egitea egotzi dien bost kideak kartzelan sartzeko agindua eman dio Nafarroako Lurralde Auzitegiari. Joan den astean berretsi du Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak. Lurralde Auzitegiak bost gazte sevillarrei nagusikeriaz egindako sexu abusu jarraitu delituagatik ezarritako bederatzi urteko zigorra. Alabaina, bi epailek kontrako botoa eman zuten orduan, 2016ko sanferminetan gertatutakoa bortxaketa izan zela argudiatuta.

Fiskalak ostiral honetan bidalitako idatzian, epaileak espetxeratze agindua eman aurretik egin ohi duten saioa lotzeko ere eskatu dio Lurralde Auzitegiari, ohar baten bidez jakinarazi dutenez. Idatzian zehaztu dute, behin bederatzi urteko kartzela zigorra berretsita, beharrezkoa dela auzipetuek zigor hori beteko dutela ziurtatzea. Horregatik, zigortutako bost kideek alde egin ez dezaten, berehala espetxean sartzea eskatu dio Nafarroako Lurralde Auzitegiari.

Halaber, Auzitegi Gorenera jo eta kasazioko errekurtsoa aurkeztuko duela argitu du Fiskaltzak, "sexu abusu jarraitua" beharrean, "sexu eraso jarraitua" egon zela iritzita. Horixe da, hain justu, hasiera batetik Fiskaltzak esandakoa.

Esan bezala, bost epaileetatik bi (Joaquin Galve Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko presidentea eta Miguel Angel Abarzuza) bat zetozen Fiskaltzak emandako arrazoibideekin. Horri dagokionez, bi epaileek arrazoitu zuten larderiaz egindako erasoa izan zela, biktimak ez ziela horretarako baimenik eman eta "modu intuitiboan" erantzun zuela.

Horien iritziz, beraz, larderiaz jokatu zuten eta iraingarria izan zen gertatutakoa. Gainera, jazotakoa are larriagotzat jotzen dute erasoan pertsona batek baino gehiagok parte hartu zuelako.

Gauzak horrela, intimitatearen aurkako delitua onartzeak auzipetuen zigorrak handitzea ekarriko luke. Aurretik ezarritako zigorrari 2 urte eta 10 hilabeteko kartzelaldia gehituko liokete.

Akusazioen eta Fiskaltzaren irizpideen artean, ordea, alde handia dago. Sanferminetan gertatutakoa bortxaketa izan zela dio Fiskaltzak; bost auzipetuen abokatuek, aitzitik, helduen arteko sexu-harreman baimenduak izan zirela berretsi dute.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!