Euskaraldiarekin hasitako bideari jarraipena ematea da erronka berria

Euskalerria Irratia 2018ko abe. 4a, 13:10

Euskaraldiaren balorazioa egin dute gaur Donostian.

>Euskaraldia arrastoa utziko duen esperimentu handia izan dela azpimarratu dute ekimenaren sustatzaileek.
>Izena eman duten herritarretatik haragoko eragina izan du ariketak hizkuntza portaera eta ohituren gaineko hausnarketa eta aldaketak bultzatuz.
>“Hasi besterik ez da egin”, adierazi dute antolatzaileek egindako balorazioan.

“Ahobizi eta Belarriprest rolak geratzeko etorri dira, hau hasi besterik ez da egin”, adierazi dute Euskaraldia antolatu eta sustatzen aritu diren eragileak Donostian egindako prentsaurrekoan. “Euskaraldia: 11 egun euskaraz” ekimenaren balorazioa egiterakoan Euskaraldia ariketa masiboa izan dela eta herritarren artean eragin nabarmena izan duela azpimarratu da. Halaber, gizarteak beste behin euskararen normalizazioarekiko konpromisoa agertu duela gogoratu dute antolatzaileek, eta euskararen alde aktiboki eragiteko prest agertu dela nabarmendu.

Ariketaren helburua herritarrengan hizkuntza ohituren inguruko gogoeta eragitea eta hizkuntza portaeratan aldaketa zehatzak bultzatzea izan da. Baina Euskaraldia epe luzerako lan baten abiapuntua dela ere azaldu dute balorazioa egin duten entitateetako ordezkariek. Ahobizi eta belarriprest rolak sakontzen eta zabaltzen jarraitzeaz gain, aurten bidelagun izan diren elkarte, enpresa, erakunde eta era guztietako entitateetan euskararen erabilera zabaltzeko neurriak bultzatuko dira hurrengo urteetan. Gizarte aldaketa eragiteko urrats bat eman du aurten Euskaraldiak eta, epe luzerako lana izanik, beste urrats batzuen abiapuntu izan dela esan dute antolatzaileek.   

Inertziak astintzeko esperimentua izan da Euskaraldia. Horrela, parte hartzaileengan eragindako gogoetaz gain, balio izan du “ahobizi portaerak dituen zailtasunez ohartu” eta “belarriprest bakoitzak egiten duen ekarpena bistaratzeko”. Horrela, ulermenak euskararen erabilerari zabaltzen dizkion aukerak ariketan ikusi ahal izan direla azaldu da, eta (euskaldunon) ikusgaitasuna Euskaraldiaren elementu garrantzitsuetako bat izan dela nabarmendu. 

Izena eman duten herritarretatik haragoko eragina izan du Euskaraldiak, eta parte hartzaileen aldetik jaso diren bizipen eta mezuek erakusten dute ekimenak jende askoren harremanetan aldaketak eragin dituela egunotan. Edonola, Euskaraldia abiatu aurretik hasi zen ikerketa martxan egongo da oraindik hilabete batzuetan, eta 2019ko udan jakin ahal izango da ekimenak izan duen eragina, bai Euskaraldiak iraun duen 11 egunetan eta baita hurrengo hilabeteotan ere.

Azkenik, herriz herri aktibatu diren euskaltzale sareak eta era guztietako entitateak eskuz esku arituta eragin ahalmena biderkatu egin daitekeela frogatu du Euskaraldiak. Horregatik, etorkizuneko proposamen berrituetan elkarlan giro honetan sakontzen jarraitzeko deia egin da.

Euskaraldian parte hartu duten guztiei eta herriz herriko antolaketa taldean aritu direnei eskerrak emanez amaitu da gaurko balorazio agerraldia.

Gaurko Donostiako prentsaurrekoan parte hartu dute Euskaraldia antolatzen aritu diren erakundeetako ordezkariak (koordinazio mahaia osatzen duten Euskaltzaleen Topagunea, Eusko Jaurlaritza, Nafarroako Gobernua, Euskararen Erakunde Publikoa eta Euskal Hirigune Elkargoa) eta sustatzaile sarea osatu duten entitateen hainbat ordezkarik.

1.- Ariketa sozial masiboa

Euskaraldia ariketa sozial masiboa izan da, gizartean eragin nabarmena izan duen esperimentu handia. Ez dugu horrelako pareko ariketarik ezagutzen. Euskaraldiak balio izan du hiztunek beren portaera linguistikoen gaineko hausnarketa egin dezaten eta herritar horien portaeratan aldaketa praktikoa eragiteko.

Aurreikuspen eta espektatiba guztiak gainditu dituen ariketa izan da Euskaraldia, kopuruetan, baina batez ere, herritarrengan izan duen eraginean. Inor gutxik espero zuen onarpen eta jarraipen maila izan du Euskaraldiak eta parte hartzaileetatik harago izan du eragina. Ohiko euskaltzaleen multzotik harago, euskaraz bizitzeko urratsak eman nahi dituen komunitatearen mapa osatzeko balio izan du ariketak. Horretaz gain, euskararen erabilera, ulermena eta hizkuntza ohiturak elkarrizketa askotako erdigunean egon dira egunotan.

Gizarte honek beste behin erakutsi du euskararen normalizazioaren alde dagoela eta aktiboki parte hartu nahi duela horretan.

2.- Bidearen hasiera

Euskaraldia bide baten hasiera izan da. Herritarrengan gogoeta eragitea eta ohitura aldaketa zehatzak lortzea ziren aurtengo Euskaraldiaren helburuak, baina epe ertain edo luzeago batean, askoz sakonagoa eta zabalagoa izango den aldaketa bat bultzatzeko lehen urratsa izan da ekimena.

Herritarrak izan dira lehen ariketaren protagonistak, berauek eman dute lehen urratsa, eta horiei gizarte honetako eragileak gehitu behar dizkiegu hurrengo urteetan. Aurten ekimena antolatu, babestu eta sustatu duten mota guztietako entitateek oinarri sendoa ematen diete hurrengo urteetan eman beharreko urratsei.

3.- Gizarte aldaketa

Euskaraldia ez da ekimen jendetsu bat izateko sortu soilik; gizarte aldaketa eragiteko sortu da, hizkuntza portaera eta harremanetan sakoneko eragina izateko. Gizarte aldaketak epe luzekoak dira, eta ariketa honek abiapuntua markatzea du xede.

Bide luzea dugu oraindik egiteko, baina lehen bultzada honekin, bideari ekin diezaiokegula frogatu da.

Gizarte aldaketa honek, gainera, hizkuntza ohituren aldaketatik harago doazen askoz elementu gehiago behar ditu. Euskaraldiak elementu horietako batean eragiten du, ez guztietan.

4.- Eragina neurtzen

Euskaraldia hizkuntza ohiturak eta inertziak astintzera etorri da. Eragin zehatza hurrengo hilabeteetan ezagutuko dugu, egiten ari den ikerketari esker. Ikerketaren lehen fasea Euskaraldia hasi aurreko egunetan egin zen eta hurrengo bi faseak aste honetan (bigarrena) eta 2019ko martxoan (hirugarrena) egingo dira. 2019ko udan ezagutuko ditugu emaitzak.

Edonola, jaso ditugun bizipen eta mezuek erakusten dute ekimenak jende askoren harremanetan aldaketak eragin dituela egunotan. Herritar askok klika egin du: gogoeta eta portaera aldaketa eragin duen klik bikoitza.

5.- Inertziak astindu

Ariketaren bidez hiztunek beren portaeren gaineko gogoeta egitea lortu da: parte hartu dugunok kontzienteago gara gure hizkuntza inertziez, ahobizi izateak dituen zailtasunak ikusi ditugu eta belarriprest bakoitzak egin dezakeen ekarpena handia dela bistaratu dugu. Inertziak astintzeko lehen urratsa da hori eta jakin badakigu, askok egin duela saiakera hori. Ahobizi eta belarriprest rolak geratzeko etorri dira, portaera hauek ibilbide luzea izango dutela deritzogu.

6.- Ulermena eta ikusgarritasuna

Ulermenak ateak zabaltzen dituela agerian geratu da Euskaraldian. Identifikazioak inguruan euskara ulertzen duen uste baino jende gehiago dagoela ikusarazten lagundu du. Horrek euskaraz aritzeko aukera berriak aurkitzea eta  portaera proaktiboak zabaltzea ekarri du. Gero eta jende gehiagok ulertzen du euskara (ulertu, gutxienez). Honek aldaketa handiak ekarriko ditu etorkizunean, gizartea prest badago.

Ikusgarritasuna izan da Euskaralditik nabarmendu behar den beste elementuetako bat. Partaideen arteko konplizitatea sarri aipatu da bizipenetan, eta parte hartu ez duten herritar askok ere ariketaren berri izateko balio izan du.

7.- Bizipenen mapa erraldoia

Eraginen artean, batez ere, milaka pertsonen bizipenetan izan duena azpimarratu beharra dago. Bizipenen mapa erraldoia ari gara sortzen, ohitura aldaketa eta hizkuntza portaera zehatzek eragindako bizipenen mapa bizia.

Familian, lanean, lagunartean, zerbitzuetan edo administrazioan era guztietako esperientziak jaso ditugu egunotan. Horietako asko lorpen eta bizipen positiboak izan dira, baina zailtasunak ere egon dira tartean. Inertziak apurtzeak eta ohiturak aldatzeak denbora eta ahalegina eskatzen dute.  

8.- Aktibazioa eta elkarlana

Mugimendu handia ekarri du Euskaraldiak. Herriz-herri milaka lagun eta ehunka erakunde aritu dira eskuz esku ariketa soziala antolatzen. Lan dinamika berriak (eta sendoak) ikusi ditugu eta gizarte eragileak, erakunde publikoak eta bestelako entitateak batera arituta eragin ahalmena asko handitzen dela ikasi dugu. Hizkuntzaren normalizazioan bide erakusle izan daiteke hau.

9.- Euskal Herri osoan, euskaltzaleak aktibatuta

Euskaltzaleak herriz herri aktibatu direlako, ia euskararen lurralde osoan antolatu da Euskaraldia. Lehenik zeuden sareak indartu eta sare berriak sortu dira ekimenaren bueltan. Tokian tokiko euskalgintza antolatu honek hurrengo urteetan jarraipena izatea erronka da guretzat. 

10.- Entitateak lagun

Horrelako gizarte aldaketa handi baterako, hiztunek entitateak behar dituzte ondoan, neurri ausart eta proaktiboak hartuko dituzten erakundeak: enpresa, elkarte, erakunde publiko edo besteko entitateak.

Aurten atxikimendu handia jaso du Euskaraldiak eta pozgarria da hori. Hurrengo urteetan, hizkuntza portaera hauek babestuko dituzten neurri zehatzak hartzeko abiapuntu garrantzitsua da.  

11.- Etorkizuna

Bide honek jarraipena behar du eta balorazio sakonagoen zain, Euskaraldiak edizio berriak izango dituela aurreratu daiteke. Ahobizi eta belarriprest rolak (eta rol horiek dituzten portaera zehatzak) zabaltzen eta sakontzen jarraitu behar dugu. Herritarrek eta erakundeek eskutik jarraitzea behar-beharrezkoa da, aldaketak gizartean txertatu eta egonkortu daitezen.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!