Nafarroarentzat etorkizun hobea izateko konpromisoa hartu du gobernuak

Euskalerria Irratia 2018ko abe. 4a, 08:09

Uxue Barkosen esanetan, "egun, ilusioz eta konfiantzaz begiratu ahal diogu etorkizunari. Nafarroa solidarioago, modernoago, pluralago, oparoago, aurreratuago eta kohesionatuagoaren oinarriak finkatu ditugu, geroak ekarriko dizkigun erronka zirraragarriei gogotsu aurre egiteko".

Jendaurreko agerraldian, Uxue Barkosek halakoxe parekotasuna ezarri du, 2018ko Nafarroako Urrezko Domina irabazi duen Saray elkartearen berezko lau balioren –"elkartasuna, kemena, itxaropena eta ahalegina, nafar gizartean ere oso sakon errotuta dauden balioak"– eta nafarrek ondorengo hilabete eta urteetako erronkei aurre egiteko erabili beharreko jarreraren artean.

Honela, Nafarroako Lehendakariak elkartasunaren balioa azpimarratu du, "den-denok bat eginda aurrera egin dezagun", eta inondik ere errazak izango ez diren erronkak aipatu ditu; iraultza digitala, kasu. Halaber, Barkosek ziurtatu du "kanpoko klima ekonomikoa zalantzak sortzen hasia dela eta honek eragin zuzena izango duela Nafarroan. Hala ere, nik uste dut baldintza hobeagoetan aurre egiteko gai izango garela, izan ere, azken urteotan, gure ereduaren zimendu nagusiak indartzea lortu dugu: hezkuntza, osasuna, mendekotasunaren arreta, berdintasuna, berrikuntza edo ingurumena, inor bide-bazterrean ez gelditzeko babes sozialeko sistemarekin batera".

Klaustro isabeldarraren ikuspegi orokorra, Barkos Lehendakariaren agerraldian. () 

Alabaina, Uxue Barkosek bestelako mehatxuak ere izan ditu hizpide: "Olatu xenofobo berri bat sortzen ari da Europan nahiz Atlantikoaren beste aldean. Ez da urruneko mehatxua. Gu ez gara errealitate horretatik kanpo bizi. Eta ongi baino hobeki ulertu behar dugu geure esku dagoela horren aurka egitea. Oso arma zehatzak ditugu horretarako: demokraziaren armak eta gizarte-eredu bidezko eta zuzena eraikitzearen aldeko armak".

Horregatik, bigarrenik, kemenaren balioa aldarrikatu du beldurraren aurrean. "Gizarte bezala, ezin gara kokildu gu erosionatzea, desanimatzea, gogogabetzea eta gorrota eta konfrontazioa zabaltzea helburu dituzten diskurtsoen aurrean. Etorkizunari begiratu behar diogu, gure aukerarik eta bertuterik onenetan sinetsiz, eta ausartziaz jokatu behar dugu". Horren harira ziurtatu du nafar gizartea ausarta dela, "era guztietako desberdintasunei aurre egitea xede duena".

 

Hirugarrenik, Nafarroako Lehendakariak ahaleginaren balioa erreibindikatu du. Gogoratu duenez, "Nafarroak egun bizi duen errealitatea ez da inolaz ere ausazkoa: nafar gizarteak ahaleginaren, lanaren eta konpromisoarn bidezidor gogor eta segurua hautatu du beti". Hori dela eta, Barkosek esan du, "orain arte lortutako aurrerabidean jarraitzeko eta abangoardian kokatzeko, nahitaezkoa dugula gure aukerei probetxua ateratzea, gutako bakoitzak eman dezakeen onena emanez. Gure arteko desberdintasunen onarpenetik eta errekonozimendutik, gure aniztasunetik, gure pluraltasunetik... horren aberatsak egiten gaituen pluraltasunetik abiatuta. Pluraltasuna eta aberastasuna, aberastasun linguistikoa ere, gu guztiok harrotzen gaituzten bi hizkuntzen altxorrari esker".

Azkenik, Barkosek itxaropena aipatu du zailtasunei aurre egiterakoan. "Konfiantza osoa dut gure etorkizunean. Ez da optimismo itsua, oinak lurraren gainean dituen optimismoa baizik. Ziur nago onena iristeko zain dagoela", adierazi du. "Baina horretarako, eraikitzen, lan egiten eta borrokatzen jarraitzeko gauza izan behar dugu. Den-denok bat eginda. Sarayk irakatsi digun bezalaxe: elkartasunez, kemenez, ahaleginez eta itxaropenez. Horrela, gure seme-alabak harroaraziko dituen Nafarroa eraikiko dugu", ziurtatu du Nafarroako Lehendakariak.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!