Zer da zuretzat, pertsonalki, 30 urte betetzea?
30 urte betetzeak dakarren krisia aipatzen da gehienetan hiru hamarkadaz hitz egitean. Oraindik iritsi ez zaidan zerbait da niretzat, nik 26 urte ditut eta. Krisi hori iritsiko den edo ez pentsatu baino, gaur egun nahiago dut pentsatu 30 urteak eta gehiago betetzera iritsiko naizela.
Nik 26 urte ditudan honetan, irratiak 30 urte bete ditu. Beraz nolabait, kolektiboki, bete ditut 30 urte horiek irratiarekin batera. Hasieran nintzen hemen lanean, eta pozgarria izan da 30 urte geroago sendo dagoen irrati honetan lan egitea. Urteurrenaren harira, behin baino gehiagotan begiratu dugu atzera, hasiera gogoratzeko, bilakaera birgogoratzeko… eta hori niretzako oso aberasgarria izan da. Nire lankideek ez bezala, nik ez ditu lizentziarik gabeko une gogor horiek barrutik bizi. Kanpotik jaso izan dut irrati honek egindakoa, edo sufritutakoa. Orain barruan nagoela komunitateari zor zaion guztiaz jabetu naiz. Eskertzekoa da hori.
Zure osaba, Mikel Zabalza, tortura zantzuekin Endarlatsan gorpu agertu zela 33 urte bete dira egunotan. Zer eragin izan du zu sortu aurreko gertakari horrek zure bizitzan?
Abenduaren 15ean beteko dira 33 urte nire osabaren gorpua agertu zela. Atxilotu eta hil azaroaren 26ean egin zuten, hau da, astelehen honetan bertan. Igandean oroimen ekitaldia egin zitzaion Orbaizetako Olan. Azaroa eta abendua bitartean bereziki eragiten du familian orduan gertatutakoak. Beti dugu gogoan, ezagutu zutenek modu batera eta ezagutu ez genuenok beste modu batera. Data hauek bereziki gogorrak egiten zaizkit niri.
Nik ez nuen nire osaba ezagutu, baina nire bizitzaren parte izan da beti (gainerako senideak diren bezala). Tamalez, nik bere heriotzari lotutako ekitaldiak eta elkarrizketak ditut gogoan beraren inguruan pentsatzen dudanean. Besteen oroitzapenekin irudikatzen dut izan zena; eta hori oso gogorra da. Dena den, kapaza naiz, ezagutu gabe ere, nire osaba gogoratzeko, eta hori garrantzitsua iruditzen zait. Nire osabaren auzian ez da justiziarik egin, ez da egia aitortu, ez da errepaziorik egon. Horregatik oroimenenan izatea ezinbestekoa dela iritzi diot. 33 urte igaro dira ordutik, eta oraindik ere urtero jasotzen dugu jende horren elkartasuna. Gertakarien ondoren, oso nabarmena izan zen babes hori; baina oraindik nabari dugu. Bertsio ofizilak ez du egiarik esaten, baina auzi honetan ere bai herria ari da egia / errelatoa idazten. Hein batean, errelato hori idazteko beharra sentitzen dut nik, eta hori egiten saiatzen naiz.
Justiziari egia eskatzen ahal zaio?
Esatzeko aukera ezin digute ukatu. Eskatzea librea da. Gero trukean zer jasoko duzun beste kontu bat da. Behin baino gehiagotan eskatu zaio Estatu Espainarraren botere judizialari egia aitortu dezan, baina honek ez du nahi izan. Botere judizialak interes politiko alderdikarien menpeko justizia egiten du. Eta hori niretzat ez da justizia. Benetako justizia egiari lotutakoa izan behar du.
Eta kazetaritzari?
Kazetaritzari egia eskatzen diogu. Objektibotasuna, baina lortzen oso zaila den kontua da hori. Dena dago ikuspunturen batetik kontatua, jasota; beraz subjektiboa da guztiz. Nire ustez kazetariok zintzotasunez jokatu behar dugu. Subjektibotasun hori kontuan izanik, informazioaren ertz guztiak miatu eta aipatu beharko genituzke, gure gustukoak izan ala ez.
Kazetari edo irrati esatari onak zer behar du, aho bizia ala belarri presta?
Belarria prest eduki behar dugu kazetariok gertatzen eta esaten dena kontuan izateko. Asko hitz egin eta entzuten ez badugu, seguruenik, kanpoan utziko ditugu aipatzekoak ziren kontu bat baino gehiago.
Euskaldunok behar bezala hartzen al ditugu aintzat euskaraz ulertu baina hitz egitera ausartzen ez diren horiek? Noiz arte euskaldun berri/ euskaldun zahar bezalako etiketak?
Uste dut ezetz. Astelehen honetan ez, aurrekoan, Etb1en eman zuten Euskaraldiaren inguko saioan Amets Arzaillusek aipatzen zuen euskaldunok beti justifikatu behar dugula geure burua. Eta arrazoia du. Berak zioen bezala konplexuz betetako diskurtsoak ditugu, eta guk sortutakoak dira gainera. Nire inguruan badira euskara ulertu, ezagutu eta hitz egitera ausartzen ez direnak. Eta zergatik ez dira ausartzen? Euskara erabiltzen dugunok epaituko ditugula sentitzen dutelako. Badirudi euskaraz egiterakoan, beti zuzentasunez hitz egin behar dugula. Akatsik egin gabe, erderakadarik esan gabe. Nik gazteleraz hitz egiten dudanean euskarazko hitzak ere erabitzen ditut, eta ez bakarrik euskarazkoak, baita ingelerazkoak ere, gero eta gehiago. Eta hala egitean ez dut nire burua justifikatu behar. Hala egitean ez gara epaituak sentitzen. Baina euskaraz egitean bai. Muga horiek guk ezarritakoak dira, norberak bere buruari ezarritakoak eta euskaldunok komunitateari ezarritakoak ere bai.
Zer paper du Euskalerria irratiak Iruñerriaren euskalduntze prozesuan?
Iruditzen zait Iruñerriko euskaldun komunitatearentzako erreferente bat dela Euskalerria irratia. Euskaraz bizi nahi dutenentzako, euskara ikasi nahi dutenenetzako, euskara entzun nahi dutenentzako…
Euskaraz zena ez zela existitzen esaten zen lehen; sare sozialetan ez dagoena ez dela existitzen esaten da orain...
Hala esaten da, bai. Uste dut sare sozialetan egotea garrantzitsua dela, baina ez egoteagatik bakarrik. Zarena ahaztu gabe egon behar duzu sare sozialetan, zintzotasunez ere bai. Irrati batek irratigintza halik eta kalitate handienarekin egitera bideratu behar ditu bere indarrak. Nire ustez, sare sozialak ondoren datoz. Ikus-entzunezkoen munduan murgildurik gaudela diote, irratiak ikus-entzunezkotik, badu entzunezkoa, beraz, etorkizuna badu.
Nola definituko zenuke euskalerria irratiak sare sozialetan duen “nortasun pertsonala” edo “marka-izaera”?
Sare sozialetan nortasun pertsonal zintzo bat sortzea lanak denbora asko eskatzen du. Eta iruditzen zait Euskalerria irratiak hobetzeko zenbait gauza dituela alor horretan. Sare sozialetan eskaintzen dena euskalerria irratiak egiten duenaren osagarri izan beharko luke; ez erreprodukzio soil bat, egin diren elkarrizketa edo albisteak zabaltzeko bidea bakarrik. Baina lehen aipatu dudan bezala, ikusmiran ez dira sare sozialak egon behar bakarrik. Kalitatezko irratia eskaintzea da lehenengo gauza, eta esanen nuke orain indar gehien horretan jartzen saiatzen garela.
Irratia, agerkari digitala, bideoa, sare-sozialak...Multimedia izan behar hau zer da, kazetaritzaren mesedetan ala kaltetan?
Kazetaritzaren mesedetan izan dadin egin behar dugu kazetariok. Ikus-entzule bezala horrelako edukiak eskatzen ditugu, edo nik behintzat hala egiten dut. Jaso nahi dugun hori ematen saiatu beharko ginateke.
Eliken Talent 2014-EITB saria irabazi zenuen haurrentzako albistegi egitasmo batekin. Noizko horrelako bat irratian?
Nik ez nuen aukerarik izan entzuteko. Baina irrati honetan urte luzez eskaitzen zen larunbatetan haurrentzako irratsaio bat. Orduan saio hori entzuten zuten haur askok, Euskalerria irratia entzuten jarraitzen dute. Zentzu horretan, haur eta gazteak fidelizatea, garrantzitsua dela iruditzen zait. Irratia bezala, orduko entzuleak ere zahartuz doaz. Ez dakit orain zehazki nola, baina gazteak eta haurrak gurera ekartzea ezinbestekoa izango zaigu. Agian lehen aipatu ditugun sare sozialetan edo multimedian dago gakoa.
Zu hainbeste mugitzen zaren Aezkoa ez da askotan agertzen albistegietan, ez bada elurra edo hotzagatik. Zer dago horren gibelean?
Utzikeria instituzionala. Aspaldiko Aezkoako aldizkari batekin egin nuen topo duela urtebete. Artikulu batean bailararen egoeraren berri ematen zen, erabateko gaurkotasuna zuen artikulu horrek. Iragartzen zuen horrek gainera okerrera egin du. Gero eta jende gutxiago bizi da Aezkoan, gero, lanpostu gutxiago daude, emanzipatzeko zaitasun asko daude…
Eskualde honek duen egoera Nafarroako gainerako eskualdeek duten egoeraren guztiz ezberdina da. Nafarroa osorako politika berdina egin da, eta hori eskualdearen kalterako izan da. Nafarroako parlamentuak orain gutxi, Pirinioen egoera aztertzeko ponentzia sortzea onartu du. Ikusiko dugu zertan geratzen den hori, egoera ez baita itxaropentsua. Agian berandu da.
Gazteoi asko kezkatzen gaituen gaia da honakoa. Baina honi nola aurre egin eztabaidatzen dugun bakoitzean, “ariketa soziala” egitearena baztertu egiten da. Hau da, balantzaren alde batean gure herriaren etorkizuna dugu eta bestean gure etorkizun pertsonala (gure nahi profesionalak, pertsonalak…). Bat edo beste aukeratzeak, bestea baztertzea eskartzen du gehienetan. Hori dela eta, oso kasu gutxitan egiten du balantzak eskualdearen alde.
2018 ko Nafarroako Urrezko Domina Saray Bularreko Minbiziaren Nafarroako elkarteari emango diote hurrengo astelehenean. Nori emango zenioke zuk?
Egia esan ez dakit zer erantzun. Ez dut uste inoiz aukera izango dudanik Urrezko domina inori emateko, eta beraz inoiz ez dut pentsatu honen inguruan. Dena den, asko dira Nafarroan sufritzen ditugun injustizien alde edota sufritzen ari direnen alde lan egiten duten elkarteak. Momentu batean edo bestean denek mereziko lukete urrezko domin bat.
Eta urrezko dominez ari garela, utzidazu esaten mesedez, badirela sufriarazi duten urrezko domina dutenak guren. Ez dute Nafarroako dominik, noski; baina gure herriari min egin diotenak saritu dira dominekin eta diru publikoarekin. Horiei kendu egingo nieke.