Behin baino gehiagotan mezu faxistak jasota bizkartzainarekin dabil Maria Solana

Euskalerria Irratia 2018ko aza. 27a, 07:46
Maria Solana Hezkuntza Kontseilaria.

Ekainetik Hezkuntza Departamentuko kontseilariaren bulegoan zenbaitetan agertu dira "mezu faxistak" eta eskutitz bat ere jaso zuen "pornografia materiala" zuena eta Skolae berdintasun programaren kontrako hitzak jasotzen zuena. Foruzaingoan jarria du salaketa Solanak. 

"Material pornografikoa" zuen eskutitza utzi zuten Hezkuntza Departamentuan Maria Solanari iritsi ziezaion. Eskutiz horrek mezuak jaso zituen Skolae Berdin Bidean programaren kontra. Horrez gain, ekainetik Foruzaingoan salaketa jarria du Hezkuntza kontseilariak "mezu faxistak" agertu izan direlako bere bulegoan. Oraingoan beste salaketa bat ere jarri du jasotako eskutitza dela-eta. Ekainetik gainera bizkartzainarekin bizi da Solana babes neurri gisara. "Ez da onargarria kontseilariaren bulegoan sartzea ez eta mezuak modu horretan uztea. Kritika politikoa egin daiteke baina ez era horretan", adierazi du ohar bidez hezkuntza departamentutik. Skolae programaren aurka egin badute ere aurrera segituko dute emakume eta gizonen arteko berdintasunean lan egiteko tresna delako. 

Solana kontseilariak ez du adierazpenik egin hilabete hauetan gertatutakoen inguruan baina sare sozialetan eskertu ditu jasotako babes mezuak: "Eskerrik asko erakutsi dituzuen babes mezuengatik. Lan taldeak lanean segitzen du kalitatezko, berdintasunean oinarritutako eta eleanitza izanen den hezkuntza baten alde". Horrez gain, Uharteko aniztasunaren horma-irudian egindako pintaketen harira esan du onartezina dela aniztasunaren aurkako jarrera hori eraso bat baita askatasunaren kontra. Oso triste sentitzen dela ere gaineratu du. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!