Emakumeen kontrako indarkeria salatu dute erakunde eta herritarrek

Euskalerria Irratia 2018ko aza. 23a, 14:07

Igandean ospatuko den Indarkeria matxistaren kontrako nazioarteko egunaren harira agerraldiak egin dira Nafarroako Gobernu eta Iruñeko udalaren aurrean. Biktimak gogoratzeaz gain, erasoen aurrean erantzun, egungo sistema patriarkalaren zutabeak bota eta berdintasunean oinarritutako gizartea eraikitzeko deia egin dute ordezkari politiko ezberdinek.

Gobernu jauregiaren atarian, kontseilari, zuzendari eta baita gobernuko langileak ere konzentrazioa egin dute emakumeen kontrako indarkeria salatzeko. Haien ondoan beste erakundeetako kideak ere, Nafarroako udal eta Kontzejuen presidentea, Gobernuko delegatua, Guardia Zibila eta Espainiako Polizia. Agerraldi isila izan da, indarkeriaren kontrako sinbolo diren esku moreen aurrean egindakoa. Maria Solana, gobernu bozeramaleak, tratu txarrekin amaitzeko oraindik ere lan asko egiteke dagoela adierazi eta adibide moduan, aste honetan ezagutu den indarkeria matxistaren inguruko sententzia aipatu du.

Nafarroako Gobernuko bozeramaleak bezala, Joseba Asiron alkateak ere, azken epaiei erreparatu die Indarkeria Matxistaren kontrako egun honetan. Gizartean eta politika mailan dagoen batasuna eta epaitegien jarreraren artean  tarte handiegia dagoela salatu du Iruñeko alkateak.

Konzentrazio berezia egin du Iruñeko udalak. Hunkigarria. Lurrean markatuta, aurten estatuan erahildako 46 emakumeen zenbakiak. Adierazpen instituzionala irakurrita, loreak jarri dituzte marka bakoitzaren ondoan bertan bildutako hiritarrek. Udalean ordezkaritza duten alderdi guztiek parte hartu dute konzentrazioan.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!