"Iruñea eta Euskal Y-a lotzeko edozein aukerak inguruko herritarren ageriko aurkakotasuna izanen du", hala azaldu du Jose Javier Izquierdo Espainiako Sustapen Ministerioko Azpiegitura idazkari nagusiak. Lan horien txosten informatiboak jaso dituen alegazio kopurua inoiz jasotako kopururik handienetakoa izan da: 7.000.
Mahai gainean bi aukera jarrita ere, Ezkio-Itsasotik baino Gasteizkoaren alde egin zuen Iñigo De la Serna Sustapen Ministro ohiak. Bi aukeren artean luzeena zen, baina ingurumen kalte txikiena eragiten zuena, eta egiten merkeena. PSOEren gobernuko Azpiegitura idazkari nagusiak ez zuen aukera baten edo bestearen alde egin, baina Gasteizko aukera egokiagoa dela iradoki zuen. Hiru aldagairen arteko oreka lortu beharko dela hausnartu zuen: lanen kostua, ingurumen eragina eta biderik azkarrena. Ordea, hirurak ez zituen maila berean jarri. Indar handiena alde ekonomikoari jarri zion: Bidaiak "hamar minutu gehiago" irauteari garrantzia kendu zion, baina, aldi berean, nabarmendu zuen aztergai dituzten aukeren artean "alde ekonomiko handia" dagoela, eta horren garrantzia nabarmendu zuen.
Dena den, edozein aukerak izanen duen "ageriko aurkakotasuna" dela eta, Izquierdok azpimarratu zuen "komenigarria" dela azken erabakia administrazioen artean adostea: Espainiako Gobernua, Nafarroako Gobernua eta Eusko Jaurlaritza.