Sustrai Colina bertsolari eta kazetariak Euskalerria Irratiko esatariak elkarrizketatuko ditu, irrati iruindarraren 30. urteurrenaren kontura. Oraingoan Maialen Huarteri egin dio galdetegia, albistegietako kazetariari.
Non ikusten duzu zuren burua hemendik 30 urtera?
30 urte, urte asko dira. Behintzat ari bagara norberaren egoera zein izanen den asmatze nahian. Normalean ez ditut epe luzerako planak egiten. Eta horren epe luzera begirakoak are gutxiago. Baina, nire burua non ikustea gustatuko litzaidakeen galdetzen badidazu, esanen dizut, gustatuko litzaidakeela gustuko dudan hori eginez ikustea. Alegia, lan arloaz ari bagara, kazetari izaten. Gustatuko litzaidake afizioa ere baden ofizioan segitzea. Ahal balitz, euskaraz idazten, euskaraz informazioa helarazten. Eta irudikatzen dut, orain arte bezala, egiten dudan horretan sinesten. Alegia, egiten ditudan kazetari lanetan konprometitzen. Ez dadila izan adierazte hutsa bakarrik, izan dadila gehiago, modu bat komunikatzeko, tokatzen den albisteaz edo gaiaz hausnartu eta ikuspegi bat baino gehiago biltzeko gaitasunarekin. Zintzotasunez.
1988an sortua, irratia bezala. Zer pentsa ematen du horrek.
Zer pentsa ematen du bai, agian lehenengo gauza, ez garela horren gazteak! Baina tira, oraindik uste dut, bai ni eta baita irratia ere gazte sentitzen garela, fresko, gogotsu. Uste dut, 30 urteotan irratiak asko eman diola Iruñerriari, baina asko ikasi duela era berean. Asko ikasi dugu hemen lanean ari garenok. Bai kazetari gisa eta baita pertsona gisa ere. Jendearen babesak eta indarrak eman dio irrati honi aurrera segitzeko behar zuena, eta irratiak bueltan, eman dio, irratilarion gogoa eta nahia. Bertako informazioa bertara bidaltzeko, eta euskaraz izateko sinesmena. Euskararen normalizazio prozesuan garai asko bizitakoa da irratia. Une zailagoak eta goxoagoak ere bai. Eta horrek guztiak ere esperientzia handia eman dio lantaldeari. Irratia baino hilabete batzuk lehenago jaio nintzen ni, martxoko elurte batean. Azaroan iritsi zen irratia.
Berri lokalek zer garrantzia dute gero eta globalagoa den munduan?
Ekin lokaletik eta eragin globalean. Gustuko dut esapide hori. Eta uste dut indar handikoa dela, eta egi ere bilaka daitekeela. Eman du gure txikitasunetik ezin dugula deus egin handiagoa den arazo bat konpontzeko. Agian, erabateko eraldaketa egiteko indartsuagoa izan beharko ginatekeen, baina, txikitasun horretatik has gaitezke eragina gero eta handiago izan dadin. Eta uste dut, hori informaziora bideratuta era berean gerta daitekeela. Gertuko informaziorik gabe ezin da mundua ezagutu. Etxetik hurbilen ditugunen berri izan gabe, ezin gara eguneroko errealean egon. Gertukoak ezagutu ondoren ulertuko ditugu urrunagokoak. Askotan ez dakigu deus ere ondoko bizilagunaren inguruan, baina bai ordea, Estatu Batuetan bizi denaren inguruan. Tristea iruditzen zait hori. Gero eta gehiago bizi gara gure kolkoari begira, ondokoa ezagutu gabe eta jakin gabe gure herriko plazan zein ekitaldi egiten ari diren. Aldiz, badakizkigu bereziki Espainiako telebistetan agertzen diren pertsona ezagunen azpijoko eta esames guztiak. Horren inguruko hausnarketa ere egin beharko genuke. Euskal Herrian, oker ez banago, katerik jarraituenen artean dago Tele 5, eta horien artean, Gran Hermano telesaila. Horrek ere zer esana eman beharko liguke, baina tira, ikuspegi askotatik beharko litzateke hausnarketa hori ere.
Estimazio handia dute tokiko hedabideek herritarren artean baina hedabide nazionalek prestigio handiagoa dute, zergatik?
Mundu global honetan esanen nuke herritarrek estimatzen dutela gertuko informazioa helarazten dizkieten hedabideak izatea. Gertu sentitzen dutelako, euren burua ere irudikatzen dutelako informazio horren baitan. Baina egia da, kazetarioi agian deigarria egiten zaigula nazioarteari ere begiratzea. Uste dut aukera desberdinak ematen dizkizula batek eta besteak. Lokalaren kasuan, aukera ematen dizu gertuko horri begiratzeko, eta aldiz, nazioarteko hedabide batean edo nazionalagoa den batean aukera ematen dizu gai mardulagoez aritzeko, orokorragoez eta fokoa agian zuk aukeratzeko non jarri. Bide desberdinak dira baina osagarriak. Batek ematen dizuna, besteak ez dizu ematen, baina biak izan daitezke interesgarri.
Sakandarra izanik nola bizi duzu Altsasukoen Auzia?
Zer esanen dizut ba! Egia da, gertutik tokatzen zaizkizunean halako albisteak are gehiago konprometitzen zarela eta are gehiago xamurtzen zarela, edo eragiten dizula. Bereziki samindu nauen auzia izan dela esanen nuke. Latzak izan dira bi urte hauek Altsasuko Auzian. Ez da erraza izan horren berri ematea. Gogoratzen du, 2016ko hartan, gertaera hura izan zen eta ondoren, egun batzuen bueltan auzia Nafarroako Justizia Auzitegian zenean, hasieran, Barne Kontseilariari kazetari batek galdetu ziola: Uste duzu terrorismo delitu batengatik epaitzen ahal dituztela Altsasuko gazteak? Zur eta lur geratu nintzen. Ez nuen ulertzen nondik zetorren galdera hori. Ez nuen ulertzen nola nahas zezakeen hainbeste gaia. Eta gero etorri ziren ondorengo guztiak. Oso gogorra izan da guztiontzat. Amorrua ere aldi berean, horren aurrean ezer egiterik ez dagoela ikusita. Bidegabetasun hori nola liteke izan. Galdera asko daude erantzun gabe bi urte pasa direnean. Eta nire aldetik, saiatu naizena egiten izan da, gaia ahalik eta informazio gehienarekin ematen. Eta ahotsik gabe utzi nahi izan dituzten horiei ahotsa ematen. Txikitasun honetatik, ahalik eta jende gehienera iristarazi zedin. Eta hor ere, hedabide nazionalek egiten ez duten lana egiten: nazionalek tarte txikia eskaintzen diote halakoei, eta askotan, informazio nahasia ematen dute. Guk aldiz badugu horri buelta emateko aukera: informazio zabala eman, ahalik eta informazio zuhur, zuzen, zintzo eta garbiena ematen ahalegintzea.
Komunikabideek garrantzia dute Altsasukoa bezalako auzietan.
Hedabideen garrantzia islatzen da Altsasukoa bezalako kasuen bidez, edo 2016ko sanferminetako bortxaketaren kasuan ere. Ezinbestekoa izaten da, iturriak ziurtatzea eta ematen ari zaren hori kontrastatzea. Berehala sortzen dira erdi-informazioak, informazio ez osatuak eta gero berehala bilakatzen dira sare sozialetan erdi egiak, gezur. Oso arriskutsua izaten da hori. Garrantzitsua da isilarazi nahi duten horren bozgorailu izatea, iturri ofizialetatik aldentzea eta bertsioak entzutea. Entzuten duzun horrekin ere kritiko aritzea eta informazio guztiaren aurrean informazio hutsa denari eustea. Sentsazionalismoan erori gabe. Morboan erori gabe. Askotan marra oso fin batek banatzen ditu.
Lizentziarik gabe izan zarete 27 urtez.
Urte gogorrak izan ziren. Aldi berean, politak. Jendearen babesa bagenuelako. Egiten genuen lanak bazuelako erantzun bat. Sinesten genuelako egiten genuen horretan. Arrazoi eman ziguten gero. Eta horrek erakutsi zuen benetan merezi izan zuela egindako esfortzu guztia.
Albistea ematea zuri egokitu zitzaizun.
Antenan ematea uste dut ez zegokidala neri, baina egia da, egun horretan, abuztuan, lankide gutxi geundela irratian eta tartean, albistegietan bakarrik nengoela. Ardura handiko unea zen, eta gogoratzen dut urduritu egin nintzela bereziki egun horretan. Oso une polita izan zen, oso berezia. Eta inoiz ez dut ahaztuko, pentsatzen dudan moduan ez zegokidala neri albiste hori ematea, Mikeli baizik, eskertzeko unea zela. Entzule izan ditugun eta ditugunei, babesle, lagun…
Kausa askok dute Nazioarteko Eguna. Azaroaren 25a izanen da Emakumeenganako Indarkeriaren Kontrako Eguna.
Mugimendu feminitak urteotan egindako lanaren garrantzia aipatuko nuke. Atzera begira jarri behar da euren lanaren hastapenetara iristeko eta duela urte batzuk esanenn nuke erakundeekin elkarlanean aritzen direla. Horrek garrantzia handia izan duela esanen nuke. Ekimenak elkarrekin egiteak indartu egin duelako gizartea mugiarazteko indarra.
Zerk jartzen du fokopean gai bat?
Tamalez askotan interes politikoek jartzen dute gai bat edo beste fokopean. Eta baita zenbait hedabidek ere, interes batzuekin mugituta noski. Baina, azken urteotan ikusi dugu nola gizartea mugiarazten bada eta indarra hartzen badu badela gai fokopean jartzeko arazo edo gai konkretu bat. Altsasukoen kasua da adibide horietako bat edota 2016ko sanferminetan izandako bortxaketak sortu duen guztia.
Nola jarri agerikoak ez diren gai horiek fokopena?
Egunerokoan murgiltzen garenean egia da zurrunbilo horretan sartzen garela eta zaila izaten dela hortik haratago begiratzea. Uste dut hori dela hemendik aurrera egin beharreko lana, erronketako bat. Izkutuan geratzen diren gai eta intereseko kontuei arreta jarri eta lau haizetara zabaltzea.