Sexu transmisiozko gaixotasunen gaineko sentsibilizazio kanpaina eginen du Nafarroako Gobernuak

Euskalerria Irratia 2018ko urriaren 22a

80 eta 90. Hamarkadan ohikoak ziren prebentzio kanpainak berreskuratu behar izan ditu Nafarroako Gobernuak. Sexu transmisiozko gaixotasunak ugaritu dira azken hamarkadan, zenbait kasutan nabarmenki gainera.

Azkeneko 20 urteotan ez da sexu transmisiozko gaixotasunen inguruko sentsibilizazio kanpaina instituzionalik egin. Hegoak, IHESAren kontrako Nafarroako Herritar Batzordeak, Andraizek, Nafarroako Gazteriaren Kontseiluak, Kattalingorri eta Sare eragileak kezkaz so egin diote kutsaketa kasuen garapenari. Gonorreak esate baterako hamar aldiz biderkatu ditu kasuak azken urteotan. GIB kasuak ere biderkatu egin dira. "Beldurra galdu da" adierazi du Leire Blasquiz, Gozamenez programaren kordinatzaileak, "jadanik ez dugu heriotzaren beldurrik bainan argi izan behar dugu segurtasunik gabeko sexu harreman batek bestelako gaitzak ere sor ditzaketela. Gure osasuna zaindu behar dugu, sexuaz gozatzearekin batera".

Kanpaina abiatuko du datozen egunotan Nafar Gobernuak mezu zuzenarekin: jar ezazu kondoia. Bizi CON, Gozatu CON izena eramanen du kanpainak. Gaztetxoenei zuzenduko zaie kanpaina, bideo, web gune, mugikor aplikazio eta baita eskola eta institutoetan banatuko diren folletoekin. Gazteenak hezitzea helburu du kanpaina honek nahiz eta kutsaketa berri kasu gehienak 20 eta 34 urte tarteko herritarren artean ematen diren. Horregatik guztiei zuzendua: gozatu, bainan gozatu preserbatiboa erabilita.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!