Nafarroako 37 ikastetxek eman dute izena Musikariak Ikastetxeetan programan

Euskalerria Irratia 2018ko urr. 1a, 14:33
Argazkia: Musikariak ikastetxeetan programaren aurkezpena, artxiboko irudian.

Hogeika musikari eta abeslarik parte hartuko dute 14 eta 18 urte bitarteko gazteei zuzendutako ekimenean, urrrian hasiko dira saioak

 

Musikariak ikastetxeetan programan parte hartu zezaketeen ikastetxeen gehiengoak izena eman du ekimenean, hortaz arrakastatsua izan da ekimen honen lehendabiziko edizioa. Hezkuntza departamentuak datorren hilean abian jarriko duen programan 43 ikastetxek zuten izena emateko aukera eta horietatik 37k parte hartuko dute. Ziklo hau 14 eta 18 urte bitarteko gaztei dago zuzenduta eta bertan hogeika musikari eta abeslari euskaldunek hartuko dute parte. Ekimen honen helburua euskal musikaren ibilbidea ezagutzera eman eta euskararen transmisioa bultzatzea da.  

2018ko urritik abendura bitartean antolatuko dira saioak. Ikastetxeek saio bat baino gehiago edukitzeko aukera izanen dute, ikasmaila bakoitzean dagoen matrikula kopuruaren arabera. Saioa antolatu ahal izateko, ikasmaila horretan gutxienez 15 ikasle beharko dira. Saio bakoitzean, bestalde, ez dira 40 ikasle baino gehiago egonen, oro har. Saio horiek eskaintzeko, ekimenean parte hartzen duten musikari, artista eta abeslariek, Hezkuntza departamentuan antolatutako formazio saioetan parte hartu dute.

Ikastetxeetara joanen diren musikarien artean, euskal kantagintza berrienaren izen ezagun ugari dago, besteak beste: Amorante, Eñaut Elorrieta, Gorka Urbizu, Iker Lauroba, Ines Osinaga, Inun, Jon Basaguren, Joseba B.Lenoir, Joseba Irazoki, Jurgi Ekiza, Keu Agirretxea, La Basu, Maria Rivero, Mikel Markez, Miren Narbaiza, Olatz Salvador, Pantxix Bidart, Pelax, Petti, Rafa Rueda, Tristtan Mourguy, Xabi San Sebastian eta Zuriñe Hidalgo.

Hezkuntza departamentuko Euskara Sailak antolatutako programa honen baitan 88 saio eskaintzea aurreikusi da. Saio bakoitzak 90 minutuko iraupena izango du eta bertan abeslari bakoitzak euskal musikan bere ibilbidearen errepasoa egingo du eta ondoren bere musikak izan duen jatorria eta bilakaera azalduko ditu. Gainera, idazle zein olerkariek beraien letrak egiteko egiten duten lana ere aipatuko dute. Gainera, artista bakoitzak azalpenak musika emanaldiekin uztartuko ditu.

Erlazionatuak

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!