Euskal musikariak, Nafarroako ikastetxeetan

Euskalerria Irratia 2018ko ira. 21a, 12:39
Argazkia: Programaren aurkezpena musikariekin / Argazkia: @educacion_na

Euskal musikarien bitartez hizkuntzaren trasmisioa sustatu nahi du Hezkuntza Departamentuak Nafarroako ikastetxeetan.

 

Euskal musikariak ezagutzeko aukera izango dute aurten 14 eta 18 urte bitarteko ikasleek. "Musikariak ikastetxeetan" programa martxan jarri berri du Hezkuntza Departamentuak, eta haren bitartez ikasleek musikarien bisita jasoko dute ikastetxean. Programan parte hartu nahi duten ikastetxeek irailaren 27ra arte egin dezakete eskaera. 

Ikasleei euskal musikaren tradizioaren ibilbidea ulertzeko tresnak eskaintzea da programaren helburuetako bat; baita hizkuntzarekiko identifikazioa sustatzea ere. Euskaraz ikasi edo euskara ikasgai moduan duten DBHko 3. eta 4. mailako eta Batxilergoko ikaslei dago zuzendua programa.

Euskal kantagintza berrienaren izen ezagun ugari igaroko dira ikastetxeetatik, besteak beste: Amorante, Eñaut Elorrieta, Gorka Urbizu, Iker Lauroba, Ines Osinaga, Inun, Jon Basaguren, Joseba B. Lenoir, Joseba Irazoki, Jurgi Ekiza, Keu Agirretxea, La Basu, Maria Rivero, Mikel Markez, Miren Narbaiza, Olatz Salvador, Pantxix Bidart, Pelax, Petti, Rafa Rueda, Tristtan Mourguy, Xabi San Sebastian eta Zuriñe Hidalgo. 

Hezkuntzako Euskara Atala arduratu da antolaketaz eta guztira 88 saio aurreikusi ditu. Saio bakoitzak 90 bat minutuko iraupena izanen du eta bertan, musikariak edo kantariak euskal musikaren ibilbideari buruzko sarrera bat egingo du. Ondoren, beren musikaren jatorria eta garapena ere azalduko dute. Zuzeneko musikarekin tartekatuko dituzte azalpenak.

2018ko urritik abendura bitartean izango dira saioak. Ikastetxeek saio bat baino gheiago edukitzeko aukera izango dute, matrikula kopuruen arabera. Programan parte hartzeko epea astelehenetik dago zabalik eta irailaren 27ra arte izango dute izen emateko epea ikastetxeek. 29.920€ko aurrekontua du programak. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!