Larunbatean zabalduko dute Sarasate pasealekuko Caritasen tonbola eta uztailaren 15era arte martxan egonen da. Sariak abuztuaren 16ra arte eskuratzen ahalko dira, ordea, Caritasen egoitzan.
2.400.000 txartel jarriko dituzte salgai, iaz baino 100.000 gehiago, 0’80 euroan, aurreko urteko prezio berean. Guztira, 360.000 sari zuzen daude, horien artean, bost auto. Horrez gainera, Alde Zaharreko dendetan gastatzeko 2.500 euroko sariak banatuko ditutze. Sari horietako gehienak erositakoak dira, baina badira zenbait donazio ere.
Aurtengo berrikuntza, haurrentzako txoko bat sortu dutela. Bertan, umeek marrazkiak eta ipuinak idatz ditzakete. Ana Urmeneta Tonbolako zuzendariak azaldu du "Caritaseen baloreekin bat" doan espazioa izanen dela.
Gizarte proiektuei begira
Tonbolaren bitartez haren aurrekontuaren zati bat betetzen du Caritasek; iazko datuek azaltzen dute ongien: bost milioi eta berrehun mila euro inguru zituen iaz eta, bertatik, %10a inguru lortu zuen tonbolaren bidez, 445.939 mila euro.
2017ko datuak ere aurkeztu dituzte: erabiltzaile gehiago izan dituzte, eta horien artean aurreko urteetan baino gutxiago izan dira diru laguntza behar izan dituztenak.
Diru saila aletuz, harrera programa da laguntza handiena daukana, 1.143.000 euroko aurrekontuarekin; eta bigarren postuan dago zentro okupazionaleko programa, 1.138.000 eurorekin -urtero 250 lagun pasatzen dira bertatik-. Horrez gainera, etxebizitza eta erresidentzia, jantoki, aisialdi, kooperazio eta lan bilaketa programak dauzkate, baita zerbitzu juridikoak ere, besteak beste.
Caritasera jotzen duen jendearen profil orokorra eman du Angel Iriarte Caritaseko zuzendaria: "Emakumezkoa, 50 urte artekoa, familiarekin eta prekarietateari aurre egin behar diona".