Koldo Leoz: "Onzinedako hitzarmena efekturik gabe utzi du Nafarroako Kontseiluak"

Euskalerria Irratia 2018ko mai. 24a, 12:17

Koldo Leoz alkatea Nafarroako Kontseiluak egindako txostenaz prentsaurrekoan hitz egiten. Arg: @MartxeloDiaz

"Lizarra mehatxu larri batetik ateratzea ahalbidetu dugu", esan du pozik alkateak. Dirutza bideratu behar zuen herriak UPNren legealdian egindako kudeaketa "okerraren" ondorioz eta kinka larrian utziko luke. Nafarroako Kontseiluak dio "prozedimenduan arau hauste larriak" egin zituztela UPN eta PSNko alkateek. 

Onzineda proiektuak buruhauste ugari eragin ditu Lizarran legealdi honetan. Proiektu hori UPN eta PSNk kudeatu zuten "modu okerrean". 2005ean, Lizarrako udalbatzaren gehiengo handi batek Onzinedako lursailean kiroldegi bat egiteko proiektuaren alde egin zuen. Horretarako, 89.000 metro koadroko lurraren desjabetzea planteatu zen. Ibarra izeneko tokian eraikigarriak ziren zoruen ordez trukatzea planteatu zitzaien jabeei. Bederatzi hitzarmen sinatu ziren jabeekin, eta horietatik zazpi kasutan eranskinak gehitu zitzaizkien kontratuei.Itun eta eranskin horiek 2006 eta 2008 artean sinatu zituzten orduko bi alkateek: PSNko Maria Jose Fernandezek 2007ko maiatzera arte, eta hortik aurrera UPNko Begoña Ganuzak.

Nafarroako Kontseiluak txostenean dio "prozedimenduan akats eta arau-hauste nabarmenak" egin zituztela bi alkate horiek.  Horrez gain, Kontseilu horrek Onzinedako hitzarmena eta eranskinak efekturik gabe utzi ditu. "Eranskinen sinadurarekin interes pribatuei men egin zaie" dio gainera Nafarroako Kontseiluko txostenak. Lizarra mehatxu erraldoi batetik libratu dugu", esan du egun alkate den EH Bilduko Koldo Leozek. "Aurreko alkateek oker egindako kudeaketa baten ondorioak ez dituzte herritarrek ordaindu beharko", azpimarratu du gainera. Kontseiluak argitaratu du horrez gain alkateek ez zutela eskumenik eranskinak sinatzeko. "Ardurak eskatuko dizkiegu alkateei", ohartarazi du Leozek. 

 

 

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!