Lizarrako Oncineda hirigintza proiektuan arautegia ez zela bete dio Kontuen Ganberak

Euskalerria Irratia 2018ko ots. 13a, 08:16
Lizarra. Arg:comunicacionempresarial

>Alkateak (UPNko Begoña Ganuza zen garai hartan) osoko bilkuraren edo Gobernu Batzordearen baimena beharrezkoak zituen akordio horiek sinatzeko eta ez zuen ez bata ez bestea ere lortu. 
>Hirigintza plan berria gelditu egin zen hirigintza proiektua garatzeko beharrezkoak ziren lursailetako jabeek epaitegietara jo zutelako. Prozesu horrek nabarmen kaltetu dezake orain Lizarrako Udalaren finantza egoera.

Nafarroako Kontuen Ganberak Lizarrako Oncinedako desjabetze hitzarmenak aztertu ditu gaur ezagutarazi duen txosten batean. Udalaren osoko bilkurak eskatu zuen txostena. Kontuen Ganberak bederatzi hirigintza hitzarmen eta sei eranskin aztertu ditu, tramitazio eta onarpena legearen barrenean egin den ikusteko.

Txostenak jasotzen duenez, Lizarrako Udalak 2006 eta 2007an bederatzi hirigintza hitzarmen sinatu zituen Oncinedako lur-sailen jabeekin. Hitzarmenek, guztira, 90.000 metro koadro hartzen zuten.

Udalak eta jabeek tratu bat egin zuten ordainketarako: Udalak lur sailak emanen zizkien jabeei etxebizitzak hartuko zituen Ibarra sektorean. Sektore horrek lau urtetan garatu ezean, udalak lur sailen prezioa dirutan ordaintzeko konpromisoa hartu zuen. Epea zortzi urtera luzatu zen eranskinetan.

Hitzarmenak Lizarrako alkateak sinatu zituen, udal gobernu batzordearen baimenik gabe. Kontuen Ganberak dioenez, hitzarmen horiek justifikatzeko txosten teknikorik ere ez dago: ez juridikorik, ez ekonomikorik, ez hirigintza arloko teknikariek eginikorik.Txosten horien faltak eragin handia dauka, bereziki eranskinetan hitzarturikoan.

Kontuen Ganberaren iritzia da alkateak osoko bilkuraren edo gobernu Batzordearen baimena beharrezkoa zuela akordio horiek sinatzeko. Aipatzekoa da, bestalde, hitzarmenen inguruko aholkulari, kontrol eta jarraipen lanak kanpoko enpresen esku utzi zituela Udalak. Horrek, noski, zaildu egin zituen udal teknikarien zeregina.

Udalaren eta jabeen artean hitzarturiko prezioa metro koadroko 43,94 euro zen. Zenbatekoa Udalak kontrataturiko txosten batek finkatu zuen. Nolanahi ere, hitzarmenak klausula bat zekarren, oso kontuan hartzekoa: Udalak jaberen batekin prezio handiagoa hitzartuz gero, besteek ere zenbateko hori jasotzeko eskubidea zuten. Udalak horixe egin zuen jabe batekin: lur sail batean metro koadroko 108 euroko prezioa onartu zion, jabeak aurkezturiko txostena ontzat hartuz. Aipatzekoa da Udalak azterketarik egin gabe onartu zuela txostena.

Kontua da hirigintza plan berria gelditu egin zela, jabeek epaitegietara jo zutela eta horrek nabarmen kaltetu dezakeela Lizarrako Udalaren finantza egoera. Kontuen Ganberak eginiko kalkuluen arabera, Udalak 14 milioiko kalte ordainari aurre egin beharko lioke, baldin eta 108 euroko prezioa kontuan hartuko balitz.

Nafarroako Kontseiluak hitzarmenak baliogabetuko balitu, jabeek lur-sailak berreskuratuko lituzkete, baina kalte-ordaina jasotzeko eskubidea ere izan lezakete, kaltea jasan dutela frogatzen badute.

Kontuen Ganberaren konklusioa da hirigintza hitzarmenek ez zutela arautegia behar bezala bete. Txostenak gomendio batzuk ere jasotzen ditu: hirigintza operazioak Udalak kontrolatu behar ditu, zenbait kasutan kanpoko adituei laguntza eskatzea zilegi bada ere; Ibarra sektorearen garapena ahalik eta azkarren amaitu behar da, epe barruan dauden hitzarmenak betetzeko; eta, azkenik, udal inbertsio nagusienetarako akordio politiko zabalena behar dela azpimarratzen da.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!