Kapitalismotik "deskonektatzeko" gakoak, larunbatean Alternatiben Herrian

Euskalerria Irratia 2018ko mai. 31a, 10:37
Argazkia: 70 talde, kolektibo eta eragiletik gora aritu da Alternatiben Herriaren prestakuntza lanetan.

"Kapitalismotik deskonektatzeko", eredu sozial eta ekonomikoa "gainditzea" beharrezkoa da, Alternatibaren Herria ekimenaren ustetan. Horregatik, ekainaren 2an, larunbatean, alternatiba horiek erakutsiko dituzte.

"Behin eta berriz erraten digute ez dagoela alternatibarik, baina guk oso garbi dugu: hemen bai bada alternatibarik, hemen bai baditugu itotzen gaituen sistema honi aurre egiteko alternatibarik". Kapitalismotik ateratzeko bideak erakutsi nahi ditu Alternatiben Herriak, eta, hori dela kausa, "egungo eredu sozial eta ekonomikoa gainditzeko proposamenak" mahai gainean jarriko ditu. Ekainaren 2an izanen da hitzordua, larunbatean, Iruñean, egun osoan. Euskal Herriko Eskubide Sozialaren Kartaren eskutik jaio zen ekimena, eta Iruñeko Alternatiben Herriaren antolakuntzan 70 talde, elkarte eta kolektibo aritu dira.

Nafarroako herrietan, auzoetan, elkarteetan... dauden alternatibak erakutsiko dituzte, baina, horrez gainera, informazioa partekatuko dute, elkar ezagutza eta hausnarketa bultzatuz. 

Hiri bakarra eta sei auzo

Sei gune irudikatuko dituzte Iruñeko erdigunean, eta gune horiei auzoa izena jarri diete; beraz, sei auzo izanen dira: Herriak eta lurra, Auzoekonomia, Burujabetza, Bizi anitzak eta duinak, Arragoa eta Haurren errepublika.

Eta auzotetan zer izanen den? Egitarau zabala: esaterako, burujabetzari buruzko hitzaldia; bertso gosaria, Sustrai Colinarekin; Labrit Toursen ibilaldia, bestelako Iruñea ezagutzeko; azpiegiturei buruzko hitzaldia; landa eremuaren erronkei buruzko mahai ingurua; erakusketak; eta etxeko baratzeen eta hazien tailerra.

Informazio guztia Alternatiben Herriko webgunean aurki daiteke eta egitarau oso hemen dago ikusgai:

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!