LGTBfobiaren aurkako lemak zintzilikatu ditu Gobernuak ere

Euskalerria Irratia 2018ko mai. 17a, 08:43

Nafarroako Gobernuak konpromiso sendoa adierazi nahi du, sexu-orientazioagatik, genero-adierazpenagatik nahiz sexu edo genero identitateagatik ezein pertsona diskriminatua ez izateko helburuarekin.

Maiatzaren 17an ospatu ohi den LGTBIfobiaren aurkako Nazioarteko Egunaren karietara, Nafarroako Gobernuak honako Adierazpen Instituzional hau onartu du:

“Maiatzaren 17an, LGTBIfobiaren aurkako Nazioarteko Eguna ospatzen dugu, lesbofobia, homofobia, transfobia nahiz bifobia (LGTBIfobia) delako kontzeptuan sartuz aniztasun afektibo-sexualaren eta genero-aniztasunaren aurkako gorrotoaren, errepresioaren eta indarkeriaren adierazpena. Egun honetan, duela 28 urte, Osasunaren Munduko Egunak eritasunen zerrendatik kendu zuen homosexualitatea.

Gogoan izan behar da, egun ere, 72 herrialdek sexu bereko pertsonen arteko harremanak kriminalizatzen dituztela, eta zenbait legeriatan heriotza-zigorra ere ezarri ahal zaiela. Gure azkenaldiko historian ere, LGTBI komunitateak errepresio sozial eta politikoa pairatu du.

Nafarroako Parlamentuak gay, lesbiana, bisexual, transexual, transgenero eta intersexualen eskubideak bermatu eta garatzen dituen 8/2017 Foru Legea onartu zuen iazko ekainean.

Giza-eskubideen testuingurutik, Nafarroako Gobernuak konpromiso sendoa adierazi nahi du, sexu-orientazioagatik, genero-adierazpenagatik nahiz sexu edo genero identitateagatik ezein pertsona diskriminatua ez izateko helburuarekin.

LGTBI politiken aldeko konpromiso hau, hezkuntza, osasuna, kultura, ekonomia, gizartea eta bestelako esparruei dagozkien zeharkako politikak abian jarriz gauzatu da. Era berean, Nafarroan lehendabiziko aldiz, sexu eta genero aniztasunari arreta emateko zerbitzu publikoa abiarazi da, eta Administrazioaren barruan sortutako berariazko arreta-arloaren bitartez, 8/2017 Foru Legeari dagokion diagnostikoa eta Ekintza Plana lantzen ari da gaur egun.

Gure ingurune hurbilean kolektibo honen bistaratze eta onarpen sozialerako aurrerapauso handiak eman diren arrean, ezin dugu esan oraindik aniztasun guztiak errespetatu eta baloratzen dituen gizarte batean bizi garenik.

Hortaz, Gobernu honek, pertsona guztien giza-eskubideekiko errespetua sustatzen jarraitzeko konpromisoari eutsiz, lanean jarraituko du Nafarroan bizi garen pertsona guzti-guztion berdintasun soziala lortzearen alde, norberaren sexu-orientazioa, genero-adierazpena nahiz sexu edo genero identitatea kontuan hartu gabe.

Era berean, Gobernuak aniztasun afektibo-sexualaren eta genero-aniztasunaren aldeko politikak bultzatzen jarraituko du, genero-sailartekotasunetik begiratuta.

Aniztasun eta askatasun afektibo-sexualarekiko, genero aniztasun eta askatasunarekiko eta pertsona guztien askatasunarekiko erabateko errespetua lortzearen aldeko borrokan, lesbiana, gay, trans, bisexual eta intersexualen mugimenduari agertutako sostengutik abiatuta, Gobernuak erabateko errefusa adierazi nahi du lesbiana, gay, transexual, transgenero eta intersexualen aurkako edozein indarkeria edo diskriminazio motaren aurrean, eta elkartasuna helarazi nahi die sexu edo genero orientazioagatik, adierazpenagatik nahiz identitateagatik zeinahi indarkeria jasan duten pertsona guztiei”.

Nafarroako Gobernuak kolektibo honen alde bideratutako ekintzak

Gobernuaren bileraren ondoko prentsaurrekoan, Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilari Ana Ollok nabarmendu du “hauxe dela Foru Exekutiboak LGTBIfobiaren aurkako Nazioarteko Eguneko ospakizunarekin bat egin duen lehendabiziko aldia, kontzeptu horren barnean sartuz aniztasun afektibo-sexualaren eta genero-aniztasunaren aurkako gorrotoaren, zapalkuntzaren eta indarkeriaren adierazpena”.

Horrekin batera, Ollok, Nafarroako Gobernuak esparru honetan gauzatutako ekintza nagusien errepasoa egin du.

Hartara, berariaz nabarmendu du, politika horiek zeharka garatzeaz arduratzen den atal espezifiko baten sorrera Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren (NBI) barnean. Era berean, LGTBI+ berdintasunari buruzko Foru Legea onartu zenez geroztik, LGTBI kolektiboari zuzendutako Kattalingune izeneko arreta espezializatuko zerbitzu publikoaren sorrera izan da bultzaturiko beste aurrerapenetako bat. Herritar guztiei irekitako zerbitzu honek banakako nahiz taldekako arreta ematen dio sexu eta genero aniztasunari, sentsibilizazio ekintzak ere sustatzen dituelarik. Kattalingorrik kudeatzen du.

Kontseilariak “Nafarroako pertsona transexualei laguntza eta arreta emateko Gida” deritzonaren elaborazioa ere azpimarratu du, 2016ko ekainean sortutako Transexualitatearen arretarako Batzordeari dagokionez. Batzorde hau Hezkuntza, Osasun, Eskubide Sozialak eta Kultura, Kirol eta Gazteria departamentuen ordezkariek osatzen dute, pertsona transexualen kolektiboen ordezkariekin batera: Ilota Ledo, Chrysalis, Trasnkolore, eta Kattalingune eta Harrotu zerbitzu publikoak.

Foru Legea garatzeko neurriak

Era berean, kontseilariak, 2017ko ekainean onartutako LGTBI+ pertsonen berdintasun sozialaren aldeko Foru Legea garatzeko abian jarri diren neurriak aipatu ditu.

Hartara, pertsona transexual, transgenero eta intersexualei nahiz hauen senide edo lagunei kalitateko osasun-arreta integrala bermatzea xede duen Transbide deritzon diziplina anitzeko unitate tekniko berriaren sorrera nabarmendu du Osasun Departamentuaren barnean.

Ikasturte honetan ere, Hezkuntza Sexualeko Espezializazio Diplomaren sorrera bultzatu da Nafarroako Unibertsitate Publikoan (UPNA), sexu eta genero aniztasuna ardatz nagusitzat hartuta.

Hezkuntza Departamentuari dagokionez, Ollok ziurtatu du “lanean dihardutela aniztasun efektibo-sexualari buruzko berariazko helburuak dituen Skolae programaren bitartez”. Horren harira, Hezkuntza Departamentuak Transexualitate Kasuetarako Hezkuntza arloko Protokoloa onartu zuen iaz, eskola komunitate osoa prestatu eta informatzeko, ikasleei eta senideei arreta emateko eta, behar izanez gero, erabilgarri dauden laguntza-zerbitzu publikoetara bideratzeko jarraitu beharreko pauso guztiak zehaztuz.

Ollo kontseilariak exekutiboak onartu eta egun abian diren bestelako neurriak ere aipatu ditu; hala nola, gatazkak konpontzeko bulegoaren sorrera Gazteria arloan, edota sexu bereko bikoteen parekatzea harrera nahiz adopzioetarako.

Azkenik, kontseilariak adierazi du Exekutiboak lanean diharduela LGTBI+ pertsonen berdintasun sozialerako Foru Legearen garapena bermatzeko, Ekintza Plan baten diseinuaren bitartez.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!