Nafarroak 105 milioi euro aurreztuko ditu datozen 12 urteetan zorra berriz finantzatu duelako

Euskalerria Irratia 2018ko mai. 17a, 08:38

Mikel Aranburu da Ogasun kontseilaria.

Mikel Aranburu Ogasun kontseilariaren arabera, eragiketa "arrakasta izan da, Nafarroak finantza-arloan duen sendotasuna eta merkatuei ematen dien konfiantza erakusten baititu”. 

Nafarroako Gobernuak maiatzean itxi ditu lau finantza-erakundek zorra eta maileguak birfinantzatzeko emandako zenbait eragiketa, eta, era horretan, foruaren diru-kutxan 8,6 milioi euro aurreztuko ditu urtean, batez beste 12,3 urteko denboraldian. Beraz, guztira 105 milioi euro aurreztuko ditu denboraldi horretan.

Horrela jakinarazi du Ogasun eta Finantza Politikako Mikel Aranburu kontseilariak, Gobernuak gaur, asteazkena, egin duen bileran. Aranbururen arabera, eragiketa "arrakasta izan da, Nafarroak finantza-arloan duen sendotasuna eta merkatuei ematen dien konfiantza erakusten baititu”. Horrez gain, kontseilariak adierazi du “Foru Komunitatea dela 20 urteko eperako finantzaketa hain baxua lortu duen bakarra”, finantzaketa-prozesuaren kanpo-balorazioan Nafarroari helarazi dion moduan.

Zehazki, Nafarroako Gobernuak 206 milioi euroko finantzaketa-premiak bete ditu, batez beste %1,3ko tasarekin, finantzatuta zeuden %5,49ren aurrean, eta batez beste 12,3 urteko bizitzarekin. Lau finantza-erakunderekin egindako eragiketetan, epe ezberdineko maileguak eta bonuak sartzen dira, 6,5 urtetik 19 urtera bitarte; baita ere, Altxorraren gaineko diferentzial ezberdinekin egindakoak, eta tartean aipatu behar dira Kutxabank-en mailegu bat, altxorraren gaineko diferentziala oinarrizko 5 puntu gutxiagorekin, eta beste bat Banco Sabadell-ekin, altxorraren azpitik oinarrizko puntu batekin.

Bederatzi finantza-erakundek egindako eskaintzen bitartez, guztira 722 milioi euro lortu dira, hau da, estali beharreko premiak hiru bider gehiago gainditu dira, eta, kontseilariaren arabera, hori Nafarroaren finantza-kaudimenaren beste seinale bat da. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!