Espainiak iaz 2012an baino 223 milioi gutxiago inbertitu zituen Nafarroan langabeziako prestazioetarako

Euskalerria Irratia 2018ko mai. 16a, 07:52

>Foru Komunitatean, ia 20.000 pertsonak ez dute ez lanik ezta Estatuaren laguntzarik ere.
>Gobernu zentralak desberdintasun hau orekatzeko egiten duen gastua % 53,5 murriztu da 2012az geroztik.

 

Nafarroako 20.000 langabe inguruk ez dute jasotzen Estatuko babes-sistemak emandako ezein prestazio edo subsidiorik; hau da, langabezian daudenen % 54,6k. Gobernu zentralak desberdintasun hau orekatzeko egiten duen gastua % 53,5 murriztu da 2012az geroztik, izan ere, urte hartan Estatuko Sistemak bideratutako 435 milioien aldean, 2017ko gastua 202 milioi eurokoa izan da, Eskubide Sozialen Departamentuak landutako azterlanaren arabera. Datu horiek Errealitate Sozialaren Behatokiko zuzendari nagusi Patxi Tuñónek aurkeztu ditu.

2013ko urtarrilari dagokio Nafarroan prestazio horietan izandako onuradun-kopururik handiena: 34.995 pertsona. 2017ko abenduaren bukaeran, 16.205 langabek jasotzen zuten Estatuko sistemak emandako prestazioren bat, hau da, % 53,7 gutxiagok.

Jaitsiera honek Estatuko gainerako autonomia-erkidegoei ere eragin die, baina neurri txikiagoan. 2017ko abenduko datuak kontuan hartuz, Nafarroan, estaldura-sistemak lan bila zebiltzan pertsonen erdia baino gutxiago barne hartzen zuen: % 45,35, hots, Espainia osoan dagoen % 55,5eko estaldura-portzentajea baino 10 puntu gutxiago.

Langabeei zuzendutako estaldura ekonomikoa gainerako autonomia-erkidegoekin alderatuta ere, Nafarroa ez dago egoerarik onenean. Urteko batez bestekoetan, Foru Komunitateak % 48,4ko estaldura-tasa du, Asturias (% 46) eta Euskadiren (% 42,5) aurretik. Balear Uharteak (% 88,7) eta Extremadura (% 66,3) dira prestazioa jasotzen duten langabeen kopururik handienak dituztenak.

Horren harira, Tuñónek gogoratu du lagabeziako prestaziorik ez jasotzeak kalteberatasun edo bazterketa egoerak sustatu edo finkatu ditzakeela egoera horretan dauden pertsonen artean, eta ondorioz, garrantzitsutzat jo du Nafarroako Gobernuari Errenta Bermatua gisako laguntza eskatzeko egoeran egon daitekeen kolektibo horren zenbaketa egokia egitea.

Pertsona batek enplegua galtzen duenean, prestazio edo subsidioren bat jaso dezake, zenbait baldintza betez gero. Laguntza hauek Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoak kudeatzen ditu, eta hiru motatakoak dira Nafarroan: prestazio kontributiboa; langabeziako subsidioa, zenbait aldaerarekin; eta aparteko bi laguntza: Laneratzeko Errenta Aktiboa (LAE) eta Enplegua Aktibatzeko Programa (EAP).

Prestazio gutxiago, subsidio gehiago

Nafarroan, 2017an izandako igoera arinaren gainetik, protagonismoa galduz joan da prestazio kontributiboa eta ehunekoetan gero eta pisu handiagoa hartu dute subsidioek eta aparteko laguntzek.

2017an, prestazioak eta subsidioak honela banatu ziren: % 56,1 prestazio kontributiboak izan ziren; % 36,9 subsidioak, % 6,6 laneratzeko errenta aktiboak eta % 0,3 enplegua aktibatzeko programak. 2008ko banaketan, % 72 prestazio kontributiboak ziren eta % 26,5 subsidioak.

Kontuan izan behar da subsidioaren hileko zenbatekoa 430 euro ingurukoa dela, eta ondorioz, Nafarroan lanik ez duten pertsonen erdiek ez dute langabeziako estaldurarik. Eta langabeziako estaldura dutenen artean, hamarretik lauk oso zenbateko murritza jasotzen dute.

Kopuruek frogatuta utzi dute langabeziako babes-sistema publikoaren mugapena, eta egoera honi lotutako kalteberatasun eta pobrezia-arriskuaren igoerak bultzatuta, beharrezkoa da egungo Errenta bermatua gisako orekatze-tresna propioak izatea. Kopuru absolutuetan, 2012-2017 epealdian, Estatua Nafarroako langabeei 435,6 milioi euro ordaintzetik 202,6 milioi euro ordaintzera igaro da. Bestalde, pertsona bakoitzeko egindako langabezia-estalduragatiko gastua (urteko batez bestekoa) 8.647 eurotik 5.439 eurora igaro da, % 37ko jaitsierarekin.

Datu hauen aldean, Errenta Bermatuari zuzendutako aurrekontuaren igoera nabarmendu behar da, izan ere, epealdi berean, Nafarroako aurrekontuan 30,2 milioi euroko zenbatekoa izatetik (lehen zegoen gizarte inklusiorako errenta barne hartuta) egungo Errenta Bermatua ordaintzeko hitz emanda dagoen 98 milioi euroko zenbatekora igaro da. Bestela esanda, langabeziagatiko gastua ia 233 milioi txikiagoa izanik, Errenta Bermatuaren igoera 67,8 milioikoa izan da.

Langabeziako prestazioen erabateko murrizketa nagusi den egungo testuinguruan sortutakoa da Nafarroak eta beste autonomia-erkidego batzuek egindako proposamena , langabeziako prestazioak hobetu daitezela eta autonomia-erkidegoetako gutxieneko errentekin bateragarriak izan daitezela eskatzeko. Nafarroaren kasuan, langabeziako prestazioa Errenta Bermatuarekin bateragarria izango balitz, Foru Komunitateak urteko 7 milioi euro inguruko aurrezkia izango lukeela kalkulatu da.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!