Nafarroako hamabi bainu-eremuetako zazpik bikain kalifikazioa dute

Euskalerria Irratia 2018ko mai. 16a, 07:48

Gobernuak 2018ko bainu denboraldia ezarri du, uren kalitate kontrola egiteko egutegiarekin batera.

Nafarroan dauden hamabi bainu-eremuetako zazpik bikain kalifikazioa dute uren kalitateari dagokionez. Hauexek dira: Morea (Beriain); Aragoi ibaia(Zarrakaztelu); Ur Gaziko Iturburua (Lizarra); Allozko urtegia (Gesalatz); Benasako arroila (Nabaskoze); El Pulguer urmaela (Tutera); eta Uztarroze ibaia(Uztarroze). Beste bik, Ezka ibaiak Burgin eta Urederra ibaiak Zudairin kalitate-kalifikazio ona lortu dute, eta Anduña ibaiak Otsagabian gutxiegizko kalitate-kalifikazioa du. Urederra ibaiko (Artabia) eta Araxes ibaiko (Betelu) bainu-eremuek ez dute kalifikaziorik, ondoz ondoko lau urtetako datuak behar baitira, gutxienez.

Nafarroako Gobernuak eremu horietarako bainu denboraldia ezarri du; 2018ko maiatzaren 28tik irailaren 16ra bitartean Morea, Ur Gaziko Iturburua, Allozko Urtegia eta El Pulguer Urmaeleko eremuetarako, eta uztailaren 16tik irailaren 2ra bitartean Urederra ibaia (Allin), Araxes ibaia (Betelu), Ezka ibaia (Burgi), Aragoi ibaia (Zarrakaztelu), Urederra ibaia (Zudairi), Benasako arroila (Nabaskoze); Anduña ibaia (Otsagabia) eta Uztarroze ibaiko (Uztarroze) eremuetarako.

Era berean, Gobernuak uren kalitate kontrola egiteko egutegia argitaratu du; hartara, hasierako laginketa eginen da bainu denboraldia hasi aurreko hamabostaldian, eta programatutako kontrolen bitartez, 9 ur-lagin bilduko dira ekainean, uztailean, abuztuan eta irailean Ur Gaziko Iturburuan, Allozko Urtegian, El Pulguer Urmaelean eta La Morea Urmaelean; gainerako eremuetan, gutxienez lau ur-lagin hartuko dira uztailean eta abuztuan.

Iazko denboraldian (2017) eta aurreko hirun urteetan (2014, 2015 eta 2016) egindako kontrolen emaitzen arabera lantzen da eremuak bainatzeko egokiak diren ala ez adierazten duen sailkapena. Horren kariaz, bere horretan mantendu da Otsagabiko Anduña ibaian ez bainatzeko gomendioa.

Informazio hori, egindako kontrolen emaitzekin eta eremuen sailkapenarekin batera, Balio horiek guztiak Osasun Ministerioaren Naýade (Bainua hartzeko Uren Estatuko Informazio Sistema) webgunean kontsulta daitezke. Bertan, Espainiako gainerako itsas hondartza eta hondartza kontinentalei buruzko informazioa ere eskura daiteke. Halaber, bainua hartzeko ingurune naturalei buruzko informazio guztia ISPLNren webgunean eskuragarri dago, bai eta Landa Garapen, Ingurumen eta Toki Administrazioko Departamentuaren webgunean eta esteka honetan ere.

Ur-kalitatearen kontrola

Bainua hartzeko guneen errolda ofiziala eta denboraldiaren iraupena eta lagin-puntuak kontrolatzeko egutegia Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko (ISPLN) Zuzendari-Kudeatzaileak emandako 111/2018 Ebazpenean jasota daude. Institutua da, Landa Garapen, Ingurumen eta Toki Administrazioko Departamentuko Ur Zerbitzuarekin batera, Nafarroan bainua hartzeko dauden guneen ur-kalitatea kontrolatu eta zaintzeaz arduratzen den erakundea.

Kontrolatutako parametroei dagokienez, Ur Zerbitzuak uraren tenperatura neurtzen du in situ, pH-a, bainua hartzeko gune bakoitzeko uhertasun eta eroankortasuna. Horrez gain, NOPLOIko laborategiak hesteetako Escherichia coli eta enterokokorik ote dagoen zehaztuko du, indarrean dagoen araudian ezarritakoari jarraiki. Era berean, ager daitezkeen beste kutsatzaile batzuei buruzko kontrolak ere jasoko ditu; hala nola, olio mineralak, substantzia tentsoaktiboak, fenolak, hondakin-mundrunak, plastikozko hondakinak, kristalezko hondakinak, hondakin organikoak, kolorea eta flotatzaileak. Zenbat jendek bainua hartu duen jasotzen da, egun eguzkitsu edo hodeitsua den, haizea dagoen eta lagiaren.egunean eta aurreko egunean euria egin duen. Azkenik, inguruneak higiene eta osasuneko zer baldintza dituen ikusten dira, bai eta bertan zer azpiegitura dauden ere.

Zebra-muskuilua (Dreissena polymorpha) espezie exotiko inbaditzailearen zabalkundea prebenitzeko, eta indarrean dagoen araudiaren arabera, bainua hartzeko ondorengo guneetan urarekin kontaktua izandako material eta lan-talde ororen desinfekzioa egiten da: El Puluer urmaela, Moreako urmaela, Allozko urtegia eta Zarrakazteluko Aragoi ibaia.

Bainu-eremu naturalez modu seguruan gozatzeko gomendioak

Nafarroan, igerilekuez gain, bainua hartzeko gune horiek aisialdirako erabiltzeko ohitura dago udan, bai eta itsas kirolak egiteko ere. Arrazoi hori dela-eta, duela 30 urtetik bainurako ur-kalitatea kontrolatzen da ura beren aisialdirako erabiltzen duten herritarren segurtasuna babeste aldera.

Nolanahi ere, Gobernuak gogora ekarri duenez, ez dago inolako araudirik aisialdirako gune horietan zaintza derrigortzen duena; beraz, Foruzaingoak, inguruneko zaintzaileek, eta beste edozein motatako segurtasun edo larrialdiren batek ere ez du Nafarroan bainua hartzen dutenen segurtasuna zaintzeko agindurik.

Garrantzitsua da igeri egiten dakien beste helduren batekin hartzea bainua, eta haurrak zainduta egotea beti; uretara mantso sartu behar da, aurrez garondoa eta eskumuturrak bustiz. Ez da gomendatzen uretara bat-batean sartzea, gune horrek zer-nolako sakonera duen jakiten ez bada.

Bainua hartzen ari den pertsona ur-lasterrak eramaten badu, hark eramateko gomendioa ematen da, lasterraren aurka igeri egin gabe, harik eta ur-lasterretik kanpo dagoela ikusten duen arte.

Halaber, bainua ez hartzeko gomendatzen da: asko jan edo edan bada, ura oso hotza badago, ariketa fisiko asko egin ondoren nekatuta badago, ekaitza badago edo lorik egin ez bada. Behin uretan dagoela, bainutik berehala atera behar da hotzikara asko baditu, nekatuta badago, sabelean edo besoan azkura badu, bertigoa edo burrunba belarrietan, edo beste edozein ondoeza badu.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!