“Altsasuko kasuan auziperatuak dauden gazteen gurasoek, lehenik eta behin, nafar gizartearengandik, Euskal Herritik eta penintsulako herri ezberdineko pertsona ugariengandik jasotako elkartasuna bihotz bihotzetik eskertu nahi dugu. Era berdinean eskertu nahi dugu nafar instituzioek (Legebiltzarra, Gobernua eta udaletxe ugari) herritarron eskubide eta askatasunen defentsaren alde hartutako konpromisoa.
Larunbatean Nafarroan azken hamarkadetako manifestaziorik handiena eta anitzena burutu zen, non 50.000 pertsonak baino gehiago parte hartu zuten. Manifestazioaren helburuak justizia exijitzea, terrorismoaren kalifikazioa errefusatzea, pertsona orori bermatu beharreko oinarrizko eskubideak defendatzea eta gure seme-alaben askatasuna eskatzea ziren. Helburu hauek gizartearen gehiengoa bere egiten duela uste dugu, eta manifestazio horrek kausa honekiko dagoen egonezina eta gizarte-alarma agerian utzi duela ere. Ibilbidearen bi kilometroak elkartasunaz, samurtasunaz, sentsibilitateaz eta esperantzaz bete ziren, elkarbizitza, bake eta justiziazko etorkizuna zimendatzen jarraitzeko lagundu behar dizkiguten balore positiboak hain zuen ere. Auziperatuen senitartekok, Altsasuko herriak eta aurrera egiteko grina duen gizarteak jasaten ari duen gorrotoari, mendekuari, botere-gehiegikeriei, gezurrari, injustiziari, terrorismoaren hutsaltzea eta oinarrizko eskubideei aurre egiten dieten baloreak.
Gero eta gehiago eta anitzagoak dira hau ez da terrorismoa, neurriz kanpokoa dela esaten eta justizia aldarrikatzen duten ahotsak. Gero eta komunikabide gehiagok beraien orriak, ondak eta programak irekitzen dizkiote gure mezuari. Gure herrian bezala, non ideologia guztietako pertsonak batu diren injustizia hau salatzeko, gero eta zabalagoa da kasu honek zortzi gazte eta beraien familiei soilik baino, zuzenbide-estatu demokratiko baten zutabeei eragiten dielaren kontzientzia.
Gure mezua desitxuratzen edota izkutatzen tematzen diren ahotsen aurrean, pasa den larunbatean hamar milaka pertsonen aurrean plazaratu genituen hitzak ekarri nahi ditugu gogora: Lehen unetik goizalde hartako gertaerak sentitu ditugu eta inoiz ez gertatu behar zirela esan izan dugu. Elkarbizitza, askatasuna, justizia eta giza-eskubidearen alde egin dugu. Ez dugu inpunitaterik eskatzen. Justizia nahi dugu eta errugabetasun-presuntzioa errespetatzea.
Ezohiko epaitegi batean izango dugu epaiketa, Nafarroako errealitatetik urrun dagoena, epaiketa zuzena izateko oinarrizko bermeak ematen ez dituena. Instrukzioan zehar defentsei ukatu zaie frogak aurkezteko eskubidea. Epaitegi Gorenak eskumena Audientzia Nazionalari eman zionean, Nafarroako Lurralde Entzutegia gutxietsiz, lotsagarria izan zen argudio juridikorik eza zela eta. Akusazioaren txostenak Guardia Zibilak berak egindako salaketetan oinarritzen dira. Epaitegi honek ukatu egin die gure abokatuei frogak eta lekuko oso garrantzitsuak aurkezterik. Ez du onartu alde batekin harreman ebidenteak dituen epailearen errekusazioa. Exajerazioa, distortsioa, neurrigabetasuna hain da handia, beldur garela gure seme alabek espetxe zigor handiak jasoko dituztela nahiz eta kasuaren larritasunarekin bat etorri ez.
Honen aurrean, auzia ez da batzuen eta besteen alde egotea, baizik denentzat oinarrizko eskubideen alde egotea. Jokoan dagoena ez da bakarrik gure seme-alaben etorkizuna. Eskubide eta oinarri demokratikoak daude jokoan, esaterako errugabetasunaren presuntzioa, epaile naturalarekiko eskubidea, legearen erabilera ez estentsiboa, proportzionaltasunaren oinarria, edo defentsarako eta epaiketa inpartzialarekiko eskubidea. Geure buruari galdetu behar diegu ea oinarri demokratikoak urratzen utziko dugun gehiegizko aktuazio mediatiko, politiko eta judizialaren bidez.”
Altsasuko Gurasoak