NUPen, heriotza duinari buruzko jardunaldiak

Euskalerria Irratia 2018ko api. 17a, 09:06

Argazkia: Heriotzari buruzko jardunaldiak Nafarroako Unibertsitate Publikoan izanen dira. / NUP

Saioak Sarioko Fernando Remacha aretoan egingo dira 10:00etatik aurrera, eta sarrera doakoa izango da eta ez da izena eman beharko. 

Nafarroako Unibertsitate Publikoan “Heriotza Duin baterako Elkarrizketak” jardunaldiaren bosgarren edizioa egingo da ostegun honetan, apirilaren 19an. Bertan parte hartuko dute, 17:15etik aurrera, Javier Sádaba Garay filosofo, idazle eta Madrilgo Unibertsitate Konplutentseko Filosofiako katedradun erretiratuak, eta hitzaldi hau eskainiko du. “Hezi al daiteke hiltzeko? (Eta eutanasiari buruzko ohar bat)”. Derecho a Morir Dignamente (DMD) elkarteak antolatu du topaketa, Unibertsitatearekin lankidetzan. Sarioko Fernando Remacha aretoan egingo da, Iruñeko Arrosadiko campusean, 10:00etatik aurrera, eta sarrera doakoa izango da.

Programak oraingoan aztergai du heriotzaren tratamendua eskolan. Haren izenburua “Hiltzen jakitea: bizitzeko heztea” da, saioak goizez eta arratsaldez egingo dira, eta aditu eta hezitzaileek parte hartuko dute. Horretaz gainera, Sádabaren hitzaldiaren ondoren, “Askeak amaiera arte” antzezlana jokatuko dute. José María Uribe Oyarbide Gizarte Laneko Saileko irakaslearen ekimen bat da, eta NUPeko 2018rako Kultura Proiektuen deialdian aukeratu zuten. Jardunaldiaren programa osoa, egun-orduak eta hizlariak barne, Unibertsitatearen webgunean dago kontsultatzeko.

Saioen programazioa

Jardunaldiari 10:00etan hasiera emango zaio, Inés Olaizola Nogales NUPeko idazkari nagusiaren eta Manuel Eciolaza Derecho a Morir Dignamente elkartearen Nafarroako ordezkari eta lehen arretako medikuaren aurkezpenaren bidez.

Gero, “Hiltzea eta eskola” izenburua duen mahai-inguruan parte hartuko dute Aitor Etxarte Bereziar Nafarroako Eskola Kontseiluko buruak eta Nafarroako Gobernuko Hezkuntzako Departamentuko hiru espezialistak: Idoia Sara Pérez, Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzakoa, María Asunción Vega, departamentu bereko Elkarbizitza Aholkularitzako bulegoburua, eta Pilar Mayo Falque, Berdintasun eta Elkarbizitza Ataleko burua. Nieves Ledesma Marín NUPeko Psikologia eta Pedagogia Saileko irakaslea izango da eztabaidaren moderatzailea.

Atsedenaldiaren ondoren, “Heriotza, azken tabua hezkuntzan” hitzaldi-lantegia egingo da Isabel Alonso, Nani Hidalgo eta Miren Oñate Kataluniako DMD elkartearen lehendakari, lehendakariorde eta bazkidearen eskutik. Gero, Javier Sádabaren hitzaldiaren eta lehen aipatu antzezlanaren txanda izango da. Manuel Eciolazak eta José María Uribek amaiera emango diete saioei.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!