'Altsasuko auzia' epaitzen hasiko dira gaur. Madrilen izanen da epaiketa luzea, Auzitegi Nazionalean. Gaur 10:00etan hasi eta apirilaren 27ra arte epaituko dute. 2016ko urriaren 15ean izandako gertaerak dira oinarria. Altsasuko ferietan, goizaldean, taberna bateko giroan izandako liskarra terrorismotzat hartua izanen da. Eta hamar dira 'Altsasuko auzian' epaituko dituztenak, gaurtik aurrera zortzi beste biak hemezortzi urte baino gutxiagokoak baitira. Jokin Unamuno, Oihan Arnanz, Adur Ramirez de Alda, Iñaki Abad, Julen Goikoetxea, Jon Ander Cob, Aratz Urrizola eta Ainara Urkijo epaituko dituzte. Guztira haientzat 375 urteko espetxe zigorra eskatu du fiskaltzak.
Altsasuko gazteei leporatzen dizkieten gertaerak terrorismoa direla ebatzi zuen Carmen Lamela instrukzio epaileak, auzipetze autoan. Horretarako, 2015eko Zigor Kodeko 573. artikulua erabili du. Horren arabera, terrorismo delitutzat hartuko da "bizitzaren edo osotasun fisikoaren aurkako edozein delitu larri", helburu jakin batzuei erantzuten badie. Altsasuko auzian, helburu jakin hori litzateke "biztanleen edo biztanle batzuen artean terrore egoera bat sortzea". Altsasun guardia zibilek bizi duten "jazarpen egoera" aipatzen du epaileak, eta tabernako liskarrak, haren ustez, lotura izanen luke horrekin.
Kolosala izan zen larunbatean Iruñean egindako manifestazioa. Altasuko auzia oro har salatu, justizia eskatu eta auzian berean proportzionaltasuna eskatu dituzten 50.000 lagunek. Goizaldean taberna batean gertatutako liskarra ezin daitekeela terrorismoa izan salatu zuten gizarteko eta politikako hainbat eragilek eta norbanakok. Auzia ikertu eta epaitu behar dela aldarrikatu zuten, baina dagokion kategoria eman, eta epaiketa Nafarroan egin behar dela eskatzen dute.
Taberna giroko liskarra, terrorismo bilakatuta
Nondik dator baina terrorismoa leporatu nahi izatea? Guardia Zibilak eta Espainiako Poliziak auziarekin lotuta egindako aurreneko txostenek ez zioten halakorik jaso. Gero etorri zen izendapen hori, Covite biktimen elkarteak jarritako salaketa baten ondorioz (akusazio partikularra da epaiketan) eta auzia Espainiako Auzitegi Nazionaleko Carmen Lamela epailearen eskuetara iritsi zen, eta "terrorismo" bihurtu.