Uholdeengatik aurre-larrialdi egoera ezarri du Gobernuak ostiralarte

Euskalerria Irratia 2018ko api. 11a, 10:53

Azken egunetako euriteek ibaien emaria asko handitzea eragin dute eta ohi baino haziago doaz. Horregatik, aurre-larrialdi egoera ezarri du. 

Alerta aurreko egoera ezarri du Nafarroako Gobernuak, uholde arriskuagatik, eta larrialdi egoetarako plana martxan jarri du.

Maria Solana Foru Gobernuko eledunak eman du jakitera erabakia, goizeko bileraren ondoren. Tokian tokiko arduradunak eta larrialdi zerbitzuak jakinaren gainean jarri dituzte, eta herritarrei ere egoeraren berri emango diete une oro.

Datozen orduotarako euri asko espero da, eta alerta horian dago Nafarroa. Ibaien ur emaria asko igo da, eta zenbait lekutan, gainezka egiteko arriskua handia da.

Bestalde, egoera aztertzeko, Larrialdietarako Mahaiaren bileradeitu dute eguerdirako.

Arga, alerta mailan

Azken orduotako euriteen ondorioz, urak harrotuta daude Nafarroako ibaietan. Funesen Arga ibaia alerta mailara iritsi da.

Nafarroako Gobernuak zabaldutako datuen arabera, bestalde, 08:30ean alerta aurreko egoeran zeuden Ega ibaia Murietan eta Lizarran, Aragoi ibaia, Caparroso, eta Ebro, Castejonen. Azken egunotan euri asko bota du, baina, batez ere, azken orduotako euri jasek eragin dute ur-goraldia, batean eta bestean.

Argaren ur emaria etengabe handitzen ari da Funes parean, eta Foru Gobernuaren azken datuen arabera, 5,05 metrora iritsi da uraren maila goizean,  sasoi honetan, batez besteko maila, 2,21 metrokoa denean.  Emaria segundoko 382,5 metro kubikokoa da gaur.

Lizarran goranzko joera du Ega ibaiak; 3,25 metroko maila harrapatu du (batez besteko maila 1,19 metrokoa da), eta segundoko 153 metro kubikokoko emaria du uneotan.

Antzeko egoeran da Aragoi ibaia, Caparroso parean:  3,65 metroko mailara iritsi da, batez bestekoa, 1,58 metrokoa denean.

Azkenik, Ebroren ur maila ere hazten ari da azken orduotan, Castejon inguruan.  Bere ohiko ur emaria bikoiztuta,  5,63 metroko mailara heldu da.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!