'Besarkatu' ekimena eginen du Sortzenek igandean Erriberrin

Euskalerria Irratia 2018ko apirilaren 11

Argazkia: 'Besarkatu' eguna iragartzeko egindako prentsaurrekoa. Erriberrin izanen da, igandean.

"Zonalde diskriminatuan" egonagatik, "orain arte D eredua aukeratu ezin izan duten familiak" zorionduko dituzte, "euskara eta eskarazko murgiltze-ereduari besarkada bat emateko". Egitaraua hemen ikus daiteke.

"Apirilaren 15ean, igandean, Erriberrin izango gara. Bertan, duela hiru urte arte eskola publikoetan euskaraz ikastea debekatua zuten Nafarroako zenbait herrietan D eredua irekitzea lortu duten familiak elkartuko ditugu. Eta batez ere, datorren ikasturtean beraien herrietako eskoletan euskarazko murgiltze eredua lehen aldiz irekiko duten Barasoaingo eta Azkoiengo familiak besarkatuko ditugu. Horiekin batera, Erriberriko, Alloko, Antzingo, Lodosako, Tafallako, Kaparrosoko eta Erriberriko familiak. Familia horiek zoriondu nahi ditugu aurrerapauso historiko baten protagonistak baitira", adierazi du Sortzen elkarteak. 

"Berotasuna" azaldu nahi diete familiei, "kasu askotan euskararen kontrako aurreiritziei aurre egin behar izan diete-eta". Horrez gainera, zoriondu nahi izan dituzte, "urte luzez debekatua izan zaigun Nafarroako hizkuntza berreskuratu eta ate berriak irekitzeagatik".

Egitarau zabala, denen neurriko

- Goizeko 11:00tan, Erriberriko Teobaldotarren Plazan, haurrentzako jolasak eta tailerrak izango ditugu. Bestalde, erraldoiez eta musikaz alaituko ditugu kaleak eta Erriberriko dantzari txikien emanaldia ere izango dugu. Goiz osoan zehar DJungle DJak plaza girotuko du eta taloak dastatzeko aukera egongo da.
- Eguerdiko 13.00etan, Besarkada ekitaldia ospatuko dugu. Plazaren erdialdean D ereduko familiek hezkuntzako eta euskalgintzako eragileetako ordezkarien berotasuna besarkada batekin jasoko dute. Ondoren, bertako produktuekin eta Errigorako jakiekin “piskolabis” bat prestatuko dugu.
- Eguerdiko 14:00ak arte jolasak eta musika izango ditugu.

Gogoan izanen dituztenak

Zonifikazioarekin amaitzeko "aurrerapausoak" eman dituzten udalerriak ere gogoan izanen dituzte, eta, horregatik, Erriberrin izanen dira hainbat udaletako ordezkariak.

Bestalde, Nafarroako parlamentuan sortutiko Euskara Batzordean eratutako taldea izan du hizpide Sortzenek, aldarri argia eginez: "Guk, Euskararentzako Lege Berri baten beharra aldarrikatuko dugu, euskararen ofizialtasuna Nafarroa osoan bermatuko duen Lege Berria alegia".

Amaitzeko, komunitate osoari egin diote 'Besarkatu' ekimenera joateko gonbita, bai eta "euskararen erabileran nafarren elkarbizitzaren aldeko apustu garbia ikusten dutenei", eguna bera "elkarbizitzaren aldeko aldarrikapena delako, euskara besarkatzeko, D eredua mugarik gabe zabaltzeko, elkarrekin, euskararentzat lege berri bat lortzeko".

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!