Altsasuko auzia Nafarroan epai dezaten eskatu dute hainbat sindikatuk

Euskalerria Irratia 2018ko apirilaren 10a

Argazkia: Nafarroako Abokatuen Kolegioko arduradunari eskatu diote kasua hemen epaitu dezaten.

LAB, ELA, ESK, CGT, STEILAS, EHNE eta HIRU sindikatuek "prozesu guztiaren proportzionaltasun eza" salatu dute, eta langileriari larunbateko manifestaziora joateko deia egin diote.

Nafarroako Probintzia Auzitegiak berak esan zuen, iaz, Altsasuko auzia bertan epaitu behar zela, eta behin baino gehiagotan aldarri hori bera egin dute Altsasu Gurasoak taldeak, sindikatuek eta parlamentuko gehiengoak. Gaur, Abokatuen Kolegioko arduradunari eskubide hori bermatu dezan eskatu diote LABek, ELAk, ESKk, CGTk, STEILASek, EHNEk eta HIRUk, erregistratutako idazki baten bitartez. 

"Nafarroan epaitu behar da Altsasuko auzia. Horrela esan zuen Nafarroako Auzitegiak ere", adierazi du Iratxe Alvarez ESKko kideak, gainontzeko sindikatu guztien izenean. "Neurritasun eza" zigor eskaeretan eta "gazteek pairatzen duten egoeran" dagoela deritzote, halaber; era berean, hiru gaztek espetxean hamasei hilabete daramatzatela izan dute gogoan. 

"Elkatasuna adierazi nahi diegu auzipetuei eta senideei", esan du Alvarezek, eta langileriari dei egin dio, larunbateko mobilizazioarekin bat egin dezan. Mobilizazioak Justizia leloa izanen du eta Golem zinemetatik abituko da, larunbatean, 17:30ean.

Astelehenean hasiko da epaiketa

Apirilaren 16an hasiko da Altsasuko gazteen kontrako epaiketa Auzitegi Nazionalean. Sindikatuek antolatzen diren babes mobilizazio guztietara joateko gonbita luzatu diete herritarrei.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!