Bakea, bizikidetza eta giza eskubideak ardatz hartuta hirugarren aldiz jardunaldiak antolatu ditu Gobernuak. 'Bizikidetza erein. Begiratu bat artearen bidez' izenarekin eginen dituzte ostegunetik hasita. Baluarte jauregian izanen dira guztiak eta sarrera librea izanen da.
Erakusketa, mahai-ingurua eta tailerrak
“Arpillerak: memoriaren harira, etorkizuna ehuntzen” erakusketak irekiko ditu Jardunaldiak apirilaren 12an, ostegunarekin, 12:00etan. Conflict Textiles-ek biltzen dituen 300 pieza baino gehiagotatik hautatutako 30 piezak osatzen dute erakusketa. Pieza horietan, egileek gatazka-testuinguruetan eta giza eskubideak urratzen diren egoeretan bizi izan dituzten esperientziak kontatzen dituzte eguneroko materialen bidez, hala nola orratzen, hariaren eta tela-pusken bidez. Piezak Txiletik, Argentinatik, Kolonbiatik, Perutik, Ingalaterratik, Ipar Irlandatik, Alemaniatik eta Espainiatik datoz, eta aldarrikatu, abestu, salatu eta interpelatu egiten dute; ahalordetzearen, testigantzaren eta memoria gordetzearen forma artistiko bat da.
Erakusketa apirilaren 24ra arte egongo da ikusgai Baluarten, eta ikusleei zuzendutako zenbait proposamen ditu. Apirilaren 12an bertan, Roberta Bacic-ek, erakusketaren komisarioak eta Conflict Textiles-en sortzaileak, hitza hartuko du “Etorkizuna ehuntzen. Bizikidetzaren aldeko hari-puntadak” mahai-inguruan, bai eta beste hauek ere: Gernikako Bake Museoko Iratxe Momoitiok eta Idoia Orbek, Badalonako Fundació Ateneu de Sant Roc-eko Roser Corberak eta Burlatako Askatasuna Institutuko Ekaitz Goikoetxeak. Han, beren esperientziez hitz egingo dute, bai eta bizikidetzaren, giza eskubideen eta bakezko kultura baten balioak helarazteko ehungintza-artisautzara jotzen duten proiektu artistikoez ere. Apirilaren 13an, arpilleren historiari eta sorrerari buruzko tailer praktikoak egingo dira Baluarten, Nafarroako hezkuntza-zentroei eta elkarteei zuzenduak. Hilaren 14an, herritar guztiei zabalduko zaie tailer hori bera. 10:00etatik 12:00etara izango da, eta, parte hartzeko, izena eman behar da, aldez aurretik, pazyconvivencia@navarra.es edo bizikidetza@navarra.es helbideetan. Lekuak mugatuak dira. Apirilaren 14ko arratsalderako, bi bisita gidatu antolatu dira Roberta Bacic-ekin, 17:00etan eta 18:00etan. Erreserbak pazyconvivencia@navarra.es eta bizikidetza@navarra.es helbideetan egin ahal izango dira.
Sari-banaketa, zineforuma eta antzerkia
Hilaren 16an, astelehenarekin, 12:00etan, “Aniztasuna aberastasun” I. Eskola Lehiaketaren sari-banaketa izango da, non Nafarroako Hezkuntza Zentroetako Lehen eta Bigarren Hezkuntzako ikasleek hartu baitute parte. Ekitaldian, dantza- eta musika-emanaldiak izango dira, eta talde sarituek eta haien senideek hartuko dute parte.
Apirilaren 19an, Saharako Nazioarteko Zinema Jaialdian saritua izan den “Aberri zatitua” filma emango da, eta, ondoren, “Abidin Kaid Saleh” Ikus Entzunezkoetan Trebatzeko Eskolari buruzko elkarrizketa izango da eskolako zuzendari Omar Ahmed-ekin eta zinema-zuzendari sahararra eta eskolako irakasle den Brahim Chagaf-ekin. Elkarrizketa eskolako koordinatzaile Carlos Cristóbalek moderatuko du. “Aberri zatitua” guztiz sahararra den lehenengo film luzea da, eta Abidin Kaid Saleh zinema-eskolako lehenengo promozioko ikasleek zuzendu eta egin dute. Film horrek kontzientziak astintzen ditu, eta adiskidetasuna eta maitasuna ditu ardatz, aberri zatitu batekiko maitasuna, maiuskulaz.
Jardunaldiak apirilaren 22an amaituko dira, Proyecto 43-2 konpainiaren Viaje al fin de la noche antzezlanarekin. Antzezlan hori Pablo Rodríguezek zuzendu du, eta María San Miguel eta Alfonso Mendiguchía dira protagonistak. Viaje al fin de la noche gure lurraren orainaren mosaiko bat da, eta terrorismoaren eta indarkeriaren biktimen seme-alaben ahotsetan eta kontakizunetan oinarrituta eraiki da.
Jardunaldiak egunez egun
Apirilak 12, osteguna: Erakusketa baten inaugurazioarekin mustuko dituzte jardunaldiak. 'Arpillerak: memoriaren haritik etorkizuna josten' izena du erakusketak eta eguerditik aurrera izanen da ikusgai. Arratsaldeko zazpietan gainera mahai-inguru bat ere eginen dute 'Bizikidetza harilkatuz etorkizuna josi' goiburuarekin. Hizlari ariko dira Roberta Bacic, Iratxe Momoitio, Idoia Orbe, Roser Corbera eta Ekaitz Goikoetxea.
Apirilak 14, larunbata: Familiei bideratutako tailerra antolatu dute 10:00etatik 12:00etara. Roberta Bacic eta Nuria Bonavila ariko dira gidari lanetan.
Apirilak 16, astelehena: Eguerdian sari banaketa eginen dute 'Aniztasuna aberastasun' izenarekin. Lehen Eskola Lehiaketa izan da hori.
Apirilak 19 osteguna: Zine-foruma izanen da egun horretan. 'Patria dividida' izeneko filmea ikusi ondoren solasaldia izanen da Saharako Zine Eskolarekin batera. Arratsaldeko zazpietan hasiko da.
Apirilak 22, igandea: Antzezlan bat ikusi ahalko da Baluarten, 'Viaje al fin de la noche' izenekoa. Arratsaldeko zazpietan izanen da.