Datorren larunbatean, apirilaren 7an, urtebete egingo da Iruñeko Udalak Zentro Elkarlaneko Gunea zabaldu zuenetik Kondestablearen jauregiko 2. solairuan; Partaidetzako eta Gizartea Ahalduntzeko Zentro gisa, xede du elkarteen eta, oro har, herritarren eskura jartzea informazioa, baliabideak eta prestakuntza, banaka edo taldeka hiriaren garapenean parte hartu dezaten.
Hamabi hilabete hauetan partaidetzari buruzko informazioarekin loturiko 2.600 kasu baino gehiagori eman die aurrez aurreko arreta, eta elkarteen 621 kontsulta tekniko zein legal jaso ditu. Datuok gaur goizean eman dituzte udal-baliabide horretan jarduten diren teknikariek eta bertako arduradunak: Herritarren Partaidetzako eta Gizartea Ahalduntzeko eta Berdintasuneko eta LGTBIko Alorretako zuzendari Ana Gil, partaidetzako teknikari Ana Etxaleku eta Oihana Gallo, Zentroko Informazio eta Komunikazio Zerbitzuko Sara Rodríguez eta Liburutegi eta Dokumentazio Zentroko Edurne Galetx. Zentrok eskaintzen dituen zerbitzuen berri eman dute, xehe-mehe: partaidetzako argibide eta baliabide zerbitzua, Liburutegia eta Dokumentazioa Zentroa, Aholkularitza teknikoa eta legala eta Ahalduntze eta Partaidetzako Udal Eskola (APUE).
Komunikabideekin egindako topaketan izan dira, baita ere, Zentro erabiltzen duten kolektiboetako zenbait ordezkari, besteak beste, Mujeres del Maiz elkarteko José Luis Roque, eta Lakarra elkarteko zein Gizarte Aktibisten Nafarroako Erakundeko Santiago Larrañeta. Halaber, Aktibatu zure ahotsa ikastaroaren prestatzaile Zahira Montalvo izan da bertan.
Kondestablearen jauregiko bigarren solairuan kokaturik, Zentro astelehenetik ostiralera dago zabalik, 10:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 21:00etara. 948 420 266 telefonora deituta ere jar daiteke Zentrorekin harremanetan, bai eta informacion.participacion@pamplona.es eta biblioteca.participacion@pamplona.es helbideak erabilita ere. Gunearen helburuen artean honako hauek daude: Iruñean jarduketak garatzea eta dinamizatzea partaidetzako eta gizartea ahalduntzeko arloetan informazioa eskuratu eta gaitzeko; herritarren eta gizarte-ehunaren eskura jartzea laguntza-baliabideak, norberaren partaidetza eta kolektiboena garatze aldera; elkarteei laguntza ematea beren jarduketak hedatzerako orduan; eta honelako gaietan interesa duten gizarte-entitate zein herritarrei arreta ematea, xede hartuta demokrazia partizibatiboari bultzada ematea.
Aholkularitza eta espazio zein materialen lagapenak
Elkartegintzarekin, herritarren partaidetzarekin eta gizartearen ahalduntzearekin loturiko gaien inguru informazio- eta arreta-zerbitzuak 2.669 kasuri eman die aurrez aurreko arreta bere ibilbidearen lehenbiziko urte honetan. Entitateen esku jartzen ditu erabilera anitzeko 3 gela, jarduerak egin edo prestakuntza emateko, eta horiek 454 alditan laga dira. Beste baliabide batzuk ere, hala nola ekipamendu informatiko mugikor zein finkoak eta proiektagailua, 137 jarduera egiteko utzi dira. Erreprografia-zerbitzuak (inprimagailua, orriak josteko makina eta orriak tolestekoa) eta ordenagailuek 279 erabilera izan dituzte. Internet zerbitzua ere eskaintzen da, lan egiteko eta irakurtzeko gune batekin, informazioa espezializatua eta eguneratua banatzen da, aurrez aurre zein online (webgunea, sare sozialak, buletina, mezu elektronikoak, etab.) eta beste zenbait jarduera egiten dira, zeinek, oro har, partaidetza, boluntario-lana eta elkartegintza sustatzen baitituzte. Une honetan, 90 elkarte daude Zentron izena emanda.
Zentro Elkarlaneko gunean Liburutegi bat eta Partaidetzako eta Gizartea Ahalduntzeko Dokumentazio Zentroa daude. Bertan ahalduntze eta partaidetza gaietan espezializatutako funts bat dago, eta material bibliografikoa maileguan har daiteke. Gaur egun, funts horrek 1.000 aletik gora ditu, gai hauek jorratzen dituztenak, besteak beste: herritarren partaidetza, komunitate-ekintza, demokrazia, gizarte-mugimenduak, ekonomia alternatiboa, gizarte- zein komunikazio-gaitasunak eta gizarte-desparekotasuna. Nafarroako Liburutegi Publikoen Sarean kontsultagai dago katalogoa, sare horretan txertatu baitzen joan de abuztuan. 250 mailegu egin dira, eta 85 kontsulta irakurketa-gunean. Internet erabiltzeko zerbitzua ere eskaintzen da.
Aholkularitza juridikoa eta komunikazio-bide propioak
Partaidetza gaietako Aholkularitza juridikoaren xedeak dira herritarrei, oro har, eta irabazi asmorik gabeko erakundeei, bereziki, informazioa, aholkularitza eta trebakuntza ematea partaidetzari buruzko gaietan; herritarren parte-hartzea eta elkarte-mugimendua sustatzea herritarren garapenerako elementu giltzarri gisa; bitartekaritza estrajudiziala ahalbidetzea kolektibitateetan edo irabazi asmorik gabeko entitateetan sortutako gatazketan; laguntza ematea gizarte-ekintzailetza sustatzeko proiektu eta ekimenetan; eta dagoen ehun asoziatiboa sendotzea. Hamabi hilabete hauetan elkarteen 631 kontsultari erantzun dio, eta 16 ikastaro eman ditu. Harremanetarako helbide elektronikoa asesoria.participacion@pamplona.es da.
Zentrori buruzko informazio guztia kontsultagai dago 17.573 bisita izan dituen participa.pamplona.es webgunean,, bere jarduna ere Facebook eta Twitter bidez zabaltzen da, horietan 887 jarraitzaile dituelarik, eta Youtuben 29.182 aldiz bistaratu dira bere argitalpenak. Erabaki.pamplona plataformari dagokionez, 10 prozesu partizipatibo izan ditu zabalik, eta horiek jarraitu dituzte 1.389 erabiltzailek. Plataformaren bitartez egin dira 508 proposamen, eta 1.634 boto jaso dira.
Ahalduntze eta Partaidetzako Udal Eskolan izena emateko epea zabalik
Ahalduntze eta Partaidetzako Udal Eskolak (APUE) hiru gai-ardatzetan banatutako ikastaroak eskaintzen ditu etengabeko programazioaren barruan: ahalduntze pertsonala, taldeen eta erakundeen ahalduntzea, eta gizartearen eta komunitatearen ahalduntzea. Ikastaro bakoitzaren iraupena 2 ordutik 80 ordu baino gehiagora bitartekoa izan daiteke, eta Zentro Elkarlaneko gunean egiten dira. 2017ko apiriletik 2018ko martxora bitarte herritarrei eta elkarte zein kolektiboei zuzendutako 47 ikastaro eskaini dira, eta horietan 800 lagunetik gora eman dute izena. Prestakuntza hori 30 prestatzaile baino gehiagoren eskutik eman da. Etengabeko prestakuntza horrez gain, eskolak doako ikastaroak eskaintzen dizkie “nahieran” gizarte-entitateei, diru-laguntzak deitzen ditu partaidetzako eta gizartea ahalduntzeko prestakuntza-proiektuetarako, eta biltzarrak eta topaketak antolatzen ditu, Teknologia eta Demokrazia, Gune komunitarioen kudeaketa eta Lankidetza-komunitateak izeneko jardunaldiak, besteak beste.
2018ko apiriletik ekainera doan hiruhilekorako beste 17 ikastaro eskaintzen ditu APUEk, eta horietako 11tan izena emateko epea zabalik da oraindik ere; zehazki, hauetan: Komunikazio eraginkorraren garrantzia adimen emozionalean (12 ordu); Talde-jardunak eta prozesu kolektiboak bideratzea (36 ordu); Proiektuen diseinua: egitea, jarraitzea eta ebaluatzea (3 ordu); Elkarteen finantzaketa: diru-laguntzak eta beste zenbait bide (3 ordu); Elkartearen egunez egunekoa: entitatea nola kudeatu egunez egun (3 ordu); Kontaketa eta dokumentazio grafikoa prozesu kolektiboetan (8 ordu); Metodologia partizipatiboak (24 ordu); LGTBfobia prebenitzea gazte eta nerabeen artean (8ordu); Maskulinotasunak: berdintasunerantz (20 ordu); Amatasunen topaketak (8 ordu); eta Prestakuntza, zurrumurruen aurkako estrategietan prestatzaile ari direnendako (14 ordu).
Ikastaroak 18 urtetik gorakoei zuzenduak dira, eta izen-ematea aurrez aurre –Zentro Elkarlaneko Gunean, 10:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara–edo online egin daiteke. Izen-ematea online egiteko, emep@pamplona.es helbidera bidali behar da izena emateko fitxa, zeina eskuragarri baitago Udalaren www.pamplona.es webgunean eta participa.pamplona.es webgunean.