Altsasuko Auziak dituen zifren artean beltzenak dira: bihar, martxoaren 29an, beteko dituzte 500 egun espetxean. Hala daramate Adur Ramirez de Aldak, Oihan Arnanzek eta Jokin Unamunok. Eta auzi horretan gainera beste zazpi lagun ere auzipetuta daude. Terrorismo delituak egozten ahal dizkiete 2016ko urriaren 14ko goizaldean, herriko ferietan, goizaldean eta taberna giroan izan ziren liskarrengatik. Bi Guardia Zibilei eta haren bikotekideei ustez eraso egin zieten gazte horiek. Ubeldurak eta orkatila bihurrituak izan zituzten erasoa salatu dutenek. Eta apirilaren 16tik 26ra izanen dute hamar gazte horiek epaiketa: terrorismo delituak egozten ahal dizkiete eta fiskaltzaren zigor eskaera 375 urteko espetxe zigorrarena da.
Apirilaren 14an manifestazioa Iruñean
Epaiketa iritsi aurretik indarrak hartu eta herri oso baten babesa dutela erakusteko manifestazioa eginen da Iruñean. Altsasuko Gurasoek ia urte eta erdi honetan gelditu gabe egin dituzte ekimenak. Justizia, egia eta proportzionaltasuna eskatu dituzte denbora honetan guztian eta herritar askoren babesa izan dute. Azken asteburuetan bost etapa desberdinetan Nafarroan barrena ibili dira auziaren nondik norakoak azaltzen eta herritarrei informazioa emanez. Terrorismotzat hartzeak ez duela zentzurik argi utzi nahi izan dute.
Apirilaren 14an manifestazioa eginen dute hiriburuan. Altsasukoak Aske Plataformak eta Altsasu Gurasoak taldea osatzen duten familiek gonbidapena luzatu dute apirilaren 14an egingo den manifestazioaren aldeko ekintzak antolatzeko Euskal Herrian.
"Gauzatu ahal izango den toki guztietan eta horretarako prest dauden pertsona guztiendako da deialdia. Gure proposamena irekia da eta tokian tokiko ideietara egokitu daiteke: elkarretarazteak direla edo herri-bazkariak, auto-ilarak, kontzertuak edo pankartak… beti ere, manifestazioaren deialdian aldarrikatu bezala, aniztasunetik eta herritarrok biltzeko asmoz", adierazi dute.
Eskatu dute argazkiak eta deialdiak ezdaposible.altsasu@gmail.com helbidera bidaltzeko.
"Ziur gaude, manifestaziora deitu genuen egunean adierazi bezala, jende asko dagoela bat datorrena ideia honekin: ez direla gure gazteak soilik aulkian eser araziko dituztenak. Jendartearen etorkizuna dagoela jokoan, askatasuna eta eskubideetan eragiten duen nagusikeria gauzatzen denean, ezerk ez baitu bermatuko beste inori ez ote dion eragingo. Horretan esperientzia handia dugu".