(H)Ilbeltza beka 'The Blunderer' euskaratzeko bideratuko dute

Euskalerria Irratia 2018ko mar. 28a, 08:23

Maitane Maritorena, Joseba Otondo eta Mikel Soto, II. (H)ilbeltza bekaren aurkezpenean. Arg:erran.eus

Liburu horren 29. kapitulua euskaratzea izanen da hautagaia aukeratzeko jarri duten lana. Horretarako, itzultzaileek lanak aurkeztu beharko dituzte ekainaren 21a baino lehen. 

(H)Ilbeltza beka zertarako baliatuko den zehaztu dute Baztango Udalak, Txalaparta argitaletxeak eta (H)Ilbeltza Elkarteak. 'The Blunderer' nobela beltza, Patricia Highsmith-ena euskaratzea izanen da helburua. Hori egin ahal izateko 29. kapitulua euskaratzeko beharko dute parte hartu nahi dutenek itzultze lan horretan. Lan hori egin nahi dutenek aukera izanen dute ilbeltza.com webgunetik euskarara ekarri beharreko liburuko kapitulua deskargatzeko eta lana aurkezteko ekainaren 21a baino lehen. Irailaren 15a baino lehen epaimahaiak erabakiko du nori emanen dioten The Blunderer liburua euskaratzeko beka. 5.000 euroko laguntza izanen da. 

Joseba Otondo alkateak hitz egin zuen lehendabizi eta Baztan Euskal Herriko kultura-mapan kokatu nahi dela eta hori «eragile gisa» egin nahi duela nabarmendu zuen. Gogora ekarri zuen aitzineko urtean aurkeztu zutela beka eta Miel Anjel Elustondo azpeitiarrak irabazitako lehen beka hark sorkuntza sustatu nahi zuela. Aurtengoak berriz, itzulpena bultzatu nahi du «bistatik galdu gabe itzulpenak ere baduela sorkuntzatik».

Maitane Maritorena (H)ilbeltzako kideak ere gai horri heldu zion eta zera nabarmendu zuen: «Joan den urtean hasi genuen bideari jarraituko diogu aurten ere. Sormenera ez ezik, itzulpenari ere ateak irekitzea da gure nahia, aukera ederra iduritzen baitzaigu mundu zabalan dauden nobela beltz interesgarriak gure hizkuntzan, euskaraz, leitzea». Berak iragarri zuen Patricia Highshmith idazle estatubatuarraren The Blunderer liburua itzultzea izango dela aurtengo bekaren xedea.

Mikel Soto Txalapartako editoreak azaldu zuen Higshmith hautatu izanaren arrazoia eta garrantzia. Idazle honek literatura beltzean izan duen eragina nabarmendu zuen eta itzulpen beka «emakume batekin abiatu nahia» gaineratu zuen, horretarako Higsmith aukerarik onena zela iritzita. Idazle estatubatuarrari buruz esan ohi dena gogora ekarri zuen: «Higshmithek gizakiei buruz idazten du armiarma batek intsektuei buruz hitz egingo lukeen bezala».

Higsmithen pertsonaiarik ezagunena ere hizpidera ekarri zuen: Tom Ripley. Eta, horren harira, euskaraz argitaratu diren lanak aletu zituen: Ripleyren jokoa eta Ripley trebea eleberriak euskaratuak dituzte Maria Garikanok eta Asun Garikanok; Igela argitaletxeak kaleratu zituen 1995 eta 1999an. Horiez gain, Koro Navarrok Poliki, poliki haizetan narrazio bilduma euskaratu zuen 1988an, Elkar argitaletxearen eskutik.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!