'Etxeko saltsak' antzerkia, gaur, Irrizikloan

Euskalerria Irratia 2018ko mar. 27a, 08:05

Aitziber Garmendiak, Ane Gabarainek, Mikel Laskurainek eta Aitor Fernandinok eskainiko dute obra, Nafarroako Antzerki Eskolan, 20:00etan.

Txalo Produkzioak konpainiak buru emango dio bihar, martxoaren 27an, asteartearekin, IrriZiklo 2018 euskarazko umore zikloari, Etxeko saltsak endredozko komediarekin, Relatively speaking antzezlan arrakastatsuan oinarritutako lan bat, non bikoteen sekretuak izango baitira ardatz nagusi. Istorioak hamaika norabidetan gurutzatuko ditu pertsonaien bideak, eta gaizki-ulertutik gaizki-ulertura, ikusleek pertsonaiek baino informazio gehiago izango dute. Mikel Laskurain eta Ane Gabarain aktoreek azaldu dituzte gaur, prentsaurrekoan, ikuskizunaren xehetasun guztiak. Emanaldia 20:00etan izango da, NAEn, eta sarrerak hiru euro balio du. Oraingoz, 430 lagun bertaratu dira aurten IrriZikloko ikuskizunak ikustera.

Txalo konpainia gipuzkoarrak, Xabier Agirreren zuzendaritzapean, euskarazko zein gaztelaniazko obrak taularatzen ditu, tokian nahiz estatuan oso ezagunak diren aktoreekin, eta horri esker Euskal Herrian zein kanpoan emanaldi gehien egiten dituzten euskal konpainietako bat da. La ratonera obra bi mila alditan baino gehiagotan antzeztu zuen hiru urtetan zehar, eta konpainia bat egon zen Madrilen lan hori antzezten, eta beste bat biran.

Orduz geroztik, euskarazko antzezlan txikiagoak eta urtean ekoizpen handi bat –izen handiko aktoreekin egindakoa– uztartzen dituzte. Txalok mota askotariko antzezlanak produzitu eta koproduzitu ditu (drama, misterioa, haurrendako komediak, bakarrizketak eta musikalak) eta sari ugari jaso ditu estatu osoan. Adibidez, 2007an, Donostia Antzerki Saria jaso zuen, Artea antzezlanagatik, non Yasmina Reza frantziarraren lan arrakastatsuaren euskarazko egokitzapena egin baitzuen. Aurrez gaztelaniaz estreinatu eta arrakasta handia izan duten lanak egokitzeko ildoari jarraiki, Grönholm metodoa dago.

Euskal eszena-munduan oso ezagunak diren lau aktore eta zuzendaria

Ane Gabarain (Donostia, 1963) erregistro komikoan espezializatutako aktorea da, ETB kateko Bi eta bat, Jaun ta Jabe eta Mi querido Klikowsky telesailetan egindako lanagatik ezaguna. Horrez gain, Álex de la Iglesia zuzendariaren La comunidad eta 800 balas filmetan parte hartu du. Gaur egun Maritxu hezurmamitzen du Allí abajo telesailean. Mikel Laskurain (Bergara, 1965) euskal eszenan ibilbide luzea egin duen aktorea da baita ere, hala zineman nola antzerki zein telebistan. Zineman egindako lanen artean nabarmentzekoak dira Loreak (2014), Huntza (1992) eta La ardilla roja (1993).

Halaber, eskarmentu handia dauka antzerki-, zinema- eta telebista-munduan Aitor Fernandino aktore donostiarrak. Teatro Paraíso, Ados Teatroa, La Baldufa Teatre, Porpol Teatro eta Deabru Beltzak konpainiekin lan egin du, besteak beste. Aktore eta telebistako aurkezle Aitziber Garmendiak (Zaldibia, 1982) Batek daki! programa gidatzen du orain, ETB1 telebista-katean. Hainbat filmetan parte hartu du, Ocho apellidos vascos film luze arrakastatsuan, besteak beste. Bere lehen antzezpena Dario Foren Hitz egin dezagun sexuaz obran izan zen.

Antzezlan hau Begoña Bilbaok zuzendu du, zeinak konpainiaren beste hainbat antzezlan zuzendu baititu: Ate joka, Magia Teilatuan, Kanpanilla eta Peter Panen itzala, eta Oscar Wilden The Canterville Ghost obra famatuaren euskarazko moldaketa. Zuzendari-lanak egiten ditu hala haurrendako nola helduendako antzezlanetan. Gaur egun Hil arte bizi antzezlanaren zuzendari-lanetan dihardu.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!