Iruñean aurkeztu dute gaur Euskaraldia, Kondestable Jauregian izan den agerraldian. Bertan izan dira: Ana Olllo, Nafarroako Gobernuko Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetarako kontseilaria, Mikel Arregi, Euskarabideako zuzendaria, Oskar Zapata, Nafarroako Euskaltzaleen Topaguneko arduraduna, Elena Laka, Euskaltzaleen Topaguneko presidentea, Arrate Illaro, Euskaltzaleen Topagunea eta Euskaraldiako koordinatzailea, Kike Amonarriz, soziolinguista eta Eneko Gorri, BAM dinamika barrutik bizi duen euskaltzalea.
Eurekin batera, egitasmoaren sustatzaile diren erakundeetako kideak egon dira aurkezpenean. Besteak beste, hautetsiak, euskara teknikariak, Nafarroako euskalgintza, euskara elkarteak eta politikariak izan dira bertan.
2017ko azaroaren 23an egin zen lehen gizarteratzea eta gaur, Nafarroa mailako aurkezpena egin da. 2018ko azaroaren 23tik abenduaren 3ra, hizkuntza ohituretan eragiteko helburuz, Euskaraldia 11 egun euskaraz lelopean egingo da Euskaraldia.
Euskaraz hitz egin edo ulertzeko gai diren herritarrak izango dira ekimeneko protagonista, eta, 11 egunetan zehar, beren ohiko harreman sareetan euskaraz aritzeko gonbitea egingo zaie, inertziak apurtu eta euskarazko hizkuntza praktikak bultzatzeko helburuz.
Gaur aurkeztutako ekimenak, baina, epe luzeagorako ibilbidea izango duela azaldu dute Euskaraldia aurkeztu duten eragileek.
Mahai instituzionalak egin du lehenik Euskaraldiaren aurkezpena. Ana Olllo, Nafarroako Gobernuko Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetarako kontseilariaren hitzetan: “Proiektuak, erantzukizun partekatuak bilatzen ditu: gizarte-eragileak eta erakunde publikoak batuz, batetik, eta norbanakoen zein entitateen inplikazioa bilatuz.” Ildo horretan, Mikel Arregik, Euskarabideako zuzendariak azpimarratu duenez: “Lehenbiziko aldia da erabilera aktibatzeko gizarte-eragileak eta erakunde publikoak batzen direla norbanakoen zein entitateen inplikazioa bilatuz.”Oskar Zapata, Nafarroako Euskaltzaleen Topaguneko arduradunak eskertuta eta pozik daudela esan du: “herriz herriko euskaltzaleon sareak osatzen eta euskalgintzako agente guztiak elkarlanean, emaitza polita lortzen ahal dugula ariketa honetan ere sinesten dugulako.” Elena Laka, Euskaltzaleen Topaguneko presidenteak elkarlanean jarri du fokua: “azken urteotan hainbestetan aldarrikatu dugun elkarlana ekimen zehatz baten bueltan ardaztu nahiko genuke. Herriz herri auzolanerako eta eragile arteko harremanetarako eremu izatea gustatuko litzaiguke”.
Ondoren, Arrate Illaro mintzatu da, Euskaraldiko koordinatzailea. Dinamikaren nondik norakoak azaldu ditu eta egitasmoaren egoeraren inguruko azalpenak eman ditu. Kike Amonarriz Soziolinguistak hartu du hitza geroxeago. Zergatik da garrantzitsua Euskaraldia Nafarroarentzat? Galdera hori erantzuten saiatu da Topalabeako kidea. “Askotan aipatu izan dugu euskara bidegurutze batean dagoela eta hizkuntzaren biziberritze-prozesuari dagokionez, fase-aldaketa batean gaudela” adierazi du Amonarrizek. Bizi dugun une soziolinguistikoaren ezaugarri nagusiak azaldu ditu, eta une honen garrantzia nabarmendu du.
Bestalde, Euskaraldia egitasmoa testuinguru soziolinguistiko honetan kokatu du Amonarrizek. Izan ere, Euskaraldiaren sorrera eta planteamendua berritzaileak dira eta ondo erantzuten diete fase berri honetan euskarak eta hiztun komunitateak dituzten beharrei.
Iparraldeko testigantza batekin aurrera egin du aurkezpenak, Eneko Gorri BAM dinamika barnetik bizi izan duen euskaltzalearekin. Baiona – Angelu – Miarritze hiri-eremuan metatzen da Ipar Euskal Herriko biztanleriaren gehiena (%40) eta euskara erabilera murriztuena (euskararen ezagutza %8koa da eta kale-erabilera %2koa).
Alta, 2017ko azaroan, 6 hilabeteko prozesu horizontal, parte hartzaile, bateratzaile eta boteretzaile baten ondotik, 806 hiztunek hartu zuten 7 egunez euskaraz bizitzeko engaiamendu formal eta publikoa. Zein dira dinamikaren arrakastaren giltzak? Zer izan dira irakaspen nagusiak? Zertan hobetu daiteke? Nola prestatzen dute Euskaraldia. Erantzun horiek guztiak azaldu ditu Gorrik Nafarroako aurkezpenean.
Euskaraldia Nafarroan
2017ko azaroan egin genituen lehen aurkezpenak Nafarroan, Erronkari eta Zaraitzu izan ziren lehenak. Ordudanik, herriz-herri aritu gara Euskaraldiaren berri ematen, euskara zerbitzua duten eremu gehienek izan dute egitasmo honen inguruko informazioa. Tafalla, Sakana, Malerreka, Lizarra, Burlata, Zizur Nagusia, zerrenda luzea osatzen dute Nafarroako herri eta eskualdeek. Hamar herri baino gehiagok parte hartuko dutelaren ziurtagiria bete dute izena emanez.
Herri askok dagoeneko martxan jarri dute egitasmoa, batzorde bat eratu dute eta izena eman dute aurretik aipatutakoaren harira. Viana, Aranguren, Galarreko Zendea, Lizarra eta Estellerria, Eguesibar, Baztan, Esteribar, Arbizu, Atarrabia eta Irurtzun zerrenda horretako partaide dira.
Batzordeetako kideak ahalduntzeko saioak zenbait herritan garatzen ari dira eta geroz eta handiagoa bilakatzen ari da Euskaraldiaren olatua Nafarroan. Formazio saioak izanen dira datozen hilabete hauetan uda baino lehenago batzordeko kideen ahalduntzeari begira.
Zer da Euskaraldia?
Herritar euskaltzaleak aktibatuta hizkuntza ohiturak aldatzea da Euskaraldiaren helburua. Euskal Herriko hainbat euskaltzale elkartek urteetan zehar landu duten Euskarak 365 egun lan ildoaren baitan kokatzen da eta bi mugarri ditu.
Batetik, euskal hiztunen hizkuntza ohituretan eragitea eta beren harreman sareetan euskara gehiago erabiltzea izango da 2018ko azaroa eta abendua bitartean egingo den Euskaraldia 11 egun euskaraz ekimenaren helburua. Bestetik, hizkuntzaren normalizazioaren ardura pertsonen eta entitateen artean partekatua denez, 2019an, mota guztietako entitateek euskararen erabilera babesteko eta bultzatzeko neurriak hartzea izango da helburua.
Euskal hiztunen aktibazioa helburu: ‘11 egun euskaraz’
Aktibazioak martxan jartzea esan nahi du. Hizkuntzaren erabilerari lotutako kontzeptua da, euskaraz hitz egiten dakitenek edota euskara ulertzeko gaitasuna daukatenek euskara erabil dezaten lortu nahi dugulako.
Hamaika egun horietan, 16 urtetik gorako herritarrak Ahobizi eta Belarriprest bihurtu nahi ditugu. Ahobizi ulertzen duten guztiei euskaraz hitz egiten dieten lagunak dira (baita ezezagunei lehen hitza, gutxienez, euskaraz egiten dietenak ere). Belarriprest, berriz, gutxienez euskara ulertzen duten kideak dira, gainontzekoei euskaraz aritzeko gonbidapena luzatzen dietenak.
Ekimena Euskal Herri osoan egingo den arren, tokian tokiko euskaltzaleak izango dira herri bakoitzeko dinamiken sustatzaileak, eta tokiko inguru soziolinguistikora zein errealitatera moldatzeko modukoa izango da.
Antolaketan, beraz, auzo, herri zein eskualde ezberdinetako euskaltzale taldeak arituko dira, eta baita elkarte, enpresa zein erakunde ezberdinetakoak ere. Horietako asko hasiak dira jadanik lanean.
Herri eta entitateek 2018ko lehen hiruhilekoan izango dute izena emateko aukera eta udaberrirako jakin ahal izango da zenbat herri eta gunetan parte hartu ahal izango duten hiztunek 2018ko Euskaraldian.
Herritarrek 2018ko udazkenean izango dute Euskaraldia, 11 egun euskaraz dinamikan izena emateko aukera. Izen ematea 2018ko irailean zabalduko da, eta Ahobizi zein Belarriprest modura parte hartu ahal izango dute nahi duten herritarrek. Euskaraldiak iraungo duen 11 egunetan Ahobizi edo Belarriprest identifikazio ikurra erabiliko dute parte hartzaile guztiek.
Euskaraldia: Aurrekariak
Euskaraldia ez da hutsetik abiatzen. Azken bi urteotan Euskal Herriko hainbat herritan martxan jarri diren dinamiketan du abiapuntua. 2016ko otsailean Donostiako Egia auzoan bertako euskaltzaleek martxan jarritako Egian euskaraz bizi nahi dugulako ekimenak 20 herri eta eskualdetan izan du segida azken urte eta erdian. Euskaraldiak 2018an Euskal Herri osora zabaldu nahi du Egian hasitako bidea.
Ekimen guzti horietan euskaltzaleek izandako protagonismoa azpimarratu dute Euskaraldiaren antolatzaileek, herri ekimen sendoak sortu baitira antolakuntzaren inguruan. Gainera, orain arteko esperientzia guztietan balorazioak onak izan dira, bai partaideen bizipenetan eta hizkuntza ohituren aldaketan izandako eraginagatik, baita euskaltzaleen aktibazioak ekarritako herri dinamikengatik ere.
Era berean, azken urteetan Euskararen Nazioarteko Egunaren bueltan sortutako Euskarak 365 egun dinamika hedatu eta zabaldu egin dela ere azaldu dute antolatzaileek. Herritarrak aktibatu eta elkarlan dinamika berriak sortzeko helburuz abiatutako lan ildoak hizkuntzaren erabileran proposamen praktikoak egiteko norabidea hartu du.
Gaur aurkeztutako ekimenak, berriz, 2017ko maiatzean Lasarte-Orian egindako Udaltop topaketan Euskaltzaleen Topaguneak eta Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak aurkeztutako proposamenean du abiapuntua. Maiatzetik aurrera, eragile instituzional eta sozialei aurkeztu zaie proposamena eta beren ekarpenei esker garatu da. Helburu bikoitza izan dute hartu-emanek. Batetik, dinamika sakonago aurkeztu eta zalantzak argitzea; eta, bestetik, ekarpenak jaso eta 2018ko ekimenean parte izateko gonbidapena luzatzea.
Harreman horiei esker, Euskal Herri osoko instituzio eta eragileak sartu dira ekimenaren sustatzaile taldean, Nafarroako Gobernuaren Euskarabidea Nafar Institutua, Ipar Euskal Herriko Euskal Elkargoa, Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseilua eta Soziolinguistika Klusterra, beste askoren artean.
Erabileran eragitea helburu
Aurtengo udan aurkeztutako VI. Inkesta Soziolinguistikoa eta VII. Hizkuntzen Kale Erabileraren Neurketaren emaitzek emandako testuingurua baliatu dute antolatzaileek Euskaraldia bezalako ekimenen garrantzia azaltzeko. Azken neurketek baieztatu izan duten elementuetako bat izan da euskararen ulermena eta ezagutza zabaltzen doazela Euskal Herriko inguru ezberdinetan. Euskaraz hitz egiteko gai den gero eta jende gehiago dago, eta euskara ulertzen dutenak ere gero gehiago dira. Bi datu horiek azpimarratu dituzte ekimenaren sustatzaileek, eta euskarazko harremanak areagotzeko baldintza onak daudela nabarmendu nahi izan dute.
Hizkuntza ohiturak aldatu eta praktika linguistiko berriak bultzatzeko ekimen honek, Euskaraldiak, testuinguru horretan jokatuko du. Helburu horiek lortzeko hiztunei formazioa eta ahalduntze tresnak eskaintzea garrantzitsua izango dela azaldu dute antolatzaileek.
Elkarlanaren garrantzia
Elkarlanaren garrantzia azpimarratu nahi izan dute gaur ekimena aurkeztu duten eragile guztiek. Azken hilabeteetan hizkuntzaren normalizazioaren bueltan ari diren erakundeek behin eta berriz nabarmendu dute elkarlanaren beharra, eta Euskaraldia elkarlan hori gauzatzeko aukera paregabea dela azaldu dute. Euskal Herri osoan ematen hasi den elkarlanerako dinamika hau herriz herri ere gauzatzea bada Euskaraldiaren helburua.
Antolatzaileek nabarmendu egin dute mota guztietako entitate eta erakundeek euskarazko hizkuntza praktikak eta harremanak bultzatzeko eta babesteko duten funtzioa. Izan ere, azaldu dutenez, euskarazko harremanek hiztunen hautuaz gain, testuinguru egokiak ere behar dituzte, beraz, entitateen funtzioa Ahobizi eta Belarripresten izen-ematea bultzatzeaz gain, beren funtzionamenduan euskarazko harremanetarako espazioak sortzea eta praktika hori errazteko neurriak hartzea ere badela gogorarazi dute.
Eta horrekin batera, herritarrek beren harremanetarako hizkuntzak aldatzeko duten gaitasuna ere azpimarratu dute, eta horrek, era berean, gizartean aldaketak eragiteko duen ahalmena.
Sustatzaileak
Ondorengoak dira Euskaraldiaren herriz gaindiko sustatzaileak:
- AEK
- Arabako Foru Aldundia
- Argia astekaria
- Artez Euskara Zerbitzua
- Bai Euskarari Elkartea
- Berria taldea
- Bizkaiko Foru Aldundia
- EHU
- Elhuyar
- Elkar Fundazioa
- Emun
- Eudel
- Euskaltzaindia
- Euskaltzaleen Topagunea
- Euskararen Erakunde Publikoa
- Eusko Ikaskuntza
- Eusko Jaurlaritza – Hizkuntza Politikarako Sailburuordetza
- Gipuzkoako Foru Aldundia
- Herri Elkargoa
- Hizkuntz Eskubideen Behatokia
- Ikastolen Elkartea
- Irrien Lagunak
- Kontseilua
- Nafarroako Gobernua - Euskarabidea
- Soziolinguistika Klusterra
- Tokikom
- Uema
- UEU