Dispertsioaren kontra azaldu da Nafarroako Parlamentua, Xabier Rey euskal preso politikoa kartzelan, bere familiarengandik mila kilometrotara, hil eta gero.
Sakabanaketa amaitu eta kartzela politika berria behar dela babestu dute laukoa osatzen duten lau alderdiek -alegia, Geroa Baik, EH Bilduk, Ahal Duguk eta Ezkerrak- eta PSNk. Azken honek, ordea, ez du esan ados ez dagoenik espetxe politikarekin bere horretan, bai, aldiz, ETAk su etena iragarri zuenetik, bestelako baldintzak daudela dispertsioarekin amaitzeko: "Ulertzen dugu bere garaian dispertsioa ongi egon zela", esan du Maria Chivitek (PSN).
Positiboki baloratu dute neurria laukoa osatzen duten guztiek. EH Bildu areago joan da eta adierazi egunen baten, alderdi guztiak egonen direla sakabanaketa politikaren kontra. Era berean, ohar bat egin du: Nafarroako Gobernuak Xabier Reyren sendiari doluminak azaldu ez dizkiolako kexu azaldu da.
Reyren sendiari doluminik ez
Geroa Baik erantzun egin dio, eta esan, ez dela "ohikoa", "hildako nafar guztiengatik" dolua azaltzea familiari. Bestalde, sakabanaketa ardatz, ziurtatu du preso dauden pertsonek beren sendiarengandik "ahalik eta gertuen" egon behar dutela.
Ahal Duguri dagokionez, "estatuak gehiago lagundu" beharko lukeela eta dispertsioa "logika guztietatik at" dagoela azpimarratu du. Ezkerrak, dispertsioa salbuespen politika dela izan du gogoan.
UPN eta PP, kontra
Kontra bozkatu dute UPNk eta PPk, eta ez diote sakabanaketaren gaiari heldu hitzartzeetan. Erregionalisten aburuz, inportanteena da "ongi etorririk" ez dadila egon eta talde armatua ez dadila "zuritu"; Ana Beltran PPko kideak uste du "benetako biktimei" eman behar zaiela arreta: "ETAk hildako poliziei, Hiperkorreko haurrei, Viceko koarteleko haurrei...".