Podemos-Ahal Dugu alderdi barruko sektore kritikoak batzarra izan du asteburuan. Barnera begirakoa eta etorkizunera begirakoa izan da. Hainbat erabaki ere hartu dituzte eta horien artetik nabarmenenak bi: alde batetik, talde parlamentarioko lau kritikoek, alegia, Carlos Couso, Fanny Carrillo, Ruben Velasco eta Laura Perezek gutxieneko soldata jasotzen segituko dute eta gainerakoa alderdiari bideratu beharrean aholkulari juridikora bideratuko dute; beste alde batetik, alderdiaren barne gatazka konpontzeko ahalegunak egitera ere deitu dituzte kritikoak eta konponbiderik ezean 2019ko hauteskundeei begira proiektu berri bat sortzeko aukera mahai gainean ere geratu da. Batzar horretan 82 kide izan ziren.
Carlos Couso, Laura Perez, Ruben Velasco eta Fanny Carrillo parlamentariak oso kritiko agertu dira egungo zuzendaritzarekin. "Nafarroako Ahal Dugu erailtzen ari dira", salatu du Cousok, eta gaineratu eurak pertsonalki suntsitzeko kanpaina bat abiatu dutela. Era berean, salatu dute uneotan egungo zuzendaritzarekin ados ez dauden hogei militanteren aurka espedienteak ireki dituztela.