Martxoaren 8an antolatutako greba feministak oihartzun zabala izanen du Nafarroako parlamentuan. Zer eginen dute taldeek? Ez dago batasunik, baina ia denek azaldu dute mobilizazioarekin bat egiteko asmoa.
Laukoa osatzen dutenen artean, EH Bilduko, Geroa Baiko eta Ahal Duguko emakumezkoek greba deialdia babestuko dute -Ahal Dugukoek egun osoko greba eginda eta gainontzekoek lan uzteak eginda, 11:00etatik aurrera-. "Emakumeen lana ikusaraztea da asmoa", adierazi du Adolfo Araizek (EH Bildu), gizonek zergatik ez duten grebarik gauzatuko azaltzerakoan; era berean, Carlos Couso Ahal Duguko eledunak adierazi du greba egunean sostengua bai, baina ez dutela erdigunean egon behar.
Ezkerrak eta PSNk ere grebarekin bat egin dute, baina alderdietako emakumeek eta gizonek parte hartuko dute, Euskal Herriko Mugimenduko feministak lana uzteko gonbita emakumeei* luzatu badie ere. Eta bien artean ere, desberdintasuna: Ezkerrak greba eginen du, egun osokoa; PSNk bi orduko lanuztea, 12:00etatik 14:00etara. Erabakia azaldu du Maria Chivitek (PSN): "Berdintasuna ez da soilik emakumeen kontua, eskuz esku lortu behar dugu, emakumeok eta gizonek".
UPNk eta PPk, grebarekin ez
UPNk "CCOO eta UGTren mobilizazioak" babestuko ditu, "genero langaren kontra, indarkeria matxistaren kontra..." baitago, Javier Esparza eledunaren hitzetan. Dena dela, parlamentariek ez dute grebarik ez lanuzterik eginen.
PPk esan du "politizatutako deialdia" dela, eta nabari dela "ezkerreko jendea" egon dela horren atzean. Horregatik, ez du bat egiten grebarekin: "Emakumeak gehien babesten dira haien alde lan eginez, beren aldarrikapenak eta lanak defendatzem", adierazi du Ana Beltran eledunak.
Mandarra, fatxadan
Horrez gainera, 11:00etan elkarretaratzea eginen dute alderdi guztiek, parlamentuaren aurrean, eta mandarra jarriko dute aurrealdean.