Haur-eskola publikoetako aurreinskripzioak, martxoaren 1etik 15era

Euskalerria Irratia 2018ko ots. 20a, 09:53

Iruñeko Udalak kanpaina bat abiarazi du eskaintzaren berri emateko eta euskarazko matrikulazioa handitzeko.

Iruñeko haur-eskola publikoetako aurreinskripzioak martxoaren 1etik 15era egingo dira. Guztira 1.298 leku daude: 992, Iruñeko Udalarenak; eta 306, Nafarroako Gobernuarenak. Hilabete amaieran ikasle berriendako zenbat leku libre geratzen diren jakinaraziko da, behin ikasturte honetan izena emanda zeuden haurren erreserbak eta lekualdatzeak kudeatzeko prozesua amaitu eta gero.

Herritarren Aferen Batzordeak gaur goizeko saioan ezagutu ditu Iruñeko Udaleko Haur Eskolen Erakunde Autonomoaren datuak. 512 leku eskaintzen dira gaztelaniaz (eskaintzaren % 39,5); 466, euskaraz (% 35,9); eta 320, gaztelaniaz, ingelesezko jarduerekin (% 24,6).

Lekuei eta baremoei buruzko informazio guztia eskuragarri dago www.pamplona.es/escuelasinfantiles webgunean, eta 948 420098 telefonoan. Martxoaren 1etik aitzina eskuratu daitezke eskabideak, edozein haur-eskolatan edo bulego nagusietan (Oliveto Kondearen etorb., 4, 2. ezk). Aurreinskripzioa egiteko eskabidea bete eta aurkeztu beharreko agiriak entregatu beharko dira martxoaren 1etik 15era bitarte, Calderería kaleko 11. zenbakian dagoen erabilera anitzeko aretoan, 08:30etik 14:30era.

Eskabideendako prozedura

Familiek eskabidean adierazi beharko dute zein den lehen aukera gisa hautatzen duten haur-eskola, eta zein den bigarrena. Bigarren aukera bakarrik aintzat hartuko da haur-eskola hori lehen aukera gisa hautatu duten eskabideei erantzun eta gero leku libreak geratzen badira.

Behin aurreinskripzioa egin eta gero, deialdian jasota dauden ikasleak onartzeko baremoko irizpideak aplikatuko dira, eta onartuen behin-behineko zerrendak maiatzaren 4an argitaratuko dira Haur Eskola bakoitzean, Haur Eskolen Erakunde Autonomoan (Oliveto Kondearen etorb., 4-2. ezk.), www.pamplona.es eta www.navarra.es webguneetan, eta 010 telefonoan.

Behin betiko zerrendak maiatzaren 21an argitaratuko dira, maiatzaren 4tik 11ra luzatuko den erreklamazioak aurkezteko epea bukatu ondoren. Matrikula maiatzaren 21etik 25era egin ahal izango da. Epe horretan ez bada matrikula egiten, libre geratzen den lekua berriz esleituko da, itxaron-zerrendaren hurrenkerari jarraituta. Ikasturtea 2018ko abuztuaren 16an hasi eta 2019ko ekainaren 30ean amaituko da.

Aurreko urteetan egin bezala, Iruñeko Udalak inguruko Udalei proposatuko die Iruñean erroldatuta ez dauden eta haien jatorrizko udalerrian lekurik ez duten haurrak onartzea. Akordio honen bidez bizitokiko Udalak Hezkuntza Departamentuak haur-eskolak sostengatzeko udal-ekarpen gisa ezarritako moduluaren zati proportzionala ordainduko du. Bizitokiko Udalak ez badu kostu hori bere gain hartzen, familiek ordaindu beharko dute, tarifa handituta.

11 Udal Haur Eskola operatibo

Udalaren haur-eskolak hamabi dira, baina datorren ikasturtean hamaika egongo dira operatibo, eskolak indarrean den araudira egokitzeko egingo diren obrak direla medio. Datorren ikasturtean Hello Egunsenti HEn egingo dira.

Honako haur-eskola hauek osatzen dute Udalaren gaztelaniazko eskaintza: Haurtzaro (egonaldi osoko 82 leku), Mendebaldea (egonaldi osoko 80 leku), eta Mendillorri (egonaldi osoko 102 leku). Euskaraz, beste hauek: Donibane (egonaldi osoko 102 leku), Printzearen Harresi (egonaldi osoko 101 leku), Izartegi (egonaldi osoko 82 leku), eta Goiz Eder (egonaldi osoko 82 leku eta egonaldi erdiko 41 leku). Gaztelaniazko eskaintza, ingelesezko jarduerekin, beste haur eskola hauek osatzen dute: Hello Buztintxuri (egonaldi osoko 82 leku), Hello Azpilagaña (egonaldi osoko 82 leku eta egonaldi erdiko 41 leku), Hello Egunsenti (egonaldi osoko 43 leku eta egonaldi erdiko 28 leku), eta José María Huarte (egonaldi erdiko 44 leku).

Nafarroako Gobernuaren menpeko bost haur-eskoletako lekuek osatzen dute eskaintza. Guztira egonaldi osoko 248 leku daude, gaztelaniaz; eta egonaldi osoko 58, euskaraz. Santa Teresa (55 leku), Nuestra Señora de Roncesvalles (51), Ninia-Etxea (80), San Jorge (33) eta Nuestra Señora de los Ángeles (29) haur-eskolek osatzen dute gaztelaniazko eskaintza. Azken bi haur-eskola horiek ikasturte honetan euskarazko lerroak eskaini dituzte, eta eskaintza hori mantendu zein handituko dute. Alde Zaharreko haur-eskolako eskaintza mantenduko da, 29 lekurekin, eta Sanduzelaikoa, handitu. Adin guztietarako euskarazko lekuak eskainiko ditu; guztira, 29.

Komunikazio-kanpaina

Iruñeko Udalak ikasturte honetarako egindako kanpaina berriz ere abiatuko du, hirian diren haur-eskola publikoen eskaintza ezagutzera emateko. Euskaraz Hazi - Crecer en euskera lelopean, Udalak 0 eta 3 urte artekoendako euskarazko lekuak eskaintzen dituzten eskola publikoei buruzko informazioa emango du sare sozialen eta informazio-liburuxken bidez. Kanpaina osatzeko 0 eta 3 urte arteko haurrak dituzten 3.300 familia ingururen postontzietara beste hainbeste gutun pertsonalizatu helaraziko dira, non eskola guztien eskaintza osoa bilduko eta azalduko den: Iruñeko Udalaren hamaika eskolak etaNafarroako Gobernuaren bostak.

Gardentasun, Berrikuntza eta Hizkuntza Politikako Alorrak bultzatu duen Euskaraz Hazi - Crecer en euskera kanpainaren helburua da 0 eta 3 urte arteko haurren gurasoek, euskarazko haur-eskola batean matrikulatzeko interesa badute, dagoen eskaintzari buruzko informazio guztia izatea. Horretarako 2.500 liburuxka argitaratuko dira eta hainbat tokitan banatuko: Civivoxetan, haur-eskoletan bertan eta auzoetako osasun-etxeetan. Bestalde, kanpaina Iruñeko Udalaren sare sozialen bidez zabalduko da, batez ere pamplonaescultura-ren Facebook eta Twitter profilen bidez eta Facebook Ads bidez. Liburuxka tolesgarriaren irudia, eta hortaz, kanpainaren irudia, garaiera-neurgailu bat da, eta bertan haurrek nola hazten ari diren seinalatu dezakete. Ideia horrekin informazioa eta erabilera praktikoa uztartu nahi izan dira, euskarazko eskaintza guztia biltzeaz gain, garaiera neurtzeko balio baitu liburuxkak. Horman eskegi daiteke eta etxeko txikiak nola hazten diren neurtu. Kanpainaren aurrekontuak, guztira, 2.500 euro jotzen du.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!