Euskararen Legea aldatzeko batzordea sortu du Nafarroako Parlamentuak

Euskalerria Irratia 2018ko ots. 20a, 09:46

EH Bilduren ekinez eta Geroa Bairen, Ahal Duguren eta Ezkerraren babesarekin sortu dute batzordea, euskararen lege berri bat behar ote den aztertzeko. Kontra azaldu dira UPN, PSN eta PP.

1986koa da egungo Nafarroako Euskararen Legea, zonifikazioa ahalbidetzen duena, eskubideak zatitzen dituena. Orain, aldatzeko lehen pausoa eman du Nafarroako Parlamentuak: 2017ko urrian, lantaldea sortu zedila eskatu zuen EH Bilduk, eta atzo osatu zuten, laukoa osatzen duten gainontzekoen aldeko botoekin. Oposizioa, kontra azaldu zen -UPN, PSN eta PP-.

EH Bilduren aburuz, hiru printzipioren bueltan egituratu behar da batzordea: bat, "egungo errealitate soziolinguistikotik abiatzea"; bi, "zonifikazioa gainditzea"; eta, azkenik, ofizialtasuna "Nafarroa osora" zabaltzea. Adolfo Araizek (EH Bildu), argitu du, baina, lehen urratsa lege aldaketa behar ote den ikertzea izanen dela. 

Zonifikazio gaindituko ote du?

Zonifikazioa aldatzea baino, nafarrek administrazioarekin "berezko bi hizkuntzetan" egin ahal izatea da garrantzitsua, Geroa Bairentzat. Halaxe ziurtatu du Koldo Martineze eledunak, beren "helburu nagusia" hori dela esanez.

Euskararen inposizioa

Lauko gobernuak hizkuntza eskubideen arloan egindako urrats guztien kontra joko du UPNk, gobernua berreskuratuz gero. "Euskararen inposizioari" aurre egin nahi diote, Javier Esparza parlamentariak esan duenez. "Euskararekin obsesionatuta" egotea leporatu die laukoa osatzen dutenei, "euskara erreminta politiko gisa" erabiltzea.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!