Nafarroako Parlamentuko Osoko Bilkuran bozkatzeko mozioa aurkeztu dute Geroa Baik, EH Bilduk, Podemos- Ahal Dugu-k eta Ezkerrak. Asteartean Giza Eskubideen Europako Auzitegiak Espainia zigortu zuen Igor Portu eta Mattin Sarasola nafarrei "tratu txarra, ankerra eta umilagarria" ematea egotzita, eta jada bederatzi dira euskal herritarren aurkako torturak ez ikertzeagatik Espainiak jasotako kontrako epaiak; horietatik bost dira nafarrak.
Gobernua babesten duten lau alderdien irirtziz agerian geratzen da epaiaren "larritasuna", agerian uzten dutelako "zigorgabetasuna erabatekoa izan dela eta hala izaten jarraitzen duela". Kritikatu dute "oso salaketa gutxik" egin dutela bidea auzitegietan, eta epaitu eta zigortu diren kasuetan, Espainiako Gobernuak "indultatu eta saritu" egin dituela poliziak. Hori horrela, proposatuko dute Nafarroako Parlamentuak aintzat hartzea Estrasburgoren epaia, eta Espainiako Gobernuari eskatzea aitor dezala torturatu dela eta erreparazioa eman diezaiela biktimei, "ez errepikatzeko mekanismoak ezartzearekin batera".
Horrez gain, nahi dute parlamentuak salatzea Espainiako Estatuko esparru ugaritatik tortura ikertzeko zailtasunak, eta arbuioa adieraztea tortura kasuak dokumentatzeari buruzko diru-laguntzen kontra Espainiako Gobernuko ordezkaritzak aurkeztutako helegiteari. Horrekin lotuta, nahi dute parlamentuak beharrezkotzat jotzea torturak jasandako nafarren kasuak argitara ematea, horiei elkartasuna adieraztea eta aitortzea egia, justizia eta erreparaziorako eskubidea.
Lan saioa nahi dute abokatuekin
Parlamentuan lan saioa egin nahi dute Portu eta Sarasolaren kasuak eraman dituzten abokatuekin. Hori ere erregistratu dute. Torturen inguruan, irizpide juridikotik zer nolako balorazioa egiten den jakiteko batzordea izatea nahi dute.