Amaia Izko: "Oso sententzia garrantzitsua da; Espainian tortura existitu dela dio Estrasburgok"

Euskalerria Irratia 2018ko ots. 13a, 14:09

Estrasburgotik iritsi berri den epaia "pozgarria" dela dio Izko abokatuak. Ibon Portu eta Mattin Sarasolaren kasua eraman zuen Espainian zegoelarik eta Estrasburgora eramatea erabaki zutenean ere laguntzen izan da: "Guk behin eta berriz salatutakoa, inkomunikazio kasuetan tortura egon zela baieztatzen du Estrasburgok". 

"Pozgarria da Estrasburgotik iritse den epaia", esan du Euskalerria Irratiko elkarrizketan Amaia Izko abokatuak. Ibon Portu eta Mattin Sarasolaren kasuetan tortura egon zela baieztatu du. Giza Eskubideen Europako Auzitegiak aho batez ebatzi du Europako Konbentzioaren 3. artikulua urratu zela, edukiz, tratu txarrak emanda nahiz prozeduraz, horiek ez ikertuta. "Espainian komunikazio aldietan tortura izan zela dio Estrasburgok", adierazi du Izkok. "Behin eta berriz salatu dugu guk, eta Espainiak behin eta berriz ukatu duen arren Europak arrazoi eman eta torturaren existentzia izan dela baieztatzen du epai garrantzitsu baten bidea". 

Espainiako sistema judizialarekin ere kritiko agertzen da Estrasburgo sententzia horretan: "Jasotzen du besteak beste Auzitegi Gorenaren jarrera torturarekiko ez dela landua izan: ez dute aztertu eta ez dute ikertu ere egin, esaten du epaiak", azaldu du Izkok. 

Kalte moralengatik ordaina

Zigorraren garrantzia ez da sententzia beraren edukia bezainbestekoa Izkoren esanetan. Izan ere gogorarazi du ez litzatekeela lehen aldia izanen Espainiak kalte-ordain hori beste aitzakia bat jarrita ordaintzen ez duena. Baina, gakoa berarentzat, tortura existitu izana baieztatzea da eta Espainia zigortzea halakoak ez ikertzeagatik. 

"Inflexio puntu bat izan beharko litzateke epaia"

Portu eta Sasasolaren kasuaren epai honek beste batzuetarako aurrekari gisa baliagarria izan daitekeen galdetuta, Izkok gogoratu du kasu hura berezia izan zela. Inkomunikazio aldian izanda ere, Donostiako Udalaren eta mediku forentseen berehalako esku hartzeari esker frogak lortu zituztelako. Inflexio puntu bat izan beharko litzatekeela ere uste du, tortura kasuak izan zirela jasotzen duelako eta hortaz, Espainiak ardurak hartu beharko lituzkeela uste du abokatuak. 

Espetxean dira biak, egun

Egun, espetxean daude Portu eta Sarasola, ETAko kide izatea leporatuta, 2006ko abenduaren 30eko Barajasko aireportuko atentatua egotzita -2005-2007 urteetako negoziazio prozesuaren haustura eragin zuena-.

2008ko urtarrilaren 6an atxilotu zituzten, Arrasaten (Gipuzkoa). Atzeman eta hamazazpi ordura guardia zibilek ospitalera eraman zuten Portu, zauri larriekin eta bestelako tortura zantzu nabariekin, arropetan-eta.

Hain justu, Torturaren Aurkako Egunean iritsi da epaia. Euskal Herrian, Torturaren Aurkako Egun gisa dute izendatuta zenbait eragilek, 1981. urteko otsailaren 13an hil zelako Joxe Arregi zizurkildarra, Carabancheleko espetxeko erietxean (Madril), Espainiako polizien esku pasatutako atxiloaldi luzean jasandako torturen ondorioz.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!