Nafarroan 200 nerabek pairatu dezakete ablazioa Munduko Medikuak elkarteak salatu duenez

Euskalerria Irratia 2018ko ots. 6a, 14:37

Argazkia: Munduko Medikuak elkarteko kideak, Ablazioaren Kontrako Nazioarteko Egunaren karietara egindako prentsaurrekoan.

Azken hamar urteotan, ablazioaren kontrako kanpainen harira, 5.844 lagunekin aritu da Munduko Medikuak elkartea Nafarroan: %83a, emakumeak eta %17a, gizonezkoak. "Informazioa eta prebentzioa" dira ardatzak.

Nafarroan, 14 urtetik beherako 200 neska gazte daude ablazioa sufritzeko arriskuan, Munduko Medikuak elkarteak jakinarazi duenez, Wassu Fundazioaren txostenean oinarrituta. Horregatik, praktika hori desagertzeko lanean ari dira, "informazioa eta prebentzioa" oinarrian, Patricia Ruiz Munduko Medikuak elkarteko koordinatzaileak esan duenez; 2017an, guztira, 259 tailer egin dituzte, informazio emateko. 50 boluntario daude eta 10 mediatzaile, eta haiek egiten dute lotura ablazio sufritzeko arriskuan egon daitezkeen komunitateekin -batez ere, Nigeriako, senegaleko, Gambiako Maliko eta Ghanako pertsonekin aritzen dira-.

Halaber, jada ablazioa pairatu dutenei "artatze integrala" eman behar zaile defendatu dute: "laguntza psikologikoa, terapia afektibo-sexuala eta genitalen berreraikuntza".

Nafarroan, protokoloa martxan

2013. urtetik ablazioaren kontrako protokoloa martxan dago Nafarroan, Munduko medikuak elkartearen eta Nafarroako Berdintasun Institutuaren elkarlanari esker; gaur, positiboki baloratu dute , nahiz eta, "oraindik ere", profesionalen artean protokoloaren inguruko “ezjakintasun handia” dagoen. 

Mundu mailan gora

Handitzen ari den praktika da ablazioa mundu mailan, 2008 eta 2016 urteen artean, %63,85an egin du gora. Batez ere Afrikan egiten da -%92koa da portzentzaia-, baina bada AEBetan eta Hego Amerikan ere. Horrez  gainera, sartzen ari da berriz ere desagertuta zegoen tokietan, Iraken eta Indonesian, esaterako. Orotara, 29 herrialdetan egiten da, Munduko Medikuen datuen arabera.  

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!