Alderdi politiko batzuk saiatzen ari diren arren trabak eta oztopoak bidean jartzen lanean segitzen du Alvaro Baraibar buru den Bake eta Elkarbizitzaren zuzendaritza nagusiak. Aldaketaren gobernuarekin batera sortu zen biktima guztiak aintzat hartu eta egia, justizia eta erreparazioa guztiontzako ziurtatzeko. Hala, hiru lan arlotan ari dira: ETAren biktimak atenditzen, Memoria Historikoaren errekuperazioan eta arrazoi politikoekin loturiko indarkeria jasan dutenei arreta eskaintzen. Bakoitza bere aldetik lantzen ari dira, ekiparaziorik egin gabe eta bakoitzari dagokiona eskaintzeko asmoz. Biktima guztiei arreta integrala eta espezifikoa eman nahi zaie, etorkizunera begira jarri ahal izateko iragana ahaztu gabe.
Biktimen artean konparaziorik gabe, konpentsazio edo diluziorik sortu gabe eta analizatuz dimentsio erreala kontestua kontuan hartuta. Modu horretan, pertsona bakoitzaren kontestu biktimologikoa errespetatzea bilatzen du Bake eta Elkarbizitzarako zuzendaritzak. "Biktima bakoitzari arreta banan-banakoa eskaini nahi zaie ekiparazioetara eta konparazioetara iritsi gabe", azaldu dute Baraibarren departamentutik.
Hiru lan ildo nagusi
Memoria Historikoaren errekuperazioan aitzindari bilakatu da legealdi honetan Nafarroa. 1936ko biktimen memoriaren berreskuratzea eta erreparazioan aurrera pausoak egin dira. Izan ere, 2007an erdietsi zen lege hori baina ezer gutxi garatu da azken hiru urte hauetara arte. Hilobitik gorpuzkinak ateratzeko programa bat garatzen ari dira orain, dagoeneko 58 perosna desagerturen gorpuzkinak aurkitzea lortu da 80 urteren ondoren eta horien artetik 21 identifikatzea lortu da. Sinbolo frankistak kentzen ere lanean ari dira.
Biktimei Arreta Eskaintzeko Bulegoa ere zabalik da. Gertuagoko biktimak hartzen ditu bereziki aintzat. Erahildako herritarren eta zauritutakoen senitartekoen arretarako bulegoa da finean, erakundeek duten ardura eskaini nahian terrorismoaren biktima direnekin. ETAren biktimen kasuan, 2016. urtean erahildakoen kasuekin egin zuten lan eta iaz, 2017an, zaurituak izan ziren biktimekin aritu da, orain arte "ahazturan" eroriak zirenak. Horretarako hiru txosten egiten aritu da gobernua: ETAk hil zituenen zerrenda egin du batetik, zauritu eta bahitutakoen zerrenda egin du bestetik eta azkenik, ikerketa lanetarako jardunaldiak ere antolatu ditu. Azken horiek AVT elkartearekin elkarlanean, otsailaren 5ean eginen ditu jardunaldiak eta martxoaren 10erako omenaldia prestatzen ari dira.
Arrazoi politikoko biktimen kasuan ez da lan erraza izaten ari Nafarroako gobernuarentzat. Izan ere, 2015ean foru legea onartu bazuen ere Espainiak errekurritua du eta horrek trabaj eta oztopoak jartzen dizkio aurrera egin ahal izateko eta nahi adina ikertu ahal izateko, adibidez. Dena dela, iazko otsailean omenaldia egin zuen, aitzortza eta erreparazio moduan arrazoi politikoko biktimei. Horrez gainera, diru-laguntzak ere sustatu ditu unibertsitateetako adituek ikerketa lanak egin ditzaten.