Uholde arriskua gutxitzeko oinarriak ezarriko dituzte Arga ibaian

Euskalerria Irratia 2018ko ots. 5a, 08:30

Neurri gogorrek –lubetak zein eustormak– ez dutela funtzionatzen dio, ibaiari leku gehiago ematea proposatzen du, eta lurzoruaren erabilera berriz definitzea arriskuen arabera.

Iruñeko Udalak Arga ibaiaren egoera ekologikoa hobetzea eta uholde arriskua murriztea bilatzen duen ikerketa bat aurkeztu du gaur. Diagnostiko integrala da, eta xede du, azken finean, Arga ibaia leheneratzea lehenetsiko duen ibai-planaren oinarriak ezartzea –baita Elortz eta Sadar ibaiena ere– Iruñetik igarotzen den tartean, ibaiaren eta hiriaren arteko harremanak berriz definitzea, erabileren erregulazioari aurre egitea, eta ur-goraldiei aurre egiteko beharrezkoak diren neurriak bultzatzea.

Iruñeko ibai-esparrurako lan-proposamena (Arga ibaia) izeneko proiektua Fluvialis River Innovation, S.L. enpresak egin du, eta gaur prentsaurrekoan aurkeztu dute Hiri Bizigarriko eta Etxebizitzako zinegotzi ordezkari Joxe Abaurreak eta Lorategi eta Berdeguneetako Zerbitzuko zuzendari Mikel Baztanek. Biek azaldu dutenez, txosten hau “lehen urrats bat da, diagnostikoa egin nahi duen hasierako fase bat, zehazteko zein den finkatutako helburuak lortzeko abiapuntua eta zeintzuk izan litezkeen garatu beharreko lehen ekintzak. Helburu horiek oinarrizko bost puntu dituzte ardatz: lehena, ibaiertzean korridore jarrai bat finkatzea, ongi egituratua, eta ur-emarian eta ibaiertzetan testuingururik gabeko esku-hartzeak saihestea; bigarrena, egungo defentsa-sistema katalogatzea eta urpean gera daitekeen eremuan ordenazio printzipioak ezartzea; hirugarrena, ingurumena hobetzea eta ur-emariaren laminazioari bide emango liokeen ibai-eremu bat definitzea; laugarrenik, ibaia leheneratzeko proposamen bat diseinatzea bilatzen da; eta azkenik, ibai-parke gisa egindako erabileraren azterketa. Aurkeztutako ikerketaren denbora-muga hamar urtekoa da, eta lehentasunezko jarduketa-eremua Magdalena da. Hortik hasiko litzateke neurrien azterketa sakonagoa.

Ur-emaria eragozten duten oztopo ugari dituen ibaia

Diagnostikoaren arabera, Arga ibaiak, Iruñetik igarotzean, noizean behingo 101 presio ditu, eta 48 presio lineal, besteak beste zeharkako oztopoak –22 zubi, horietako batzuk zubibegi oso txikiekin; 8 presa txiki; babeserako hamarnaka egitura alboetan (lubetak, eustormak, murruak, betegarriak); eta hodiak–, eta ur-emariaren funtzionamenduan eragina duten gainezkabide ugari. Oro har, “kanalizazio egoera ia jarraia” duen tarte bat dela dio, bai ubidearen ondoan eustormak daudelako, bai ibaiertzetako batean zein bietan lubetak daudelako. Oztopo horiek ere uholde-lautadaren funtzio naturalak –uraren laminazioa eta barreiadura– murrizten dituzte, eta ondorioz, goraldi prozesu naturaletan hiriari eragin ahal zaizkion kalteak handitzen dira. Berez, diagnostiko honetan ubidearen naturaltasun graduak duen puntuaketa zero da.

Bestalde, diagnostikoak, orokorrean, Arga ibaiaren kalitate hidromorfologikoa, Iruñetik igarotzean, “eskas” gisa definitzen du, eta kasu puntualetan “moderatu” gisa, sedimentuen mugikortasun eskasarekin, eta baldintza naturaletan izango lukeen zabalera estuagoa duelarik. Adierazle txarrak ditu baita ere ibarbasoaren kalitateak tarteen % 74an, eta ibaiertzeko landaretza-estalkiaren gradua % 50 baino baxuagoa da, espazioaren % 61ean. Tarteen % 87k agertzen dute % 50 baino baxuagoa den zuhaitz- zein zuhaixka-estalkia. Halaber, Arga ibaiaren ertzen artean eta alboetako baso-sistemen artean ez dago konexiorik.

Laburpen gisa, txostenak dio ibaiak, hiritik igarotzean, kalitate ekologiko “baxua” duela “parametro hidrogeomorfologiko eta flora-parametroei” dagokienez, eta garatzen ari den moduak “goraldi prozesu naturalen gaineko gorabeherak areagotzen ditu; ibarbaso dinamiko eta autojasangarri bat garatzea eragozten du; eta espezie exotikoen inbasiorako baldintza egokiak sortzen ditu”.

Uholdeen kontra eraginkor agertu ez diren neurri “gogorrak”

Fluvialis River Innovation SL enpresaren ikerketak jasotzen duenez, orain arte hartutako neurriak egiturazkoak izan dira, “gogorrak”: lubetak, presa txikiak, betegarriak, eustormak, eta abar, eta “ez dute balio izan uholde arriskua murrizteko, ostera, areagotu egin dute”. “Egiturazko neurriek zaharkituta dagoen eta jasangarria ez den eredu bati erantzuten diote, eta bakarrik unean-unean gertatu izan dira eraginkorrak, baina ez kontuaren osotasuna aintzat hartuta”. Baieztapen horrek, txostenaren arabera, oinarri bat du: azken urte zein hamarkadetan arriskuaren arazoa “larritu izan da, esposizioa eta zaurgarritasuna handitu direlako, baina, bestalde, goraldiak konstante mantendu dira”.

Neurri horiek zergatik ez diren eraginkorrak izan jakiteko, atzera begirako hausnarketa eta azterketa egitea beharrezkoa da, txostenak dioenez. “Gizakiek ibaiaren lurraldea inbaditzearen ondorioz areagotzen da arriskua, ibaiak eremu hori diseinatu baitu bere ur-lamina bertatik barreiatzeko goraldietan. Eremu hori erregulazio- eta defentsa-azpiegituren bidez kontrolatu (otzandu) zen”, agertzen du txostenak, eta erantsi: “Horrek ibaiaren esparruaren inbasio gehiago eragiten du, eta espekulazioa. Gainera segurtasun-sentsazio faltsu bat sortzen du, herritarren segurtasuna azpiegitura horien esku utzita. Neurri horiek ez direnez eraginkorrak, uholde berri bakoitzarekin kalte gehiago eragiten dira”.

Txostenak dioenez, horrek defentsarako azpiegitura gehiago egotea ekarri du, dimentsio handiagokoak: “Orobat, jarduteko modu hori azpiegitura-ereduaren jasangarritasun falta ez onartzearen ondorio da; eta horren emaitza zuzenenak dira arriskua murriztu ez ezik areagotu egiten dela, eta ingurumenaren degradazio altua eta degradazio funtzional altua eragiten dela ubidean zein ibaiertzetan”.

Neurri “bigunen” aldeko apustua eta beste Udalerri batzuekin elkarlana

Arga, Elortz eta Sadar ibaiendako lan-proposamen baterako ildo orokorrak mahaigaineratzen ditu txostenak, “neurri bigunetan” (ez egiturazkoetan) oinarrituta. “Orain arte egindako bidea desegitea da asmoa, ibaiari leku gehiago utziz, ibaiertzei askatasun gehiago emanez. Ibai-kultura berri honen oinarrian bi helbururen konponketa dago: nola bizi ibaiarekin batera, hots, nola uztartu ibaiaren prozesuen itzulera –ezinbestekoak ibaiaren kalitatea hobetzeko– eta segurtasun maila altu baten bilaketa, uholde arriskuari dagokionez. Eta, bestetik, zein paisaia nahi dute herritarrek ibaien inguruan, eta zeintzuk dira hori kudeatzeko eskumena duten administrazioek sustatu beharrekoak.

Jarduteko modu horrek berekin dakar goraldiak ibaiarendako prozesu natural eta beharrezko bat bezala ulertzea, eta ondorioz, txostenaren arabera, “ez gara horiek deuseztatzen saiatu behar, baizik eta goraldiekin batera bizitzeko alternatibak bilatzen saiatu beharko dugu, herritarrendako segurtasun muga batzuen bidez araututa”. Halaber, gehitzen du, “arriskua arazo sozial bat da, eta hori horrela, gizarteak ere konponbideen bilaketaren parte izan behar du”.

Udalerri mugakideekin batera neurri horiek lantzen hastea proposatzen da, “Ibai-kontratua” delakoaren bidez. Figura horren oinarria metodologia partizipatibo bat da, zeinak ibaiarekin zerikusia duten gauza guztietan inplikatuta dauden ibai-arroko erabiltzaile guztiak biltzen baititu, “Ibaiaren Lurraldea” kontzeptuan oinarritutako politika komunak erabakitze aldera: administrazio publikoak, kudeaketa-erakundeak (arroko erakundea), gizarte eragileak (elkarteak, boluntarioak), eragile politiko zein ekonomikoak (ureztatzaileen elkarteak, enpresariak). Kontzeptu horrek, funtsean, ibaiari lekua itzultzen dio, eta leku hori ibaiarena dela deritzo, halako moduan non egoera hori aintzat hartzen baita araudietan eta lurralde-antolaketan.

Hiru jardun-ardatz: hezkuntza, arriskuen ebaluazioa eta ibaiarekiko “errespetua”

Hori horrela, jasotzen dituen gomendio teknikoen artean honako hauek daude: goraldien balioan eta arriskuaren kulturan heztea; prestakuntza teknikoa ematea kudeaketa printzipioei eta lurralde-antolaketari buruz, lurzoruaren erabilera definituz ur azpian geratzeko arriskuaren arabera, ibaiari bere lekua itzultze aldera (ibaiaren lurraldea); “lurralde arriskutsua konpentsazioekin” izeneko figura ezartzea; eta hiria hedatzean, ur azpian gera daitekeen eremuak okupatzea eragoztea”.

Presa txikiak ezabatzearen alde ere agertzen da, horrek sedimentuen garraioa eta animalien igaroa hobetuko bailituzke, eta zenbait goraldiren ondorioak saihestuko lituzke uretan gora. Hortaz, arriskua murrizteko beste neurri bat gehiago izango litzateke. Dona Graziakoa eta Ilundaingo Irindegikoa oso egoera txarrean daudela adierazten da, eta ez dutela inongo erabilgarritasunik.

Beste neurri batek ibaiertzetako landaretza hobetzearekin zerikusia du, hartara, paraleloki, landare-espezie exotikoak desagerraraziko lirateke ibai-parke osoan. Bestalde, bideek, ahal den neurrian, ibaiaren dinamika errespetatu beharko lukete. Periodikoki ur azpian gera daitezkeen bideak izan beharko lirateke. Ubidean dagoen egur hila ere kenduko litzateke, eta arrainendako pasabideak egingo lirateke, adibidez.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!