Hiria Atsegin Egiteko Plana martxan jarri zenez geroztik, “hobekuntza nabarmena” izan da Alde Zaharrean, mugikortasuna ardatz duen AZ Ekimenaren aburuz, “oinezko gehiago daude, erosotasun handiagoa, seguruagoa da auzoa eta elkarbizitza askoz hobea”. Auto kopurua gutxitu dela ere gogoan izan dute: planaren aurretik 11.400 auto sartzen ziren egunero-egunero, batez beste, Alde Zaharrean; orain, 6.400 dira.
Dendari batzuen kanpaina
Urrak harrotu ditu Hiria Atsegin Egiteko Planak, izan ere, hainbat dendarik bezero gutxiago dauzkatela-eta, "desertizazioa" salatu dute. AZ Ekimenaren aburuz, ordea, hori ez da hala, eta oroitarazi dute "El Corte Ingles zabaldu zenez geroztik" jaitsi dela denden salmenta, "ez hiria atsegin egiteko planaren ondorioz". Ildo horretan, El Corte Ingles berak planaren kontrako kanpainari atxikimendua eman diola oroitarazi dute.
AZ Ekimena "denda txikien alde dago, dendek biziberritzen baitute auzoa", dena dela, kanpaina hori "guztiz zoritxarrekoa" da.
Eta aurrera begira zer?
Hiria Atsegin Egiteko Plana begi onez ikusten badute ere, informazio kanpaina "zabalago" baten beharra nabarmendu dute AZ Ekimenetik, "herritarrek jakin dezaten Alde Zaharrera iristeko bidea zein den". Halaber, udalari, merkatari elkarteari eta bizilagunei dei egin diete, "AZ Ekimenaren bitartez izandako elkarrizketak berreskuratzeko".
Gainera, udalak biztanleek eta merkatariek proposatutako hobekuntzak eta iradokizunak "modu errazean eta praktikoan" bideratzeko eskatu dute, "parte hartze prozesuan adostutakoak errespetatzarekin batera".
Amaitzeko, zamalanak egiteko eta pertsonak Alde Zaharrera eta Zabalgunera eramateko, "ordutegiak eta tokiak berrantolatzeko" eskatu dute.