Errealitate Sozialaren Behatokiak Nafarroaren erradiografia egin du. Argazki bat atera dio, eta zenbait datu eskuratu. 2017a amaituta, hiruhilabete guztiak kontuan hartuta, bataz besteko datuak eskuratzea ahalbidetu du. Eta oro har, joera onean goazela adierazten dute datuek, nahiz eta, oraindik ere egiteko asko dagoen.
Bereziki Nafarroaren ekonomiari, enpleguari, egoera sozialari eta pobreziari begira jarri da Behatokia. Lehenengo mezua, enpleguari dagokiona: 2017a urte egokia izan zen enpleguaren sorreran.
Enplegua sortu da eta behin behinekotasuna txikitu. Bost parametrok sortu dute joera hori:
- Populazio aktiboa handitu egin da, 5.000 herritar gehiago daude lan adinean.
- 11.200 pertsonak eskuratu dute lana.
- Langabeziak %16.5 egin du behera.
- Aktibitate maila handitu egin da eta dagoeneko ia %60ean kokatua dago.
- Langabezia tasak 2,2 puntu egin du behera.
2007. urtea izan zen daturik onenetakoa utzi zuen urtea. Urte harekiko konparazioa eginda, oraindik 16.800 pertsona okupatu gutxiago daude egun, eta, 17.600 langabe gehiago. Dena dela, hartutako bidea egokia dela uste du Behatokiko kideak eta bide horretatik segitu behar dela nabarmendu du. Izan ere, beste alderaketa bat eginda, 2013a izan zen daturik okerren izan zuen urtea, eta harekin konparazioa egiten bada, 20.600 lagun gehiago ari dira orain lanean, orduan baino. Langabezia 2017an %10,2an kokatu zen.
Langabeziaren argazkia, zein izanen litzateke? Bada, emakumearen aurpegia luke. Izan ere, langabeen artetik, 10etik 6, emakumeak dira. Langabeen %31 45 urtetik gorakoak dira. Eta kezka sortzen duen beste datu bat: denbora luzean lanik gabe daudenen egoera.
Etxebizitzetan sartuko bagina, askoren egoera ez da batere erraza oraindik. 10.700 etxebizitzetan langabezian daude kide guztiak. Beste 7.000tan, ez dute diru-iturri finkorik.
Beraz, esan daiteke, 2017. Urtean lanpostuak sortu direla, jende askorentzat onuragarria izan dela horregatik, baina, on bidean, arreta merezi duten puntu asko daudela: pobrezian erori aurretik landu, hobetu eta bideratu beharrekoak.