Espainiak errekurtsoa aurkeztu du torturak ikertzeko Nafarroako Gobernuaren diru-laguntzen aurka

Euskalerria Irratia 2018ko urt. 30a, 20:06

Ana Ollo kontseilariak berretsi du "egiara heltzeko lehen urratsa" dela torturei buruzko txostena, eta jarraituko dutela halako ikerketak diruz laguntzen.

Ez da lehen aldia torturak ikertzerik ez dutena nahi. Aurretik, Nafarroako Gobernuak onartutako Foru Lege bat ere errekurritua du, 2015ean Poliziaren indarkeria eta eskuin muturreko taldeen indarkeriaren biktimen legea, alegia. Ez zuen zalantzan jarri biktima horiek aitortzea, baizik eta batzorde bat eratzea biktimak zeintzuk izan diren ikertzeko eta ikertu gabeko kasuei arreta eskaintzeko aukera da orain auzitara eraman dutena. Horretarako torturak ikertzeko abian jarritako Foru Gobernuaren diru-laguntza sail baten aurkako errekurtsoa jarri du Espainiako Abokatuen Elkarteak Nafarroako Justizia Auzitegian.

30.000 euroko diru laguntza da, eskuin muturreko taldeek edo funtzionario publikoek eragindako indarkeria aztertzeko baliatu beharrekoa.

Espainiako Gobernuak ulertzen duena da, Legea bera errekurritua dagoenez, Gobernuak diru laguntzaren bidez beste entitateek iker dezatela nahi duela edo ahalbidetu duela.

UPNk eta PPNk eskatuta, agerraldia egin du Nafarroako Gobernuko kontseilari Ana Ollok tortura kasuen gaineko ikerketari emandako diru laguntzei buruz. Torturen inguruan egindako txostenaren edukia, metodologia eta oinarria zein den azaldu dezan eskatu dute.

Hasteko, argi utzi nahi izan du, legea betetzen duen diru-laguntza partida dela. Hiru proiektu aurkeztu ziren diru-laguntza hori jasotzeko proposamena egin zutenak. Horietako bat Euskal Herriko Unibertsitateko Kriminologia Institutuarena da, eta 1960tik gaurdainoko tortura kasuak ikertzeko eskaintza egin du, Proposamenak hiru arlo jorratuko ditu: bildutako dokumentazioaren analisia egingo du, tortura jasan dutela salatu dutenen errolda landuko du, eta, hainbat kasu hartuta, Istanbulgo Protokoloa aplikatuz, salaketen sinesgarritasuna baloratuko du. 17.900 euro jaso ditu. Eta bestea 12.090 euroko laguntza jasoko du Nafarroako Unibertsitate Publikoko Lera ikerguneak, artxibategietan arakatu eta eskuin muturreko taldeen zein polizien indarkeria jasan duten biktima nafarren memoriari buruzko dokumentazioa bilduko du.

Ollok nabarmendu du 2015ean Bakearen eta Elkarbizitzaren aldeko lana abiatu zutela eta horren barnean kokatzen dituela bi lan horiek. ETAko biktimak, 36ko kolpe militarrarenak eta indarkeria politiko eta polizialaren indarkeria aztertzen ari direla. Baina argi izanda, ez dituztela biktimak berdinduko.

Unibertsitateen lana ez dute zalantzan jartzen: zorroztasunez, objektibotasunez eta seriotasunez egiten dituzte adituek lanak. Gobernuek ardura dute egia argitara eramateko.

Era berean, giza eskubideak nork hautsi dituen hitz egiteko askatasuna egon beharko lukeela ere esan du.

Ana Ollok diru-laguntzak emateko erabakia berretsi du, eta iragarri aurrerantzean ere diruz lagunduko dituztela unibertsitateek alor horretan bultzatzen dituzten proiektuak. "Nazioarteko instituzioek eskatzen diguten egiara heltzeko lehen urratsa da hau, etikak eta erantzukizunak bultzatutakoa".

Ollok nabarmendu du tortura kasuak zigortu dituela Espainiako Auzitegi Gorenak, eta antzeko salaketak jaso dituela Europako Giza Eskubideen Auzitegiak ere bere ebazpenetan. Bide batez, Alderdi Popularrari gogorarazi dio alderdiak diru laguntzei jarritako helegitearen ondorioz bertan behera geratu direla German Rodriguezen eta Gladis del Estalen heriotzen inguruko ikerketa proiektuak.

UPNk hartu du hitza, esateko, uste duela kontsentsuz erabaki beharko liratekeela proiektuak egiteko irizpideak eta metodologia. Halako proiektuak ez ditzatela erabili indarkeriak justifikatzeko. UPNko parlamentari Iñaki Iriartek ukatu egin du torturak ikertzearen aurka daudela, baina zehaztu du halako "gai labainetan" adostasuna beharrezkoa dela nork eta nola ikertu erabakitzerakoan. "Ezin dira halakoak erabili demokraziaren izen ona zikintzeko eta esateko Guardia Zibila, Polizia Nazionala eta Foruzaingoa hiltzaile taldeak direla".

Bere aldetik PPko Ana Beltranek galdetu du ea nork dioen tortura egon dela. Egia desitxuratzea, egia alternatiboa sortzea eta faltsutzea leporatu dio Ollori.

Gobernua babesten duten lau alderdiek, ez dute ulertzen non dagoen ikerketaren arazoa. Ikerketa zientifikoa egin nahi da, gertatu zena argitu eta tortura kasuak ikertzeko. Torturarik ez dela izan esatea, gezurrari men egitea dela uste dute, badaudela kasuak errekonozituak eta terrorismoaren aurkako neurri gisa erabili zela tortura, ere bai. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!