7.300 adingabek parte hartu zuten iaz Prebentzio Ekintza Komunitarioko Zerbitzuetako jardueretan

Euskalerria Irratia 2018ko urt. 25a, 08:22

Hiriko zortzi auzotan lan egiten duten beste hainbeste talderen datuak barne hartzen ditu datu horrek, eta 2016. urteari dagokionez, % 37,7 igo da.

Iruñeko Udalak 1,04 milioi euro bideratu ditu komunitate prebentzioko zerbitzuetara. Haur, nerabe eta familiei zuzendutako programa horien bidez herritar horien artean arrisku zein babesgabetasun egoerarik ez egotea bilatzen da. Zerbitzu horiek hiriko zortzi auzotan gauzatzen dira, eta ekimen honi esker, eskola-ordutegitik kanpoko jarduerak egiten dituzte haur eta gazteekin, metodologia partizibatibo baten bidez, hartara haurren eta nerabeen oinarrizko prebentzio eta babes egitura bat gauzatuta auzoetan. 2017an, adingabeendako zuzenean antolatutako jarduerek guztira 7.300 parte-hartzaile bildu zituzten. Horiei elkarte horiek kalean antolatutako hamarnaka ekitaldietan parte hartu zuten milaka lagunak gehitu beharko litzaizkieke. Kopuru horrek % 37,7 egin du gora, 2016an egindako ekitaldietan 5.299 adingabek parte hartu baitzuten.

Komunitate Garapeneko zinegotzi ordezkari Esther Cremaesek eta Alorreko zuzendari Ana Goiak prebentzio-ekintza komunitarioko zerbitzuen 2017ko jarduketen berri eman dute gaur prentsaurrekoan, xede hartuta zerbitzuok egiten duten lana ezagutaraztea –sarritan herritar gehienentzat oharkabekoa da– eta zerbitzu publiko honen kontuak ematea, Iruñeko Udalak 1.043.603 euro bideratu baitizkio 2017an. 2018rako, Udalaren aurrekontuek gastu hori mantentzea aurreikusten dute, zortzi elkarterekin sinatutako kontratuen bidez. Zerbitzua indarrean den auzo bakoitzeko elkarte bana. Halaber, egindako lana udal-teknikari baten bidez indartu da, zeinak ahalbidetuko baititu lan- eta babes-esparru berriak.

Honako entitate hauek egiten dituzte programa horiek: Aldezar elkartea, Alde Zaharrean (133.584,61 euro); Siñar-Zubi komunitate federazioa, Txantrean (140.077,546 euro); Etxabakoitz Bizirik, Etxabakoitzen (117.728,54 euro); Batean Arrotxapeko Elkarteen komunitate federazioa, Arrotxapean (130.055,39 euro); Umetxea Sanduzelai elkartea, Sanduzelain (132.156,65 euro); Bideberri haur eta gazte elkartea, Mendillorrin eta Erripagañan (130.000 euro); Yoar Gazte Elkartea, Milagrosan eta Azpilagañan (130.000 euro) eta Buztintxureando Txuri, Buztintxurin (130.000 euro).

Programaren sendotzea

Egun Prebentzio Ekintza Komunitarioko Zerbitzu izena duten horien jatorria 1995an dago. Garai hartan hiriko auzoetako haur eta gazteendako “hezkuntza proiektuak aisialdian eta denbora librean” izena zuten.

Buztintxuri izan zen udal-zerbitzu honetara gehitu zen azken auzoa, 2017ko udan. Hortaz, prebentzio ekintza komunitarioa duten auzoak zortzi dira. Haur eta gazteak, familia eta ingurunea tartean sartzen dituzten jarduerak gauzatzea da, funtsean, egiten dena, hala nola ludotekak, txangoak, kanpaldiak, familiendako prestakuntza eta auzo bakoitzeko biztanleek berariaz eskatutako jarduerak.

2017an gauzatutako programak, gaingiroki, honako hauek izan dira: parte-hartze soziokomunitarioa; gizarte- eta hezkuntza-laguntza; koordinazio instituzionala (Udaleko gizarte zerbitzuak, ikastetxeak, osasun-zentroak eta beste); komunitateen arteko sare-lana (komunitate prebentzioko jarduera bateratuetan elkarlanean aritzea, Iruñeko Udaleko hainbat Alorrekiko harremanak, auzoen arteko prestakuntza-guneetan parte hartzea, prebentzio ekintza komunitarioko hainbat zerbitzuren arteko koordinazioa, haurrak zein gazteak babesteko komunitate-sareak eta komunitateen arteko sareak gauzatzea, eta haur- zein gazte-eragile komunitarioen prestakuntza); eta ikerketa, garapena, berrikuntza eta prestakuntza.

Egindako jarduerak lau arlotan banatzen dira: kirola, arlo-ludikoa, prestakuntzakoa eta beste batzuk. Kirol-arloan daude mendira txangoak, kirol-eskolak eta kirol anitza. Haien izaera ludikoagatik, nabarmentzekoak dira auzo guztietan dauden ludoteka jarraituak, asteko egun guztietan; oporraldietako ludotekak, udan, Aste Santuan eta Gabonetan; udako kanpaldiak, asteburuetakoak, udako zentroak eta eskolarteko jarduera; Albania, Polonia, Italia, Eskozia eta Espainiako gazteekin egindako gazte-trukea, genero eta aniztasun gaien inguruan; gazte-txokoak; kale-animazioa; eta familiendako zinema.

Prestakuntzaren arloan, honako ekimenak jasotzen dira: eskola komunitarioa, kanpoko prestakuntzak, prestakuntza mistoak, Lehen zein Bigarren Hezkuntzako ikasleendako eskola-laguntza, eta haur zein familiendako laguntza. Beste jarduketa-eremu batzuk dira Europako boluntariotza zerbitzuan parte hartzea, eta haur zein familiendako berariazko laguntza.

Giza baliabideak eta boluntarioak

Egindako gastuaren kontzeptuek prebentzio taldeetako langileria-gastuak jasotzen dituzte (hiru profesional, lanaldi osokoak), jarduera egonkorrak eta unean uneko jarduerak gauzatzea, baita hornikuntzak eta materialak ere. Balantze honetan nabarmentzekoa da jarduerak gauzatzen dituzten giza baliabideen atala: prebentzio ekintza komunitarioko zortzi zerbitzu horietako bakoitzeko hiru profesionalei 676 neska-mutil gehitzen zaizkie, zeinek hainbat jarduera gauzatzen laguntzen baitute.

Izan ere, hasiera batean parte-hartzaile gisa hasten diren gazteetako askok elkarteetako monitore gisa jarraitzen dute helduaroan. Zehazki, 171 boluntario aritu dira Alde Zaharrean; Arrosadía-Azpilagañan, 22; Arrotxapean, 50; Sanduzelain, 48; Txantrean, 72; Buztintxurin, 124; Etxabakoitzen, 42; eta Mendillorri-Erripagañan, 147. 676 boluntarioetatik 365 neskak dira, eta 311, mutilak.

Iruñeko Udalak 70.136 euro jaso ditu Nafarroako Gobernuarengandik 2017an programa horiek finantzatzeko. 2018rako Alorrak ezarritako helburuen artean daude finantzaketa-iturri berriak bilatzea, eta arreta komunitarioko prebentzio zerbitzuak arian-arian hiriko gainontzeko auzoetara hedatzeko lanekin jarraitzea.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!