Nafarroa Garaiko "egoera ezberdinei" erantzunez, aurrematrikulazio kanpainarako hiru dinamika aurkeztu ditu Sortzen elkarteak, denak Ikasle Euskaldun Eleanitzak sortuko dituen hezkuntza ereduaren bueltakoak. Nolanahi ere, Sergio Iribarren Sortzeneko eledunak argitu du ez direla "hezkuntza ereduen arteko lehian" sartuko, baina argi dutela "eredu-zopa" ez dela bidea.
Gauza horrela, D ereduaren alde D ereduan, egun on kanpaina herrialde guztian garatuko dute. Hori da kanpaina nagusia. Helburua, "euskara lau pareten artean ez geratzea" eta euskaldunek hizkuntza erabiltzea.
"Horregatik egin genuen kurtso hasieran etxeko giroan lehenengo hitza euskaraz egiteko aldarria; eskolan, ikasle euskaldun eleaniztunak hezteko komunitatearekin elkarlanean aritzeko norabidea ere marraztu dugu, euskara hezi-gunearen lau pareten artean geldi ez dadin; eta auzoan, baita instituzioetan ere, gure aldarria euskararentzako eremuak irabazteko batu gaitezen izan da", adierazi du Iribarrenek.
Tokiko kanpainak martxan
Sortzen Elkartearen tokiko bi kanpainetako bat, Sakanakoa, Ongi etorri Sakanako herri eskoletara leloduna, bertako eskola bakoitzak egiten duen kanpainaren gehigarri ere badena, eta "euskarazko hezkuntzaren bidez berdintasunean eta elkarbizitzan oinarritutako eskola" aldarrikatzea xede duena.
Haizea dinamikaren bueltan
Aurrematrikulazioari begirako hirugarren kanpaina martxan dagoen eta zabalagoa den Haizea dinamika da, D ereduko lerro berriak sortu diren tokietan garatutakoa. Indarrean dago jada, baina aurrematrikulazio kanpainari begira hiru zutabe dauzka: informazio hitzaldiak, jolas tailerrak euskaraz eta zortzi orrialdeko egunkari bat, Nafarroako hegoaldera D eredua zabaltzeak izandako eraginari buruzkoa.