Nafarroako 10 adin txikikotik 7k Haurren Hortzak Zaintzeko Programaren zerbitzuak erabiltzen dituzte

Euskalerria Irratia 2018ko urt. 22a, 19:46

6 eta 15 urte bitarteko 70.000 adin txikiko sartu ahal izanen dira 2018an programa honetan. Osasun Sailak 2,5 milioi euro baino gehiago bideratzen ditu urtero doako zerbitzu horretara.

2018an, 6 eta 15 urte bitarteko 68.819 haurrek hartu ahal izango dute parte Haurren Hortzak Zaintzeko Programan (HHZP). Nafarroako Gobernuak 1991n jarri zuen martxan programa hori, doako oinarrizko hortz-arreta emateko eta aho-hortzetako osasunaren arloan prebentzio- eta tratamendu-jarduerak egiteko, herritar askok haurrak haginlariarenera eramateko duten oztopo ekonomikoa gaindi dezaten.

Osasun Departamentuak jada bidali dizkie etxera behar duten dokumentazioa (hautatutako haginlariari aurkeztu behar zaion onartze-taloia) eta programari buruzko informazioa jasotzen duen liburuxka bat, bai eta programan parte hartzen duten Foru Komunitateko 52 udalerritako haginlarien zerrenda ere.

Prestazio hauek daude bermatuta: behin betiko hortzetan, edozein motatako hortz-arreta, ortodontzia izan ezik, eta, behin-behineko hortzetan, azterketak, exodontziak eta larrialdi-tratamenduak bakarrik.

Hau da, prozesu hauek sartzen dira: azterketa diagnostikoa; larrialdi-arreta; fisurak ixtea behin betiko hortzetan (iraunkorretan); fluor topikoa aplikatzea, txantxar-arrisku handia izanez gero; hortz iraunkorren obturazioak (enpasteak); behin betiko hortzen endodontziak; hortz iraunkorren tratamendu periodontalak (garbiketak…); hortzak erauztea; hortz-traumatismoen tratamendua hortz iraunkorretan; zenbait tratamendu protesiko hortz iraunkorretan; eta aho-kirurgiako ebakuntzak.

Programak 2,5 milioi eurotik gorako aurrekontua du urtean. Han, Osasunbideko haginlariek eta itunpeko haginlari pribatuek hartzen dute parte, eta batez ere kapitazioan oinarritutako ordainketa-sistema baten bidez ordaintzen zaie.

Aurten, Osasunbideko langileetatik 4 haginlarik hartuko dute parte (Iruñeko Oliveto Kondea Osasun Zentroa, Tutera Ekialdeko Osasun Zentroa eta Lizarrako Osasun Zentroa), eta Osasunbiderekin ituna duten 198 enpresatako 301 profesionalek.

Nafarroako 10 adin txikikotik 7k HHZPren zerbitzuak erabiltzen dituzte

2016an, 47.450 haur artatu ziren HHZPn, hau da, programan sartzeko eskubidea duten herritarren % 70; ehuneko horrek bere horretan jarraitzen du urtez urte.

Bermatutako prestazio nagusien artean, esku-hartze hauek egin zitzaizkien 47.450 paziente horiei:

49.330 azterketa diagnostiko egin ziren, 8.839 fisura itxi ziren, 11.214 obturazio (enpaste) egin ziren, 6.152 aho-garbiketa egin ziren, 470 endodontzia egin ziren, 892 hortz-traumatismo berreraiki ziren, 3.769 esne-hortz erauzi ziren, 1.100 fluorizazio topiko egin ziren, eta 9.930 miaketa erradiologiko egin ziren.

Nafarroako haurrek ahoko osasun ona dute

Esan daiteke Nafarroako haurren ahoko osasunak oso bilakaera ona izan duela azken hamarkadetan, eta autonomia-erkidego guztietatik onena da. Izan ere, beren osasun-sistemetan hortz-tradizio askoz errotuagoa duten gure inguruko herrialdeen parekoa da (hala nola iparraldeko herrialdeak, Alemania eta Erresuma Batua).

Estatistiken arabera, Nafarroan, txantxarraren prebalentzia (txantxarren bat duten herritarren ehunekoa) 1987an 70 izatetik 2007an 28,5 izatera pasatu zen; hortz txantxartuen, falta diren hortzen edo hortz obturatuen batez besteko kopurua, umeko (CAOD indizea), 2,3 zen 1987an, eta 0,63 2007an; eta konpontzeen indizea (hortz txantxartu enpastatuen ehunekoa) 42,17tik 68,90era igo zen aipatutako bi urteen artean.

Zaila da zehazki jakitea zergatik murriztu den horrenbeste txantxarraren prebalentzia aztertutako adin guztietan, eta zergatik jaitsi den CAOD indizea, baina, Aho Hortzetako Osasun Zerbitzuaren ustez, hortzak eskuilatzeko ohiturak hobetzeak zeresan handia izan du:

gaur egun, 10 haurretatik 9k gutxienez egunean behin garbitzen dituzte hortzak; duela hiru hamarkada, berriz, 10etik 7k zuten ohitura hori. HHZPk ere eragin positiboa izan du, batez ere konpontze-indizearen igoera handian (behar bezala tratatuta dauden txantxarren proportzioa).

Haurren aho-hortzetako osasunari eusteko eta hura hobetzeko HHZPk nabarmentzen dituen gomendioen artean, aipatzekoak dira otordu bakoitzaren ostean hortzak pasta fluoratuarekin garbitzea, azukre gutxiago kontsumitzea (batez ere otorduetatik kanpo), eta haginlariarenera azterketa egitera maiz joatea, nahiz eta, itxuraz, arazorik ez eduki.

Uneko urteko taloia jasotzeko zalantza edo arazorik izanez gero, 848429338 telefono-zenbakira deitu daiteke, edo programaren arduradunekin harremanetan jarri, padi@navarra.es helbide elektronikoaren bidez.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!