Euskarazko eskolatzea sustatzeko kanpaina aurkeztu dute Euskarabideak eta Tokiko Entitateek

Euskalerria Irratia 2018ko urt. 19a, 08:14

Hautatu hezkuntza euskaraz, hautatu D eredua lelopean garatuko dute kanpaina, 3 urte haurrak dauzkaten familiei zuzenduta, haurrak euskarazko ereduan inskribatu ditzaten.

Otsailaren 1tik 7ra izanen da aurrematrikulazio kanpaina, eta, horregatik, euskarazko ereduaren berri ematen duen kanpaina aurkeztu dute Euskarabideak eta Tokiko Entitateek. 

"Kanpaina bat dator Euskararen I. Plan Estrategikoarekin (2016-2019), eta euskaldun berriengana zuzentzen den ardatz bat du. Horrela, ardatz horren helburua da euskaraz eskolatzeko aukera orokortzea, seme-alabak hizkuntza horretan ikastea nahi duten Nafarroako familiek aukera hori bermatuta izan dezaten. Halaber, Plan Estrategikoan jasotzen da agente sozial publikoekin nahiz ekimen sozialekoekin batera euskaraz eskolatzearen aldeko komunikazio-estrategia iraunkorrean oinarritutako kanpainak garatzea". Hori da Mikel Arregi Euskarabideko zuzendariak azaldutakoa. 

Pedagogikoa eta eleanitza

D ereduko ikastetxeek "40 urteko esperientzia" dutela nabarmendu du Agoizko alkate Unai Lakok, Tokiko Entitateen izenean, eta azpimarratu, euskaraz gain, gaztelania eta gutxienez atzerriko hizkuntza bat -ingelesa, frantsesa edo alemaniera- ikasiko dutela. "Adituen arabera, D ereduaren egokitasuna komunitateko hizkuntza berezkoetatik abiatzea da, horrek dakartzan motibazioa eta gizartean erabiltzeko aukerak kontuan izanda. Derrigorrezko hezkuntza amaitzean, Nafarroako bi hizkuntzatan komunikatu ahal izatea gizarteratzeko elementu garrantzitsua da", adierazi du. 

Euskarak "hizkuntzen tratamendu integratua" jorratzen dutela adierazi dute, era "trinkoan" lantzen dela eta "irakaskuntzarako ikasleetara egokitutako curriculum-jarduerak" egiten direla, "ikasleen adinaren eta gaitasunaren arabera".

"Atzerriko hizkuntzei dagokienez, curriculum-edukiak lantzen dira komunikazio-metodologiekin, eta, horrela, ikaslea hasieratik hasten da hizkuntza modu aktiboan erabiltzen. D ereduak, irakaskuntza eleaniztuna izanik, atzerriko hizkuntzak sartzea errazten du, ikasleei beste kultura batzuetarako ateak irekiaz", Lakoren hitzetan.

Euskara eskolatik kanpo

Familiek euskaraz ez jakitea ez da "inolako eragozpena". Horra Euskarabideak eta Tokiko Entitateek esandakoa, eta jakinarazi dute, gainera, plataforma digital berria plazaratu dutela, seme-alabei ikaskuntza prozesuan laguntzeko, era.eus.

Euskara aparra bezala gora

Datu zenbait ere eman dituzte 2016ko Inkesta Soziolinguistikotik eratorriak: euskararen ezagutza gora doa gazteen artean. 1991ean, 16 eta 24 urteko gazteen %10a baino ez zekiten euskaraz; orain, 16 eta 24 urte arteko lau gaztetik batek daki, %25a, alegia. 3 urteko umeen matrikulazioaren egoera are hobea da: iaz, %30ak euskarazko ereduan eman zuen izena.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!