Bihar, ostegunarekin, 19:30ean, Iruñeko Planetarioko Tornamira aretoan, Garikoitz Mendizabal eta Aitor Furundarena musikari gipuzkoarrek elkarrekin egindako Bi Poliedro lana aurkeztuko digute, txistuaren eta akordeoiaren sinbiosiaren bitartez tradizioa eta modernitatea uztartzen dituen ikuskizuna. Artistek eurek aurkeztuko dituzte, euskaraz, diskoa osatzen duten gai guztiak.
Kontzertua doakoa da, baina aurrez gonbidapena hartu behar da, ikuskizuna hasi eta ordubete lehenagotik, aretoan bertan. Proposamen honen bitartez hasiera emanen zaio Iruñeko Udalak eta Nafar Ateneoak urtero antolatzen duten euskarazko kultur programazioaren 2018ko zikloari.
Aitor Furundarenak eta Garikoitz Mendizabalek haien instrumentuen arteko sinbiosiaren bitartez espazio berri bat osatzen dute, non obra ezagunak zein konposizio orijinalak topatzen baitira. Erdi Aroko musika, musika barrokoa, hainbat herritako folklorea, dantzak, Sarasate, Vivaldi, Guridi... Musikaren arloan instrumentuak baino interpreteak jartzen ditu mugak. Kontzertura etortzen direnek aukera izanen dute, gainera, txistua eta akordeoiaren gisako instrumentu herrikoien historia ezagutzeko, gertutik eta ikuspuntu praktiko batetik.
Musikariak
Aitor Furundarena konpositore eta akordeoilaria da, 1970ean Ordizian jaioa. Konposizioa Francisco Escuderorekin eta Akordeoia Carlos Iturralderekin ikasi ostean, Parisera joan zen ikasitakoa beste maisu batzuekin hobetze aldera, eta hiru urte geroago, bi arlo horietan lehenengo sariak lortu zituen. Ondoren, Danimarkara joan zen, eta bertan ezagutzak handitu zituen, Kopenhageko Royal Academy of Music delakoan. Nazioko eta nazioarteko hainbat lehiaketatan sariak eskuratu ditu, hala Akordeoiarekin lotuak nola Konposizioarekin; bakarlari gisa aritu da zenbait orkestrarekin, Les jeunes Solistes eta Franziako Orkestra Nazioanalarekin, besteak beste; eta disko ugari grabatu ditu. Gaur egun irakaslea da Musikenen.
Bestalde, Garikoitz Mendizabal Zestoan (Gipuzkoa) jaio zen 1973ko azaroan. Goi-mailako gradua du Txistuan eta karrera amaierako Ohorezko Saria lortu zuen Donostiako Goi Mailako Musika Kontserbatorioan. Euskal Herriko Txistularien Lehiaketan bi aldiz irabazi zuen lehenengo saria, eta 2002an, lehenengo saria eskuratu zuen Errenterian (Gipuzkoa) ospatutako Txistularien Banden Sariketan. Gasteizko Txistularien Bandan parte hartu zuen, eta banda horren zuzendaria ere izan zen. Izen handiko taldeekin aritu izan da, besteak beste Madrilgo Erkidegoko Orkestra Sinfonikoarekin, Madrilgo Udal Bandarekin eta Espainiako Ballet Nazionalarekin; eta kontzertu-areto garrantzitsuetan jo du, hala nola Bilboko Euskalduna Jauregian, Madrilgo Auditorium Nazionalean eta Donostiako Kursaalen. Diskografia zabala dauka, eta gaur egun Bilboko Txistularien Udal Bandako zuzendaria da.