Sustrai Colina: “Badago korriente kontserbadore bat, bai gizartean eta baita bertso munduan ere”

Euskalerria Irratia 2018ko urt. 8a, 11:54

> “Bertsoetan, badago fokua beste gai batzuetan jartzeko grina, baina ez dakit oso erreala den esatea adostasun kultural berri bat sortu dugula”.
> “Finalean, momentu batzuetan gutxi gorabehera egin nahi nuena egitera iritsi nintzen, eta sentsazio hori oso ederra da”.
> “Aitortzen dut tokatu arte zaintza usaintzen ez nuen mundu bat zela, eta behin tokatuta lagundu didala asko gauzak beste leku batetik ikusten”.
> “Luxua da euskal periferian gertatzen ari dena, erakundeetan zein erakundeetatik kanpo”.

Ardatzak periferian jartzeko eskatu zuen Sustrai Colinak, BECeko finaleko azken agurrean. Eta hortxe jarri dugu elkarrizketa honen ardatza, periferian, Urruñan jaio eta Ezkabapean bizi den 2017ko Bertsolari Txapelketa Nagusiko hirugarren sailkatuarekin.

Bertsolaritzan, gai periferikoak erdira ekartzeko batzuen ahalegina ez ezik, gehiengo kontserbadore bat ere sumatzen du Sustraik. Politikan, luxua deritze euskal periferiako indarrari eta kemenari. Zaintzan, mundua ulertzeko ikuspegi periferiko argigarria aurkitu du.

Iruñeko euskaldunon elkarteak, Karrikirik, BECeko zure azken agurrarekin zoriondu du urte berria sare sozialetan. Iruindartu zaren seinale.

Ez dakit hori posible den. Oraingoz esango dugu bisatua eman didatela, eta pasaportearen eskaera geroko utziko dut.

Zenbatean entzun duzu BECeko zure agurra?

Lehen aldia da osorik entzuten dudana. Azken egunotan batetik bestera ibili naiz, kantuan, eta jendearekin egon naiz. Baina saiatu naiz finaleko bertsoak ez entzuten, digestioa aurreragorako uzten, eta babesten neuzkan sentsazio horiek; izan ere, askotan gertatzen dena da mementoak ez dituzula gogoratzen zuk bizi izan dituzun bezala, kontatu izan dizkizuten bezala baizik, edo jendearekin iritsi zaren errelato horren arabera baizik, eta gauzak analizatu ahal izateko nahiago izaten dut nire sentsazio horiek babestu. Horretan aritu naiz egun hauetan.

Garai batean Ipar Euskal Herriko bertsolariek Nafarroako Txapelketan parte hartzen zenuten. Akaso garaia da Bertsolari Periferikoen Txapelketa berreskuratzeko…

Ez dakit garaia den. Uste dut Nafarroako txapelketak bere bidea sendo egiten duela, eta Iparraldeko Xilaba, hasiera batean nahiko gauza desertiko ematen zuena, gero eta gorputz gehiago hartzen ari dela. Bakoitzak bere aldetik funtzionatzen badu, hala utzi beharko ditugu, baina periferiak lotzeko zeregin bat badugu, eta kulturan, bertsoetan, hedabideetan gabiltzanok badugu zereginik horretan.

Amets eta biok goi mailan hasi zinetenean etorri zen zatiketa.

Ez dakit horri lotuta egon zen zuzenean. Orduan erabaki zail bat izango zela uste dut, bai nafarrentzat bai Ipar Euskal Herrikoentzat, tradizio batekin puskatzea beti delako zaila. Eta kasu honetan Nafarroaren ikuspegi bat puskatzen delako, Baigorri Iruñea bezain nafarra baita. Baina uste dut epe luzera begira fruituak eman dituen erabakia izan dela, eta gaur egun bai Nafarroan bai Ipar Euskal Herrian bertsolari multzo hauek badaude zatiketa horiengatik da. Tokiko mugimenduak hauspotzeari mesede egin dio, bidean gauza ederrak galduko baziren ere.

 

“Periferiak lotzeko zeregin bat badugu, eta kulturan, bertsoetan, hedabideetan gabiltzanok badugu zereginik horretan”

 

Urruñan jaioa, zer dela eta bizi zara egun hanka bat Ezkaba mendian jarrita?

Errazagoa izaten da bihotza erroldatzea paperak egitea baino. Nik halaxe hartu nuen lurra Iruñean. Hasieran Alde Zaharrean bizi izan ginen, orain Arrotxapean. Semetxoa haur eskolara eramaten dudanean, goizero egiten dut topo Ezkabarekin, eta arnasa behar dudanean eta denbora daukadanean, bisita egiten diot kaskoari.

Duela zenbat etorri zinen Metropoli Foralera?

Duela bi urte.

Beraz, aldaketaren Nafarroa egokitu zaizu, bete-betean.

Lagunek beti adarra jotzen didate esanez Iruñera etorri nintzenetik hau ez dela lehengoa, aldaketa heldu zela, Barcina joan zela, Katakrak sortu zela. Nik esaten diet ez dudala zerikusirik, baina…

Azken aldian, Euskal Herrian, gertakari politikorik interesgarrienak, periferian: Nafarroako aldaketa, Ipar Euskal Herriko elkargoa…

Hori ematen du. Nik beti daukat sentsazioa periferietan zentroetan posible ez diren gauzak posible direla. Ez dakit den jendeak elkarrekin duen igurtziagatik, eta beste aukerarik ez daukanez horri heldu behar diolako, bai Ipar Euskal Herrian bai Nafarroan, edo den zentroan jendea akomodatzen delako eta bere pasteltxoa neurri batean edo bestean partitzen delako, eta hainbeste ez delako jokoan.

Luxua da gertatzen ari dena, erakundeetan zein erakundeetatik kanpo. Bakearen artisauen kontu hau guztia ikusten duzunean, hotzean pentsatuta, izugarria iruditzen zait. Ipar Euskal Herriko baserritar batek, militante batek eta beste lagun talde batek erakunde armatu baten desarmatzea ahalbidetzea eta orain Frantziako Gobernuarekin presoen gaia lantzen ibiltzea izugarria iruditzen zait. Bizibeharrak sortutako indarra eta kemena. Horrekin aurrera egitea izugarria da. Eta hori momentu honetan periferian dago.

Hanka bat Ezkaba mendian, bestea Arga ibai ertzeko parkean, han semearen gurditxoa bultzatzen hainbatetan ikusi zaitugu.

Oraindik karroarekin aldapa menditsuak igotzeko moduan ez nago, eta ibai ertzean ibiltzen naiz. Niretzat aitatasuna, bere kriki-kraka guztiekin, esperientzia eder bat izaten ari da. Denbora kentzen dit, baina era berean arnasa ematen dit, eta nire lekua zein den erakusten dit.

Hazi eta hezi aldizkarian egin zizuten elkarrizketan zenioen lehentasun eskala birmoldatzen lagundu dizula.

Erabat. Gauzak erlatibizatzen, gauza inportanteak zein diren konturatzen, eta zu kokatzen.

Bada beste gauza bat asko gustatzen zaidana. Ume batekin egun baten faseak aldatzen dira etengabe. Has zaitezke ongi, eta gero okertu, eta gero berriz ongi. Niri orain arte hori ez zitzaidan gertatzen. Eguna gaizki hasten bazen normalena zen gaizki bukatzea, eta ongi hasten bazen ongi bukatzea.  Eta horrek bertsoetarako asko laguntzen dit. Saio bat gaizki hasten baduzu edukitzea esperantza bigarren zatian hobetuko duzula. Edo ongi bazoaz jakitea oker daitekeela, alarma hori edukitzen.

 

“Periferietan zentroetan posible ez diren gauzak posible dira. Ez dakit den jendeak elkarrekin duen igurtziagatik, edo zentroan akomodatzen direlako”

 

Kirmen Uribek halako elkarrizketa batean esan zidan aita izateak asko lagundu ziola jendaurrean lanean dihardugun ego hori apaltzen.

Ume bat aingura bat da. Eta nora itzulia eskaintzen dizu. Eta kanpora begira bizi zarenean, nire kasuan behintzat, nahiko perfekzionista zara, gauzak ongi baino hobeki egin nahi izaten dituzu, badakizulako jendeak zutaz hitz eginen duela, neurri batean epaitua izango zarela, eta orduan nahi izaten duzu zure aurpegi onenarekin epai zaitzaten, edo zuk egin zenezakeen onenarekin balora zaitzaten. Eta ume batek erakusten dizu gauza batzuetan desastrea ere bazarela, edo gauza batzuk hain ongi egin gabe pasa zaitezkeela, eta gurpilak aurrera segitzen duela beti.

Hazi eta hezi aldizkariko elkarrizketan beste gauza interesgarri bat zenioen: umea zaintzeagatik aita cool-a zarela; eta umea zaintzen duen ama, aldiz, inork ez duela cool-tzat.

Horregatik ematen dit pudorea horrelakoei buruz hitz egitea. Konturatzen naiz galdera hauek egiten dizkidatenean dela oraindik ez delako gehiengo baten kontua, eta guk –euskal medioetan egon gaitezkeenok–sentsibilizazio bat badugulako, alternatibo bezala geratzen garela. Baina nire bikotekideari ez dizkiote gauza hauek galdetzen. Ni bezala egoten da umearekin, baina inork ez dio dominarik jartzen. Batzuetan pentsatzen dut ea zer nabilen gai hauei buruz hizketan.

Zaintza, modako gaia bertso saioetan. BECeko finalean hainbatetan aipatu zenuten.

Feminismoak lortu duen gauza inportanteenetako bat da zaintza erdigune batera ekartzea. Eta zaintza hori hainbeste modutan deklina daiteke, umeekiko zaintza, baina baita gurasoekiko zaintza ere. Zaintzarekin gauza asko esplika daitezke: lan mundua, kontziliazioa nola den hiztegietan oso ongi gelditzen den hitz bat baina praktikara eramaten oso zaila dena, dirua, nitasuna. Zergatik ez ukatu: beste norbait zaintzen pasatzen duzun denboran ez zaude zeure buruari eskaini beharko eta nahiko zenukeen denbora eskaintze. Oraintsu irakurtzen nion Eider Rodriguezi elkarrizketa batean zaintzea maitatzea baino askoz zailagoa dela. Egia da. Hor badago mundu bat. Nik lotsarik gabe onartzen dut tokatu ez zitzaidan arte usaintzen ez nuen mundu bat zela, eta behin tokatuta lagundu didala asko gauzak beste leku batetik ikusten.

Orain arte periferikoak izandako zaintza bezalako gaiak bertsolaritzaren erdian jarri dituzue. Idurre Eskisabelek dio euskal komunitatean halako adostasun kultural berri bat ezarri duzuela. 

Ez naiz gai komentario horiei iruzkin bat egiteko. Ikusten dut badaukatela egia puntu bat. Eta ikusten dut hori idazten badute dela hori pentsatzen dutelako. Eta oso ongi iruditzen zait hori pentsatzea. Eta esker oneko sentitzen naiz jende horrekiko. Baina era berean ikusten dut gure jarduna hain dela hauskorra, hain dela bat-batekoa, hain dela detaile txikien arabera norabide bat edo beste bat hartu dezakeen jardun bat, ez naizela kasik atrebitzen hain irakurketa potoloak egitera. Segur aski nahikoa da gai pare batean oker posizionatzea, edo besterik gabe besteak eramatea paretaren kontra aski da zure buruari traizioa egiteko. Eta ez dut nahi nire buruari traizioa egiten diodanean jendeak pentsatzea hori dela ehuneko ehunean pentsatzen dudana. Kantatu dut hori ez nuelako besterik. Edo hori zelako atakatik ateratzeko nuen bide bakarra.

Gauzak ongi ateratzen direnean, bai badago intentzio bat horretarako, badago bestelako gai batzuk ateratzeko grina bat, badago bertsoetan fokua toki jakin batzuetan jartzeko gogo bat, baina gero hortik esatera adostasun kultural berri bat sortzen dugula… Badago ahalegin bat, baina ez da erabat erreala. Han 15.000 lagun daude, beroaldian esandako gauza asko ere bai, eta ez dakit zenbateraino den ispilu orokor bat ispilu hori.

Gogora datorkit Xilabako txapela irabazi berritan esan zenuen garai likidook oso izen polita dutela, baina analizatzen eta kantatzen oso zailak direla.

Oso zaila egiten zait; izan ere, aipatzen den korriente hori badagoela, baina era berean badago oso korriente kontserbadorea, bai gizartean, eta baita bertso munduan ere. Nik txapelketa honetan sumatu dut. Behar bada ez bertsolarien artean, baina bai sare sozialetan.

 

“Niretzat aitatasunak denbora kentzen dit, baina era berean arnasa ematen dit, eta nire lekua zein den erakusten dit”

 

Twitterren sortu zuten Patxi Baikalloren kontuaz ari zara?

Ez horretaz bakarrik. Nik publikoan ere nabaritzen dut badagoela oso errespetagarria iruditzen zaidan hegal kontserbadoreago bat, seguru asi gizartearen edo boto soziologiarekin, gehiengotik hurbilago dagoena, beste adar periferikoago hau baino. Ez gaitezen engainatu. Idurreren artikulua irakurtzen dut, edo beste asko, eta ados nago eta pozten naiz, baina 15.000 lagun dituzunean parean, eta beste ez dakit zenbat milaka telebistan, jada gizartearen soziologia osoago bat aplikatzen da, eta hor bada eskuineko jendea, ezkerrekoa, botorik ematen ez duena… Ez gara hain komunitate txikia eta hain trinkoa. Uste dut denetik dagoela eta hori dela sanoa.

Mamia alde batera utzita, azalari dagokion kritika ere egiten dute, Egañaren osteko belaunaldikoen seriotasunerako, trinkotasunerako, transzendentziarako joera hori dela eta.

Egañaren osteko belaunaldia nahiko termino higatua iruditzen zait, Egañak gurekin ere final mordoa egin duelako, 2009ra arte. Andonik ere jantzi ditu txapelak horrela. Serioegia? Baliteke. Nik ez ditut gauzak parametro horietan neurtzen. Eta betikoa gertatzen da gainera: txapelketatik ateratzen da lagin bat, etiketa bat, orokortu egiten dena. Baina asteroko jardunak bestelakoak dira.

Bestalde, Egañaren finalak hartuko bagenitu bertsolari serio eta transzendentaltzat hartuko genuke. Hor Andoniren abilezia dago. Nik galdetuko nuke 2001etik aurrera Andoni bera ez ote zen Maialenen moldekoa. Bakoitzak egiten du irakurketa nahi duen tokitik. Uste dut Andonik berak aitortu izan duela 2001etik 2005erako tarte horretan bere bertsokera izugarri aldatu zuela, eta Maialenen moldera asko hurbildu zela.

Sentsazioa daukat era berean lehen aipatzen nuen hegal kontserbadore horrek egiten duen komentarioa dela lehengoak hobeak zirela, ez bertsoetan bakarrik, oro har. Eta nik espero dudana da hemendik urte batzuetara, bertsoak, txapelketak atzean utzita dauzkadanean, gai izatea esateko gaur egungoak zein onak diren, eta ez lehengoak hobeak zirela.

Zuzenbide ikasketak egin zenituen. Kazetari lanak egin izan dituzu. Bertsoak uzteko intentziorik, ala?

Oraindik urte on batzuk geratzen zaizkidala uste dut. Eta urte horiek zukutzen saiatuko naizela ez daukat dudarik. Hori da nire bizitzaren hurrengo urteotako apustu edo zutabe inportanteenetako bat. Era berean argi daukat betiko ezer ez dagoela. Eta betiko ezer ez dudala sinatu nahi. Heldu daiteke memento bat, edo nik erabakita edo plazak erabakita, bertsoak bizitzeko beste modu batera eramango nauela. Eta horretarako prestatu egin beharko naizela, beharko dugula denok. Igor Elorzak 42 urte ditu eta txapelketari agur esan dio. Nik 35 dauzkat eta nahi gabe konturatzen zara gauza horiek hurbiltzen direla. Txapelketari agur esateak ez du esan nahi inondik inora plazari agur esatea. Uste dut ni ez naizela Joxe Agirre izango, ez dut uste hil arte plazaz plaza segituko dudanik. Nork daki. Baina ez dut uste.

Maialen Lujanbiok esana du sufrimenduaren txapelketa izan dela hau berarentzat. Asko sufritu duela txapelketa prestatzen.

Nik uste dut txapelketa prestatzen, lanean, Maialenek gozatuko zuela. Sufritu sufritzen da nahi duzulako prestatzen duzun hori egun jakin batean ateratzea. Gero egia da txapelketak asko eskatzen diola zeure buruari.

Arrotxapeko liburutegian jo eta ke ibili zarela esan didate. Zer prestakuntza klase egiten duzu?

Gaien aurrean iritzi bat edukitzea, non kolokatzen zaren, zeure buruaren eta zeure inguruaren erradiografia zehatz eta egoki bat edukitzea, kantatu nahi dituzun gai horiek kantatzeko zein ertz diren eraginkorrenak… Hori dena pentsatuta eta landuta edukitzea beti da onerako. Gero han teknikarekin egiten duzu topo, eta teknika bakoitzak dauka olioztatuagoa edo herdoilduagoa. Lana gehien bat da zeure buruaren eta egin nahi duzunaren kontzientzia edukitzea eta horretarako tresnak ematea zeure buruari. Eta hori ipurdiarekin egiten da, ez dago besterik.

 

“Espero dut bertsoak atzean utzita dauzkadanean, gai izatea esateko gaur egungoak zein onak diren, eta ez lehengoak hobeak zirela”

 

Eta hankekin? Erran nahi baita, egiten al duzu prestakuntza fisikorik?

Ez dut prestaketa fisiko berezirik egiten. Baina bai gustatzen zait fisikoki ongi egotea. Badakit korrika pixka bat egiten dudanean, lo ongi egiten dudanean, astakeriarik jaten ez dudanean gorputza hobeki egoten dela eta hobeki pentsatzen dudala. Baina ez dut serierik egiten, ez naiz makrobitikoa. Pentsatzekoa da edozein bertsolarik edo kazetarik egin dezakeela hori.

Gero txapelketak eskatzen du norbere buruarekin orduak pasatzea, jarrera bat lantzeko, zeure burua autokonbentzitzeko. Eta korrika egiteak horretan laguntzen dit. Korrika, zure indarren %25 gastatu duzunean, burua hasten zaizu esaten “etxera, nekatuta zaude, ezin duzu”. Eta horri kontra egiteak autoestimua igotzen du, eta burua zailtzen du.

Periferia izaten ari da ardatza elkarrizketa honetan, baina bada esaten duenik bertsolariak euskal kultur sistemaren erdian zaudetela, indar posizio batean. Horren aitzinean zer diozu?

Bai onartzen dizut pertsona guztiak gaudela arlo batzuetan hegemoniko eta beste batzuetan periferiko. Bistakoa da. Ni gizonezkoa naiz, zuria naiz, klase ertain altu batekoa… Horrek nahi gabe hegemoniko bihurtzen nau hainbat gauzatan. Beste gauza batzuek, euskalduna izateak edo kulturan jarduteak, bihurtzen naute beste gauza batzuetan periferiko.

Egia da bertsolaritzak mugimendu bat daukala. Mugimendu horren atzean lan ikaragarri bat dago, Bertsozaleen Elkarteak egiten duena. Horrek posizio bat eman dio, bere gauza on eta txar guztiekin. Gauza onak izan daitezke txapelketa bezalako ebento bat egin ahal izatea, edo hezkuntzan ez dakit zenbat ikaslerengana iritsi ahal izatea, edo kanpoko inprobisatzaileekin topaketak egin ahal izatea. Bertsolaritzak prestigio bat dauka egun, euskal kulturaren barruan betiere, hori ukaezina da.

Baina horrek gauza txarrak ere badauzka. Etengabe egiten duzunari begira jendea edukitzeak presio eta ardura handia sortzen du. Eta gauzak ongi egin beharra. Eta estruktura handiak kudeatu beharra. Eta hori ez da hain erraza.

Literatura periferikoagoa da? Ez dakit hori zeren arabera neurtzen den. Oraindik jendeak urtean liburu gehiago irakurtzen ditu, entzuten dituen bertso saioak baino. Eta gainera ez da lehia bat. Nik gure literatoek idazten dituzten liburuak oso gustura irakurtzen ditut, eta asko laguntzen didate bertsoak egiterakoan.

Finalaz apenas hitz egin dugu. Gustura geratu ei zinen.

Bai. Zer hobetua beti ikusten da, puntuazioak hain estu bukatzen direnean zer esanik ez. Baina badakit zer den BECeko final bat haize kontra eta neure buruaren kontra pasatzea egun osoan. Eta hortik oso urrun bili nintzen, eta momentu batzuetan gutxi gorabehera nahi nuena egitera iritsi nintzen, eta sentsazio hori oso ederra da. Atzean daukazun lan hori erakusteko zirrikitutxoa topatzeak asko asebetetzen du eta aurrera begira pilak kargatzen ditu.

Postuak zein pisu du horretan? Politikoki oso zuzenak zarete, baina ez da gauza bera bigarren, hirugarren ala laugarren postuan gelditzea, nahiz eta bi puntu eta erdiren bueltan izan.

Ez, ez da gauza bera. Buruz buruko bat jokatzeak ematen dizu satisfakzio puntu erantsi bat. Baina nik txapelketa aurretik beti esaten dut ezin dela zure lana postu baten arabera neurtu, izan zaitezkeelako bigarren eta zeure buruarekin gustura geratu ez, eta izan zaitezkeelako laugarren eta gustura geratu. Eta horri eusten diot. Txapelketan hori gertatu zait. Finalaurreko bat irabazi nuen, eta ez nintzen neure buruarekin batere gustura geratu. Eta orduan ere esan nuen. Horrek zilegitasuna eta sinesgarritasuna ematen dit orain esaten dudana esateko.

Balirudike estilo liburua duzuela halakoez hitz egiteko. Sarasuaren eta Silveiraren korroskadak faltan sumatzen ditut, batzuetan.

Sarasuaren eta Silveiraren korroskadak oso ongi daude, baina beti bueltatu dira txapelketara. Final batean norbera gustura gelditzen denean, sentsazioa handia da. Nik ere nahiago nuen gustura gelditu eta bigarren egin. Eta ahal izan banu gustura gelditu eta txapeldun izan, are gehiago. Baina kontziente naiz zein maila dagoen, zein jenderekin kantatzea tokatzen zaidan, eta gerta finalera ez sartzea ere.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!